Essequiboko lurren inguruko Guyanaren eta Venezuelaren arteko liskarrak ez dira berriak. Dena XIX. mendean hasi zen, Erresuma Batuak Venezuelarenak ziren zenbait lur bereganatu zituenean —Guyana Britainiar Inperioaren parte zen garai hartan—. Hartatik, hainbat prozesu judizial egon dira, eta Guyanaren alde egin dute, baina Venezuelak ez ditu inoiz onartu epai horiek. Iaz tentsioak gora egin zuen, Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak militarrak mugara mugiarazi eta anexioari buruzko erreferendum bat egin zuelako. Argyleko (Grenada) adierazpen bateratuan, iazko abenduan, diplomaziarako bidea ireki zen.
Rafael Badell Madrid (Caracas, 1958) Caracasko Gizarte eta Politika zientzien akademiako zuzendariorde eta Andres Bello Unibertsitateko zuzenbide irakasleak urteak daramatza gaia lantzen, eta argi du Venezuelako Gobernuak «argudioak ondo plazaratuz gero» Nazioarteko Justizia Auzitegian irabazi dezakeela.
Nondik dator tentsioaren azken gorakada?
Guyanako Errepublika Kooperatiboak Venezuela salatu zuen 2018an, Nazioarteko Justizia Auzitegian, Essequiboren lurraldeak direla eta. Nazioarteko Justizia Auzitegiak haren eskuduntzen barruan dagoela iritzi dio, eta Parisko arbitraje sententzia [1899koa, Essequiboko lurrak Erresuma Batuarenak zirela ebatzi zuen] ezeztatzearen inguruan erabakiko duela esan du. Venezuelak ehun urte baino gehiago daramatza hori eskatzen.
Zer erantzun emango du Nazioarteko Justizia Auzitegiak?
Venezuelaren defentsaren araberakoa izango da. Orain arte Venezuelak ez du Nazioarteko Justizia Auzitegiaren jurisdikzioa onartu. Bere horretan mantenduz gero, eta defentsarik zein frogarik —sendoak izan behar dute, gainera— aurkeztu ezean, epaileen erabakiak Guyanaren alde egin dezake.
Jarrera horren ordez, Venezuela prozesura aurkeztu eta Guyanaren aurkako behin-behineko neurriak eskatzen baditu, materialen ustiaketa bere horretan utz dezan epai irmo bat izan arte, erabakia beste bide batetik joan liteke.
Zer aukera daude, beraz?
Parisko arbitraje sententzia ontzat eman dezake. Hala bada, Venezuelak erabakia onartu beharko du. Izan ere, egun Essequibo Guyanaren eskuetan dago, eta mundu zibilizatu batean ezinezkoa da Venezuelak gerra bat hastea Essequibo bereganatzeko. Beldurrez begiratzen diegu munduko hainbat tokitan dauden gerrei, eta ez dut uste munduko eskualde honetan berdin erantzungo dugunik.
Bestetik, arbitraje sententzia baliorik gabe utz dezakete epaileek. Zentzu gehien duen aukera da hori, ezin baita epai hori defendatu motibazio akats baten salaketaren aurka. Aukera sorta bat zabalduko litzateke hor: arbitro berriak ezar ditzake, beste arbitraje sententzia bat eman dezaten, edo aldeei akordio bat lortzeko aukera eman ahal die, aurretik parametro batzuk ezarrita.
«Venezuelak auzitegia onartuko ez balu, edozein negoziaziotan izan dezakeen posizioa gero eta ahulagoa izatea eragingo luke».
Hirugarren biderik badago?
Venezuelak defentsa irmo, serio, arduratsu eta argia eginez gero, Guyanak hausnarketa bat egin beharko du. Agian bi herrialdeak negoziatzera eseri daitezke, Nazioarteko Justizia Auzitegiak epai bat eman aurretik.
Zer argudio eman ditu Guyanak?
Guyanak, bere burua defendatzeko, arbitraje sententziak ez zuela arrazoitua izan behar argudiatzen du. Baina argudio horrek ez du ez hanka eta ez buru. Izan ere, nazioarteko zuzenbidean hartzen diren erabakien kasuan, atzean dituzten argudioek beti izan behar dute arrazoituak. Kasu honetan, ordea, inork ez daki zergatik adjudikatu zitzaizkion Erresuma Batuari 165.000 kilometro karratu.
Zenbat falta da Nazioarteko Justizia Auzitegiaren erantzuna jakiteko?
Urteak ditugu aurretik azken erantzun bat izateko. Datorren apirilaren 8aren aurretik Venezuelak bere argudio eta frogak aurkeztu beharko ditu.
Argylen erabakitakoaren arabera, berriz batu beharko dira bi herrialdeak, martxoan. Zer espero daiteke bilera hartatik?
Nazioarteko Justizia Auzitegiko epaiketari paraleloki doan zerbait da, baina epaiketan Venezuelak dituen jarrerek eta argudioek bilera horien izatea alda dezakete. Venezuelak auzitegia onartuko ez balu —errealitatetik baino demagogiatik gehiago duen hipotesia da—, Nazioarteko Justizia Auzitegia petrolio enpresen interesen pean dagoela esaten jarraituz, esaterako, Venezuelak edozein negoziaziotan izan dezakeen posizioa gero eta ahulagoa izatea eragingo luke.
Bestalde, Nazioarteko Justizia Auzitegian argudio onak aurkeztuta, Argyleko bilerek garrantzi berezia hartuko dute, eta Brasilen rola [prozesuan bitartekari lanak egiten dabil] ezinbestekoa izango da.
«Egun [Venezuelan] dugun defizit demokratikoak genuen izen ona galtzea ekarri du».
Nolakoa izaten ari da nazioarteko erantzuna?
Venezuelak 1960ko hamarkadan zuen nazioarteko izen onak lagundu egin zion. Izan ere, Nazio Batuen erakundeak Erresuma Batua bultzatu zuen Genevako akordioa [1966] sinatzera. Egun dugun defizit demokratikoak, ostera, izen on hori galtzea ekarri du. Estatu Batuek interesa galdu dute aferan, adibidez. Gainera, beste hainbat herrialde Guyanaren alde lerratu dira, eta Venezuela herrialde kolonialistatzat jartzen saiatu dira, baina, benetan, kolonialismoaren biktima bat da.
Nola bizi da Venezuelan Madurok Essequibo bereganatzearen erabakia?
Biztanleriaren %99k ez du arazo politikoa ulertzen; ez baita arazo politikoa, juridikoa baizik. Ez dugu ulertzen zer harreman izan dezakeen Venezuelako erreferendum batek Nazioarteko Justizia Auzitegiaren eskumena den gai batekin. Azken berrehun urteetan diharduen arazo teknikoa da. Are gehiago, gaur egun Venezuelak duen eztabaidagairik garrantzitsuena da.
Essequiboren gaiak venezuelarrak kezkatzen zituen? Jendeak arazoaren berri zuen?
Lurraldearen erreklamazioa venezuelarren buruan egon da betidanik, Parisko arbitraje sententzia eman zenetik. Venezuelarrontzat, lurralde hori Venezuela da: gure mapetan jartzen dugu herrialdearen parte moduan. Gure eskoletan eta unibertsitateetan zabal mintzo gara gaiaren inguruan. Nik berrogei urte daramatzat unibertsitatean irakasle, eta lehen egunetik jorratu dugu Essequiboren erreklamazioa nazioarteko zuzenbide publikoaren barruan.
Zenbait adituren arabera, arrazoi ekonomikoengatik eta politikoengatik bereganatu nahi du Madurok Essequibo. Zer uste duzu zuk?
Ez dut uste Madurok soilik nahi duenik hori. Interes ekonomikoa beti egon da eskualdean, hori da arrazoi nagusia 1822tik. Erresuma Batuak bereganatzen zuen lurraldea handituz zihoan, urrea eta bestelako materialen meatzeak topatzen zituzten heinean. Interes ekonomikoak daude Essequibon, noski, eta ez du ezer txarrik gure baliabideak zaintzeko interes ekonomikoa egoteak.