Ezjakintasunaren harresiak

Amerikako Estatu Batuetan eta Hego Korean indarrik gabe utzi dute GIB birusa duten atzerritarrei herrialdera sartzea debekatzen zien legea; hala ere, 57 herrialdetan indarrean daude oraindik seropositiboen sarrera eragozteko murrizketak.

2010eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Txinako Harresi Handiak zeharkatu ezinezkoa izaten jarraitzen du. Errusia gotortutako Kremlina da, eta Qatar, basamortu debekatua. GIB birusa duten munduko 34 milioi inguru biztanlek aipatu herrialdetara eta beste zortzitara sartzeko debekua dute, eta murrizketak pairatzen dituzte beste 46 herrialdetara sartzeko ere. Hiesa deskubritu zenetik 28 urte igaro direnean, orduan eraikitako ezjakintasunezko harresi askok zutik diraute. Alabaina, gaiak gaurkotasuna hartu du:munduko potentzia nagusi Amerikako Estatu Batuek lotsazko harresiak bota ditu 22 urteren ostean, ateak zabalduz hiesa duten atzerritarrei.

«Aske naiz, aske bidaiatzeko, besarkatzeko, elkarbanatzeko, maitatzeko... (...) Zugana itzultzen naiz, AEB, bizirik eta harro. Bueltan naiz, naizen moduan: GIB positibo». Hogeita bi urteren ostean AEBetara sartuko zen lehen hiesdun atzerritarra poema lehiaketa baten bidez aukeratu zuten. Clemens Ruland herbeheretarra izan zen irabazlea. New Yorkeko JFK aireportuan, haren zain, Immigration Equality erakundeko kideak ziren, Victoria Neilson zuzendaria buru: «Oso pozik gaude aldaketa honekin, eta ospatzen dugu AEBek bat egitea GIB, izurri bat ez, birus baten moduan hartzen duten herrialdeekin».

Debekuaren bukaera, urriaren 30ean iragarri zuen AEBetako presidente Barack Obamak. Presidenteak onartu zuen betoa «egitateetan baino gehiago beldurretan oinarritutakoa» zela. Neurri horrek, gainera, bestelako ondorioak eragin dizkie AEBei, ez baitituzte azken bi hamarkadetan hiesari buruzko garrantzizko kongresurik hartu. Hortaz, neurriaren indargabetzea bat dator 2012an Washington hiriburuan egingo den Hiesari Buruzko Mundu Konferentziarekin.

Obamak, dena den, aurreko administrazioaren lana gogoratu zuen iragan urriko agerraldi hartan: «Kongresuak eta [George] Bush presidenteak 2008an hasi zuten prozesu hau, eta goraipatu behar ditugu horregatik. Guk egin dugun bakarra lana bukatzea izan da».

AEBak ez dira izan, hala ere, berriki hiesa duten pertsonei bidaiatzeko oztopoak kendu dizkien herri bakarra; Hego Koreak neurri bera hartu du urtarrilaren 1ean. Ekimen horiek ikusita, Unaids Hiesaren Aurkako Nazio Batuen Programako arduradunek euren poza agertu dute: «Bi herrialdeek hartutako erabakiak giza eskubideen aldeko aurrerapauso handiak dira», aitortu du erakundeko zuzendariak. Michel Sidibek, era berean, eskaera egin du «GIBarekin bizi diren pertsonek erabateko mugimendu askatasuna izan dezaten 2010. urtean, horrelako murrizketek ez baitute zentzurik gaur egungo mundu globalizatuan».

57 gaztelu beldurtuak

Guztira 57 herrialde dira oraindik birusa duten pertsonei debekua edo nolabaiteko oztopoak jartzen dizkietenak; Australia, Kuba, Egipto, Ukraina, Lituania, Polonia eta Eslovakia, tartean. Oztopoen artean egon daitezke herrialdean sartzeko erabateko debekua edo egonaldi labur zein luzeagoetarako murrizketak ezartzea. Horren aurka,NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek berak eskatu die agintariei «horrelako neurriak lehenbailehen indargabetu ditzaten».

Unaids elkartean nazioarteko lan taldea sortu zuten, 2008an, GIB zuten pertsonen bidaiatzeko murrizketak indargabetzen laguntzeko. Lan taldeak jasotako datuen arabera, bi dira horrelako neurriak hartzea justifikatzekoherrialdeek erabiltzen dituzten aitzakia nagusiak: osasun publikoaren babesa eta GIBarekin bizi diren pertsonak artatzea eragiten duen kostua. Baina arrazoiak arrazoi, hiesaren tratamendurako taldeak azpimarratu du «murrizketa horiek oinarrizko giza eskubideen aurka doazela; hala nola baztertua ez izateko eskubidearen aurka edo pertsona seropositiboen mugimendu askatasunaren aurka».

Unaidsek gogorarazi izan du hiesa dela munduan bestelako tratu bat jasotzen duen gaixotasun bakarra. Gainera, hiesaren tratamendurako taldekoek debekua arrazoitzeko mezuen zentzugabetasuna ere salatu izan dute: «Aspalditik jakina da birusa kutsagarria izanik ere ezin dela osasun publikoarentzako mehatxagarri izan, pertsona seropositibo baten presentzia hutsarekin ez baitago inor kutsatzerik. Are gehiago, debekurako neurriek osasun publiko beraren aurka joan daitezke; batetik, handitu dezaketelako hiesa duten bertakoen bereizketa, eta bestetik, jatorrizko biztanle askok babes neurriak arindu ditzaketelako, hiesa 'atzerriko arazotzat' hartzeko joeraren ondorioz».

Unaidsen iritziz, murrizketarako arrazoi ekonomikoek ere ez dute inolako oinarririk: «Egungo tratamenduei esker, hiesaz kutsatutako lagunek lan bizitza emankor eta luzea eduki baitezakete, eta estatu hartzailearentzako onuragarri izan daitezke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.