Presidentetzarako bozak Kolonbian. Lehen itzulia

EZKERRA, AGINTEA ESKURATZEKOTAN

Gustavo Petrok eta Francia Marquezek osaturiko ezkerreko hautagaitza da faboritoa Kolonbian irabazteko; sektore horrek lehenbiziko aldiz lortuko luke agintea. Zenbait analistak diotenez, bake ituna sinatu ondoan bukatu ziren negoziazioek garai aldaketa bat ekarri dute gizarte osoarentzat.

Federico Gutierrez Fico, kanpainako ekitaldi batean; eskuineko hautagaien artean berak du bigarren itzulira igarotzeko aukera gehien. M. DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun

Martxoaren 13an, Kolonbiak akabaila eman zion gobernu zentrista eta kontserbadoreak hautatzeko tradizio luzeari, Kongresuko gehiengoari dagokionez behinik behin. Herrialdearen historian lehenbiziko aldiz, Itun Historikoa ezkerreko koalizioak eskuratu zituen boto gehien, eta hark izanen ditu eserleku gehien Senatuan —Gustavo Petro presidentetzarako hautagaia da koalizioko kiderik ezagunena—. Emaitza horiek inarrosi egin dituzte Kolonbiako botere dinamikak, herrialdearen historian eskuineko eta zentroko gobernuak bakarrik izan baitira agintean, txandaka, eta, halaber, espektatiba handiak sortu dituzte; izan ere, bake akordioen arloan orain arte abiarazitako gobernu politikek porrot egin dute, eta ez dute lortu hilketak, sarraskiak eta desplazamenduak eragoztea, ezta indarkeria, gosea eta eskualdeetako istiluak desagerraraztea ere.

Gustavo Petrok eta Francia Marquezek osaturiko ezkerreko hautagaitza —presidenteorde izateko hautagaia da Marquez— lehen postuan ageri da inkesta guzietan, eta gaur lehiatuko da bertze alderdiekin. Funtsean, hauek izanen dituzte aurkari nagusiak: Federico Gutierrez eskuineko hautagaia, Kolonbiaren Aldeko Taldea koaliziokoa, eta Rodolfo Hernandez, Ustelkeriaren Kontrako Agintarien Ligakoa. Orain arte, Gutierrez bigarren postuan ageri zen inkestetan, baina, azken datuen arabera, Hernandez gero eta hurbilago du. Hain zuzen, inkesten arabera, Petrok eta Marquezek ez dituzte lortuko boto aski lehenbiziko itzulian irabazteko; nolanahi ere, ikusi beharko da martxoaren 13an bozkatu ez zuten lau milioi lagunek —35 milioi deituak zituzten denera— zer eginen duten gaur.

Zenbait analistak diotenez, 2012an hasi eta 2016an Habanako bake akordioa sinatu ondoan bukatu ziren negoziazioek garai aldaketa bat ekarri zuten Kolonbiako gizarte osoarentzat. Aldaketa horiei kontra egin dietenek ere beren apeten ondorioak jasan behar izan dituzte, bai eta gerra logikei uko egin nahi ez izateak eragindako ondorioak ere.

«Urteak dira Kolonbian funtsezko aldaketa politiko bat gertatzen ari dela. 2016ko akordioa herriaren garaipen bat izan zen; mobilizazio soziala bultzatu zuen, eta hauteskundeetan sektorerik progresistenak gailentzea eragin», azaldu du Ivan Cepedak, Itun Historikoa koalizioko senatari eta bakearen eta giza eskubideen defendatzaileak.

ESKUINA

Uribismoa, hau da, Alvaro Uribe presidente izandakoaren inguruan biltzen diren indarren multzoa inoizko boladarik txarrenean da. Segurtasuna, FARCen kontrako borroka eta herriaren subiranotasuna izan ziren haren aldarri nagusiak mende honen hasieran, herrialdean indarkeriak goia jo zuen garaian, eta, aldarri horiei esker, hainbat jarraitzaile erakarri zituen.

Alabaina, egun, FARC ez da ia existitzen, eta Zentro Demokratikoak, hots, hala Uribe nola Ivan Duque egungo presidentea biltzen dituen alderdiak ez du bete inondik ere esperotakoa segurtasunari dagokionez, ez eta hamaika eskaera soziali dagokionez ere; horren guziaren ondorioz, uribismoa bere historiako krisirik handienetako batean murgildua da.

Martxoaren 13an, presidentetzarako hauteskundeetako lehiakide nagusiak nor izanen ziren argitzeko alderdien arteko kontsultetan, Federico Gutierrez Fico-k 2,1 milioi boto lortu zituen; hala, Kolonbiaren Aldeko Taldea koalizio kontserbadoreari gailendu, eta eskuinaren hautagai bilakatu zen.

Ficori ez dio mesede egin uribismoak bere alde egin izanak, mugimendu horrek sinesgarritasuna galdua baitu, hala ekonomia arloan emaitza hagitz txarrak izan dituelako, nola bake akordioen ezarpena trabatu duelako.

Edozein modutan, Rodolfo Hernandezek inkestetan nabarmen goiti egin izana da azken egunotako ezustekoa. Izan ere, Hernandezek bildu ditu Sergio Fajardo hautagaiak erakarri ezin izan dituen zentroko boto emaileak. Bertzalde, inkestek adierazten dutenez, Petro eta Hernandez pasatuko balira bigarren itzulira, Gutierrezen boto emaileen %85ek eginen lukete Hernandezen alde.

Azkenean gobernu progresista bat osatzen bada, baliteke bertze gauza bat ere aldatzea: herrialdeak AEBekin izandako harreman historiko estua.

«AEBek eragin erabakigarria izan dute herrialdearen egunerokoan, eta, bi herrialdeen arteko harremanetan, Kolonbiak ez du subiranotasun pizarrik ere izan. Bertzeak bertze, presentzia militar handia ekarri du horrek, bai eta bi herrialdeetako elite politikoek lotura estua izatea ere. Harreman horren funtsezko alderdietako bat drogen aurkako gerra deiturikoa da», azaldu du Cepedak. «Gobernu progresista batek bertzelako harreman bat eraiki beharko luke, gure herrialdearen independentzia gehiago errespetatzen duena, eta integrazio eta lankidetza harremanak sortu beharko lituzke Latinoamerikan, hala nola Mexikorekin, narkotrafikoaren auziagatik, eta Brasilgo gobernu berriarekin, Amazoniaren harira, ekozidio bat egiten ari baitira han».

EZKERRA

Kolonbia da agintean ezkerreko alderdirik izan ez duen Hego Amerikako herrialde bakarra. Inkestek erakusten dutenez, litekeena da oraingoan ezkerreko alderdi bat ailegatzea gobernura, lehenbiziko aldiz.

Yanhass etxearen azken inkesta, hain zuzen, bat dator orain arteko ikerketa gehienek adierazi dutenarekin: herrialde osoko boto emaileen %40k Gustavo Petroren alde bozkatzeko asmoa dute, eta Fico izanen litzateke bigarren, lehen itzulian botoen %21 eskuratuta.

Halaber, inkestaren arabera, kolonbiarren kezka nagusiak ekonomia (%28), ustelkeria (%20), herritarren segurtasunik eza (%14) eta langabezia (%14) dira. Bertzalde, galdekatutakoen %85ek uste dute hirietako segurtasuna ez dela hobetu, eta, are, okertu ere egin dela. Duquek inoizko gaitzespen indizerik handienarekin (%80) bukatuko du agintaldia, bai langabeziari, bai ustelkeriari eta bai herritarren segurtasunari dagozkien gaietan.

Cepedaren iritziz, pobreziaren aurkako borroka gobernuaren programaren funtsezko parte bat da. «Milioika familia miserian bizi dira. Ekonomia produktibo bat nahi dugu, hau da, kapitalismo produktibo bat. Horretarako, ekonomia jarduera ez-emankorrak gainditu beharra dago, hala nola meategietako estraktibismo energetikoa, estatuak zergen bidez bildutakoaren zatirik handiena dakarrena. Abeltzaintza estentsiboa da gainditu beharreko bertze jarduera horietako bat: abeltzaintza mota horretan, espekulaziorako baizik ez da baliatzen lurra, eta ez da modurik elikagaiak ekoizteko. Eta, bukatzeko, narkotrafikoa dago, bertze bi arlo horien ondorioa. Kontua da ekonomia haztea lortu behar dela, eta, aldi berean, herrialdearen arazorik larrienak konponduko dituzten zerga politikak ezarri. Horrez gainera, bakea funtsezko gaia da; klima aldaketaren ondorioak arintzea ere bai, eta, horretarako, ekonomiaren orain arteko ardatza, energiaren sektorea, ordezkatu behar da».

Eskuineko politikek porrot egin izanaren ondorio da ezkerraren garaipena, neurri batean, baina baita gizartea gogaituta egotearen ondorio ere, Kolonbiako herritarrek estatuaren eta gerrillaren arteko konfrontazioa eta indarkeria bizi behar izan baitituzte hainbat hamarkadaz.

Gizartearen ezinegon hori karrikako mobilizazioetan azaleratu da azkenaldian. Hain zuzen, 2019ko azaroaren 21ean lanuzte nazional bat abiatu zuten Duqueren gobernuaren neurri neoliberalen aurka: ordutik aitzinera piztutako mobilizazioak sekula ikusi gabeak ziren Kolonbian, ez baita izan protestarako tradiziorik. Gisa anitzetako mugimenduak, ikasleen elkarteak, feministak, indigenen eta afrikar jatorrikoen komunitateak eta nekazariak karrikara atera, eta manifestazio ugari egin zituzten.

Iaz, pandemiak halabeharrez ekarritako etenaren ondotik, karrikara itzuli ziren, are indartsuago. Urte hartako apirilaren 28an, Eztanda Sozial deiturikoa abiatu zen: milaka lagunek protesta egin zuten Duquek bultzatutako zerga erreformarako proiektuaren aurka, eta, azkenean, presidenteak alde batera utzi behar izan zuen proiektua, nahiz eta ez zuen lortu egoera baretzea horrekin.

Mobilizazio horiek, baina, ez ziren gobernuaren aurkako protestak bakarrik. Are, hainbat hamarkadaz agintean izandako gobernu neoliberalek eragindako atsekabea adierazi zuten manifestariek, politika ekonomiko eta politikoei dagozkien indize guziak okertu bertzerik ez baitzituzten egin. Atsekabe horrek bide eman zion eskaera multzo bati, eta hainbat sektore sozial bildu ziren horien inguruan, bereziki gazteak, zeinek presentzia handia izan baitzuten akordioen garaian, bai eta eztandaren aitzineko mobilizazioetan ere. Txilen Gabriel Boricekin gertatu bezala, gazteen artean lortu du Itun Historikoak babesik handiena.

Mobilizazio sozialari dagokionez, garrantzitsua izan zen jatorrizko hamabost herritako 2.000 lagunek baino gehiagok zortzi hilabetez Bogota hiriburuko parke nazionalean, aire zabalean, egindako kanpaldia ere. Maiatzaren 13an amaitu zen kanpaldia, komunitate horiek eta barrutiko gobernuak akordio bat sinatu ondoan.

Maria Violet lider sozial bat da, Nasa herrikoa, eta parkearen okupazioan parte hartu zuen: «Erresistentzia ariketa bat egin genuen; izan ere, eskualdeetan, hil, bortxatu eta abandonatu egiten gaituzte, eta ez dugu inongo bermerik. Hori dela eta, lekualdatu beharra dugu, baina, hirira ailegatzen garenean, berriz biktimizatzen gaituzte, ez baitute indiarrik nahi hirian. Gure eskubide konstituzionalak errespeta daitezela eskatzen dugu, ez gaitzatela berriz biktimizatu, eta bermeak izan daitezela eskualdeetara itzultzeko».

Violetek arazoetako bat azaldu du: «Zenbat eta errotze kultural eta identitario handiagoa izan, orduan eta txikiagoa da parte hartzea. Hau da, gazteleraz ongi solastatzen direnei bakarrik aditzen diete, eta ama hizkuntzan bertzerik mintzatzen ez direnak, berriz, diskriminatu egiten dituzte. Horrek bultzatu gintuen parkean egotera: erakutsi nahi genuen eskualdeetan pasatzen denaren erradiografia garela».

HAUTAGAIAK

Gustavo Petrok 62 urte ditu, eta hirugarren aldiz saiatuko da presidentetza eskuratzen. Ibilbide luzea egina du Kolonbiako politikan: 17 urterekin, M-19 hiri gerrillan sartu zen. Ekonomia ikasketak egin zituen, zinegotzia izan zen, eta preso ere egon zen, lur batzuen okupazioa zuzentzeagatik.

Diputatu hautatu zuten 1991n, baina, 1994an, haren alderdiak babesa eskatu zion estatuari zenbait militanterentzat, eta, beraz, Belgikara bidali zuten, agregatu diplomatiko gisa; han, espezializazio bat egin zuen ingurumen arloan, hau da, bere agenda politikoko gai nagusi batean. 2011n, Bogotako alkate aukeratu zuten, eta, orduz geroztik, haren ospea handitu bertzerik ez da egin.

Hala ere, presidentetzarako hauteskunde hauetan, Francia Marquez presidenteorde izateko hautagaiari so daude denak. Lider sozial ezaguna da, afrikarren ondorengoa eta feminista, eta lurraldearen eta ingurumenaren defentsa hartu ditu bere hautagaitzaren ardatz gisa. Suarezen sortu zen Marquez, Cauca departamenduan, ama ezkongabea da, eta ogibidez abokatua.

Bada, martxoan, aurkeztu ziren koalizio guzien primarioetan, gehien bozkatutako hautagaietan hirugarrena izan zen, eta baliteke Kolonbiako lehenbiziko presidenteorde beltza izatea.

Hala pentsatua ez zuen arren, Petrok presidenteorde izateko hautagai gisa jarri behar izan zuen, halabeharrez, martxoko primario horietan 800.000 boto lortu baitzituen. 1997an, Marquez Komunitate Beltzen Prozesua antolakundean sartu zen, eta, ordutik, borrokan dihardu arrazakeriaren, patriarkatuaren eta estraktibismoaren aurka.

Marquezen hautagaitzak sektore feministen, ingurumena babestearen aldekoen eta gazteen botoak bildu ditu, eta, hain zuzen, Marquezengatik ez balitz, horiek guziek ez zuketen Petroren alde bozkatu izanen. Marquezek debekatua du hainbat lurraldetan sartzea kanpainako biran, sortu zen eskualdea barne, ihes egin behar izan baitzuen handik, heriotza mehatxuak egin zizkiotelako.

ITUN HISTORIKOA

Testuinguru horretan, Itun Historikoa koalizioak, Petro buru duela, kontuan hartu ditu herritarren askotariko eskaerak, eta horiekin hobekien ezkontzen den alternatiba eskaini. Itun Historikoak alderdi eta mugimendu anitz biltzen ditu, zentro-ezkerretik hasi eta joera erradikalizatuetaraino.

Bakea eta demokrazia sendotzea dute helburu, baina ez dute programa iraultzaile bat proposatu, inondik ere. Petro buru duen gobernu bat osatzen baldin bada, hauek izanen dira haren erronketako batzuk: pentsio eredua erreformatzea, nekazaritza eta zerga sistema erreformatzea, hezkuntza sistema eta osasungintza publikoa hobetzea, eta industria estraktiboaren auzia.

Hala ere, zentroko eta zentro-eskuineko indarrak barne hartzen dituzten aliantzak osatu ezean, ia ezinezkoa izanen da arlo horietan aitzinamenduak lortzea. «Kolonbian, eredu izugarri doilorra ezarri da: itxuraz, demokratikoa da, baina hagitz eraginkorra izan da zernahi aldaketa politiko odoletan itotzeko garaian. Azken urteotan, aldaketa kultural bat izan da, eta horrek bide eman dio aldaketa politiko bati, hainbat hamarkadaz gobernu kontserbadoreak izan ondotik. Gainera, hori guzia gertatu da noiz-eta mobilizazioak piztu direnean eta aldaketa hori beren gain hartzeko indarra duten liderrak daudenean», nabarmendu du Cepedak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.