Melenchonek garaipena aldarrikatu du, eta Attal lehen ministroak dimitituko duela iragarri du

182 diputatu izango ditu NFPk; 168, Ensemblek; eta hirugarren geratu da Batasun Nazionala, 143 eskuratuta. Inork ez du gehiengo osorik lortu. «Presidenteak Fronte Popular Berria deitu behar du gobernatzera», esan du Melenchonek.

Fronte Popular Berriaren jarraitzaileak, gaur Parisen. YOAN VALAT / EFE
Edu Lartzanguren.
2024ko uztailaren 8a
07:00
Entzun

NFP Fronte Popular Berria nagusitu da bart Frantziako hauteskunde legegileen bigarren itzulian; 182 eserleku lortu ditu ezkerreko koalizio zabalak. 168 eskuratu ditu Macron presidentearen inguruko Ensemble koalizioak, eta Frantziako Asanblean zuen gehiengoa, 250 diputatukoa, galdu du; erorikoa ez da izan lehen itzuliak iradoki bezain handia.

Batasun Nazionala, aldiz, lehen itzulian nagusitu eta gero faboritoa izanagatik, hirugarren geratu da. Garaipenetik urrun geratu da Marine Le Pen eta Jordan Bardellaren alderdia, eta 143 diputatu izango ditu Frantziako Asanblean. Lehen Asanblean zituen ordezkariak halako bi lortu ditu, halere. Ultraeskuinarekiko beldurrak eta hura gelditzeko deialdiak herritar asko abstentziotik atera dute, eta espero gabeko garaipena eman diote ezkerrari. Alderdi nagusiak, ordea, 289 diputaturen gehiengo osotik urrun geratu dira.

Zundaketen aurreikuspenak ikusita, adierazpenak egin zituen bart gauean Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko buruak: «Presidenteak Fronte Popular Berriari deitu behar dio gobernatzera». Sinbolikoki-edo, La Rotonde Stalingrad jatetxea aukeratu zuen Melenchonek lehen agerraldia egiteko.

«Gure herriak bere kalterako konponbidea baztertu du. RN gehiengo osotik urrun dago». Melenchonen arabera, milioika pertsona «arnasa» hartzen ari dira, «lasaitu ederra» hartuta.

«Lehen ministroak alde egin behar du», esan zuen, gainera, Gabriel Attal aipatuta, eta gaineratu ezkerreko frontea gobernatzeko prest dagoela. Baina ohartarazpen bat egin zion Macroni: fronteak «bere programa besterik ez du ezarriko, eta programa osoa».

Kargua gaur utziko du Attalek

Melenchonen hitzek eragina izan zuten, antza. Attal lehen ministroak iragarri zuen kargua utziko duela gaur, baina ohartarazi jardunean jarraituko zuela «betebeharrak eskatu bezain luze». Macronek 2017tik eduki duen laugarren lehen ministroa da Attal.

Parlamentua sakabanatzeko eta bozak deitzeko Macronek harturiko erabakia deitoratu zuen Attalek: «Nik ez dut sakabanatzea aukeratu, eta ez dut hori zertan sufritu».

Gehiengorik gabe, Frantziak «aurrekaririk gabeko egoera politikoa pairatzen» duela gaineratu zuen, eta Parisen aurki Olinpiar Jokoak jokatuko direla aipatu zuen, eta zehaztu dimisioa aurkeztu arren jardunean jarraituko duela.

RNren porrota

Eskuin muturreko RN taldeko Jordan Bardella buruak porrota onartu zuen. Ezkerreko taldeen batuketari «desohorearen aliantza» deitu zion, eta herritarrei «politika aldaketa galarazi» izana leporatu zien.

Marine Le Penek ohartarazi zuen RNren garaipena «atzeratu besterik» ez dela egin. Eskuin muturraren «itsasaldia igo egin da, baina ez da behar bezainbeste igo oraingoan; halere, jarraitzen du igotzen». Izan ere, Marine Le Penek alderdiaren buruzagitza hartu zuenetik eserleku geroz eta gehiago eskuratu ditu Batasun Nazionalak: 2012an bi, 2017an zortzi, 2022an 89, eta 143 orain, Bardella buru dela.

Macronek ez zuen hitzaldirik egin, baina Eliseoak adierazi zuen presidenteak itxarongo duela «Asanblea berregituratu arte», «hartu beharreko erabakiak hartzeko».

Fronte Popularraren gobernua?

Lehia estuan zeuden hiru blokeetako batek ere ez du gehiengo osorik lortu, baina aukera emango lukete ezkerraren eta Macronen aldekoen artean gobernatzeko koalizio sendo bat eratzeko. Melenchonek gobernua eskatu bezain laster, baina, horren kontrako ahotsak altxatu ziren Macronen aliatuen artean.

MoDem zentroko alderdiko buru François Bayrourek esan zuen «irudikaezina» zela ezkerreko fronteak gobernatzeko gehiengo bat osatzea. «Inork ez du irabazi», gaineratu zuen, eta Fronte Popular Berriak gehiengo osorik ez duela nabarmendu.

Bide beretik jo zuen Edouard Philippe Horizons alderdiko ordezkariak. Bozekin egoera «argitu» behar bazen ere, emaitzek «indeterminazio handia» eragin dute, haren arabera. Zentroko indarrei eskatu zien itun bat egiteko, egoera politikoa «egonkortzeko». Baina ohartarazi zuen itun hori ezin dela eraiki ez RNrekin, ezta Melenchonen intsumisoekin ere. Macronekin lehen ministro izan zen Philippe.

Renaissance alderdiko buru Stephane Sejournek esan zuen «begi bistakoa» dela Melenchon eta haren aliatuek «ezin dutela Frantzia gobernatu». Philippek bezala, gehiengorik ez dagoela nabarmendu zuen, eta bere alderdiak baldintzak jarriko dituela edozein elkarrizketa hasteko. Baldintza horien artean jarri du Ukrainari Errusiaren aurka sostengua ematen jarraitzea.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.