Angela Valenzuela. Txileko FFFko kidea

«Ezin da klima krisia gainditu herritarrei tiroka ari direnekin»

Valenzuelak Txileko herriaren altxamendua goraipatu du, eta ohartarazi amaitu egin behar direla jendearen aurkako «krimenak». Herritarrak «esnatu» izanaren itxaropena du.

inaki petxarroman
Madril
2019ko abenduaren 10a
00:00
Entzun


Angela Valenzuela ekintzaile ekologista, atzo COP 25 goi bileran. Argazkia: Iñaki Petxarroman

Angela Valenzuelak txalotu egin du Greta Thunbergek hegoalde globaleko gazteei hitza eman izana, haiek baitira krisi ekologikoaren eraginez kalte gehien jasaten ari direnak: «Paradigma berriak sortzen ari gara, eta narratzeko moduak eta pentsamenduak deskolonizatzen». 

Gogor kritikatu duzu Txileko Gobernuaren jarrera. Zer gertatzen ari da zure herrian?

Giza eskubideak urratzen ari dira sistematikoki. Hori dela eta, zur eta lur utzi nau Madrilera iritsi eta ikusteak nola Txileko Gobernua ari den bere aurpegia garbitzen. Gehiegikeriak amaitu egin behar dira. Ezin da klima krisia gainditu herritarrei tiroka ari diren gobernuekin.

Txilek COP25eko presidentetzari uko egin behar zion?

Gizarte erakunde askoren eskaera izan da hori. Uste dut legitimitate handia galdu duela gobernuak gure herrian egiten ari denarekin. Halaber, salatu nahi dut, Txilek COP25a antolatzeari uko egin zionetik, munduko kamerak itzali egin direla, eta ez diotela jaramon gehiagorik egin gure herrian gertatzen ari denari.

Esan duzu, hala ere, Txilekoa munduko beste edozein tokitako egoera izan daitekeela.

Bai, eredu global baten gaitza da. Neoliberalismoa, hain zuzen, klima krisia eragiten ari da, eta, aldi berean, bidea ixten ari da pertsonek bizitza duin bat izan dezaten. Oso pertsona gutxiren artean pilatzen da kapitalaren zatirik handiena. Ezin ditugu babestu herritarrei bake sozialik ematen ez dieten eta planetaren iraupena bermatzen duten ekosistemak agortzen ari diren sistemak. Jendea esnatzen ari da, eta horrek ematen digu itxaropena.

Komunitate indigenen babesa agertu nahi izan duzue.

Bai, ezinbestekoak direlako klima aldaketaren aurkako borrokan, eta salatu behar delako haiek baztertzen dituzten sistema arrazistak. Txilen, adibidez, maputxeek orain dela mende asko pairatu dute sistemaren zapalkuntza. Haien aspaldiko jakituriak argia ematen digu jakiteko nola bizi gaitezkeen naturarekiko errespetuan eta harmonian.

Natura babesten duten indigenen hilketa asko izaten dira Hego Amerikan.

Bai, bereziki Brasilen eta Kolonbian. Izugarria eta nazkagarria da. Txilen ere badira kasuak, ustez beren buruaz besteegin zuten ekintzaileenak, baina badakigu hilketak izan direla. Horregatik eman diegu ahotsa hegoalde globaleko komunitateei, euren bizitza arriskuan jartzen ari direlako. Horregatik, FFFn garbi dugu: mugimendu global bat garen heinean, elkartasun hori helarazi behar dugu.

Zer espero duzue COP25etik?

Erabakiak, klima aldaketa gehien pairatzen ari diren herrialdeak laguntzeko. Eta arazo hau eragin dutenek, hau da, herrialderik boteretsuenek hartu behar dituzte. Horrez gain, amaitu egin behar dira erregai fosilen industrian egiten diren inbertsioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.