Frantziako presidentetzarako hauteskundeak

Ezinikusia, Macronen nahiz Le Penenen garaipenerako gakoa

Frantziako egungo presidentea jotzen dute faborito inkestek. Hamar punturen aldea ematen diote batez beste. Ezkerreko boto emaileen jokabideak erabakiko du garailea

Herritar bat, Emmanuel Macronen eta Marine Le Penen kartelen aurretik oinez, atzo, Niza ondoko Tourrettes-sur-Loup herrian. SEBASTIEN NOGIER / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Emmanuel Macron ala Marine Le Pen. 2017an bezala, bi hautagai horien arteko lehiak erabakiko du Frantziako hurrengo presidentea nor izango den. Baina gaurkoan indarrak aurrekoan baino parekatuago egongo direla diote iragarpenek. Azken inkesten arabera, Macron egungo estatuburuak sei eta hamalau punturen arteko aldea aterako lioke eskuin muturreko presidentegaiari. Botoa erabaki gabe dutenen kopuruari erreparatuta, ordea, tarte hori ez litzateke nahikoa Macronen garaipena bermatzeko. Beraz, gakoa izango da bi hautagaien proiektuekin identifikatzen ez diren herritarrek zer egingo duten. Macronek eta Le Penek boto emaile horiek konbentzitu beharko dituzte pentsa dezaten, haien politikak arbuiatu arren, bestearekiko ezinikusi handiagoa sentitzeko arrazoiak dituztela.

Balantzak alde batera ala bestera egiten duen, zeresan handia izango dute ezkerreko boto emaileek, hau da, lehen itzulian Jean-Luc Melenchonen alde egin zutenek. Apirilaren 10eko bozketan, 7,7 milioi boto jaso zituen hautagai ezkertiarrak, —9,8 milioi Macronek eta 8,1 milioi Lepenek—. Bada Ipsosek Le Monde egunkarirako egin duen inkestak jasotzen duenez, horietatik herenek argi dute Macron babestuko dutela, bostetik batek Le Penen alde bozkatuko du, eta %45 inguruk ez dute erabaki noren alde egin, abstenitu egingo diren edo boto baliogabea emango duten.

Datuak islatzen du hauteskunde hauetan herritar gutxiago direla, eskuin muturrari Eliseorako bidea eragoztearren, Macron gogoz kontra babesteko prest daudenak. Horietako askok agintari elitista eta harrotzat dute egungo presidentea, jende xehea mespretxatzea leporatzen diote, eta bere erreforma liberalekin, enpresa eta banku handien mesedetara aritzea, herritar arrunten interesen kalterako. Melenchonek berak ez du Macron babesteko eskatu, nahiz eta bere boto emaileei eskatu dien Le Peni «boto bakar bat ere ez» emateko.

Bai Macronek bai eskuin muturreko hautagaiak, biek bideratu dituzte kanpainako azken mezuak ezkerreko boto emaileen boza lortzera. Frantziako presidenteak Figeacen (Okzitania) egin zuen herenegun bere azken agerraldia, ezkerreko indarrek gobernatzen duten Lot departamenduan. Han Macronek nabarmendu zuen Le Penen proiektua «gorrotoan eta herrialdearen zatiketan» oinarritzen dela. Ekitaldian Batasun Nazionaleko buruaren aldeko jarraitzaile batzuek eskuin muturreko indarraren eskuorriak airera bota zituztenean, Macronek esan zuen: «Poztu zaitezte desadostasuna agertzea baimentzen duen demokrazia batean bizitzeagatik. Beste hautagai baten proiektuarekin bestelakoa izango zen kontua».

Baina Macron jakitun da agian ez zaiola aski izango eskuin muturrak elkarbizitzarako izan ditzakeen arriskuez ohartaraztea. Horren erakusle, asteazkenean bi hautagaien arteko eztabaidan, estatuburua arrazismoaz ez xenofobiaz aritu ez izana. Le Peni gogorren eraso zion hark Moskurekin lotura estuak dituela salatu zuenean, edota Europako Batasunaren proiektua desegin nahi izatea egotzi zionean.

Azken agintaldian, presidenteak zenbait krisiri egin behar izan die aurre: Jaka Horien protestei, pandemiari eta Ukrainako gerrari, nagusiki. Macronek adierazi du berak hartutako neurriek ez dutela eragina behar bezain azkar izan, eta erreformen abiada handitzearen alde agertu da.

Le Penek, berriz, baliabide apaleko herritarren bizi baldintzetan ardaztu du kanpaina. Gogor salatu du Macronek erretiroa hartzeko adina 65 urtera atzeratu nahi izatea. «Bizi osorako zigorra» dela esan du. Bestalde, merkataritza librea gaitzetsi du, Frantziako ekoizleak babesgabe uzten dituela argudiatuta, eta klase apalenen eroste ahalmena handitzearen aldeko neurriak agindu ditu.

Le Penen aldaketa

Duela bost urteko kanpainarekin alderatuta, Le Penek aldaketa nabarmenak egin ditu bere diskurtsoan, eta horietako bat da ezkerraren mezuei hurbiltzeko saiakera, baliabide gutxien dituzten herritarrei begirako proposamen ekonomikoen bidez. Era horretara, herritarren kezkak ezagutzen eta frantziarrak babesten dituen agintariaren irudia eman nahi du eskuin muturreko hautagaiak.

Hauteskundeak irabazi ala ez, esan daiteke estrategia horrek dagoeneko emaitzak ekarri dizkiola. Ipsosen inkestaren arabera, Frantziako herritarren %53ren iritziz, Le Penen neurriak egokiagoak dira eroste ahalmena babesteko, Macronenak baino, eta uste dute hautagai egokiagoa delapentsioen, migrazioaren eta segurtasunaren arloko politiketarako ere. Kontuan hartu beharrekoa da eroste ahalmena dela herritarren kezka nagusia (%57), dezenteko aldearekin. Osasun sistema da kezka garrantzitsuenetan bigarrena (%30).

Horrez gain, Le Penek bere diskurtsoaren tonua ere moldatu du, eta 2017ko kanpainan baino hizkera leunagoa erabili du, presidente izateko gai den hautagaia dela irudikatzeko, haren leloak dioen bezala: Estatu emakumea.

Inkesta guztietan aurretik egonagatik, bozkatzearen garrantziaz ohartarazi du Macronek kanpainaren azken orduetan. Gogorarazi du inor gutxik espero zuela Erresuma Batuan brexit-ak irabaztea edo AEBetan Donald Trump Etxe Zurian ikustea, baina hala gertatu zen. «Inkestak ez dira hauteskundeak», esan du Macronek. «Jendeak orain esaten duenak ez du zertan izan 48 ordu barru gertatuko dena». Parte hartzea izango da gaurko bozen beste gakoetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.