Guantanamo. Presoak gose greban

Ezinaren garrasiak linbotik

Guantanamoko atxilotze esparruko presoek bi hilabete bete dituzte gose greban; jada 130 dira jateari utzi diotenak, abokatuen arabera166 presoetako batzuek hamar urtetik gora daramatzate esparruan, epaiketaren zain

Ezinaren garrasiak linbotik.
Samara Velte.
2013ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Irla desertua da Guantanamo AEBetako legegintzaren itsasoan. Naufrago dauzkate han 166 gizonezko: erdien agiriek diote kargurik gabe libre behar luketela, baina inor ez da etorri haien bila. Guztiek dakite Barack Obama AEBetako presidenteak duela lau urte hitzeman zuela atxilotze zentroa «urtebeteren buruan» itxiko zuela. Hura hasia da bere bigarren —eta azken— agintaldia ahitzen, baina Guantanamoko presoek berdin jarraitzen dute. Batzuekhamar urtetik gora egin dituzte barruan, AEBetako administrazioaren zalantzen menpeko linbo juridiko batean. Legeak ez die bermerik ematen, eta gelditzen zaien presio bide bakarrari eutsi diote. Duela bi hilabete hasi ziren atxilotze zentroko preso batzuk janariari uko egiten, militarrek euren koranak —liburu sakratuak eta presoen jabetza bakanetakoak— modu txarrean miatu zituztelako. Ordutik, geroz eta kide gehiago batu zaizkio protestari, eta, abokatuen arabera, 166 presoetatik 130 ari dira jada greban.

11 urteko linboa

George W. Bushen gobernuak 2002an zabaldu zuen Guantanamoko base militarreko presondegia, batzorde militarrak «terroristatzat» jotako pertsonak —afganistandarrak eta irakiarrak hasieran, afrikarrak eta hego-ekialdeko asiarrak geroago— behin-behinean preso edukitzeko. 2001eko irailaren 11ko atentatuen ostean «terrorismoaren» aurka zabaldutako obsesioaren keinu esanguratsuenetako bat izan zen.

Lehen hogei presoak 2002ko urtarrilaren 11n heldu ziren Guantanamora. Ordutik ia 800 gatibu igaro dira atxilotze eta galdekatze zentrotik; denak gizonezkoak, eta denak musulmanak. Askok tratu txarrak salatu dituzte, eta giza eskubideen elkarteek behin eta berriz eskatu dute presondegia ixteko. Navi Pillay NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen arduradunak ere hala egin zuen atzo: mugarik gabeko atxiloketek nazioarteko legedia urratzen dutela ohartarazi dio Etxe Zuriari. Gerra krimenengatik epaitu behar ez badituzte, gatibu edukitzea legez kontrakoa dela irizten diote erakunde horiek eta, epaitzekotan, auzitegi zibilek epaitu behar dituztela.

2004ko ekainean, Guantanamoko presoei hainbat eskubide aitortu zizkien AEBetako Auzitegi Gorenak; besteak beste, habeas corpus-a, epe jakin batean epaile baten aurrean agertzeko eskubidea. Orain arte, 800 horietatik soilik sei jo dituzte errudun batzorde militarrek; bost aske daude jada.

Presidentetzara heldu zenean, Obamak ahotan zerabilen promesa handienetako bat zen Guantanamo ixtearena. Lehen agintaldian bete gabe utzi zuen emandako hitza, Senatuko errepublikanoek jarritako oztopoak aitzakia gisa erabilita. Bigarrenerako zintzilik gelditu zitzaion, baina oraingoz ez du asmorik erakutsi auziari heltzeko. Hain zuzen ere, Guantanamoren itxiera prestatzen ziharduen bulegoa itxi egin zuen AEBetako Estatu Departamentuak urtarrilaren amaieran. Horren ardura zeukan Daniel Fried funtzionarioa postuz aldatu zuten, eta Estatu Departamentuko lege aholkularien esku utzi zuten zeregin hori.

Protesta, azken aukera gisa

Bien bitartean, presoak zain daude oraindik ere. Batzorde militar batek deklaratu gabeko gerra batean atxilotutako «legez kanpoko borrokalari etsaiak» dira; «terrorismoa» egozten diete, baina nazioarteko legediak ez du terrorismoa gerra krimentzat jotzen. Nork epaitu ditzakeen ere ez dago erabat argi.

11 urtean, aldatu dira legeak eta promesak, baina ez presoen egoera. Jasotako hitzen jabe ere ez direnei gelditzen zaien azken garrasira jo dute, beraz: gose grebara. Batzuk larri daudela ohartarazi dute abokatuek: norbere gorputzaz gain, galtzeko ezer ez duten konbikzioaz eutsiko diotela protestari. Gosez hiltzen ari den preso baten irudiak erakuts dezake zenbateraino balio dioten hari epaitegiek bermatutako eskubideek.

Abokatuen arabera, greba hasi denetik ez dute koranik miatu, baina horretan berriz hasiko ez direla bermatu arte protestan jarraituko dute gatibuek. Ez aurrera ez atzera dago, hortaz, egoera; soilik administrazioaren erabaki zabalago batek mugiaraz dezake.

AEBetako Gobernuak, hasieran, ukatu egin zuen greba zegoenik ere; gerora, zifra handiagoa eman du egunez egun. Orain, bertsio ofizialak dio 40 direla soilik ura hartzen ari direnak —preso guztien laurden bat litzateke hori—. Obamaren eledun batek martxoaren 28an hitz egin zuen lehenengoz auzi horren inguruan. «Etxe Zuria gertutik ari da jarraitzen Guantanamoko Badiako gose grebalariak», esan zuen Joshua Earnestek. «Atxilotze zentroa ixteko konpromisoari eusten dio administrazioak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.