Kolonbiako bake prozesua. Elkarrizketa. Piedad Cordoba. Abokatua eta senatari ohia

«Ezezkoak irabaztea oso arriskutsua litzateke Kolonbiarentzat»

Kubako negoziazioetan lortutakoa Kolonbian onartu eta ezarri behar dute, eta Piedad Cordobak oraindik hainbat arrisku daudela uste du, paramilitarren eraso selektiboak, besteak beste.

LEONARDO MUÑOZ / EFE.
Bogota
2016ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Piedad Cordoba (Medellin, 1955) pertsona garrantzitsua da Kolonbiaren historia garaikidea eta FARCen eta gobernuaren arteko bake elkarrizketak ulertzeko. Giza eskubideen babeserako abokatua da. Senatari ohia. Marcha Patriotica mugimendu politiko eta sozialeko kidea. 2010ean gobernuan ardurak izateko 18 urteko debekua ezarri zion Alejandro Ordoñez prokuradore nagusiak, FARCi laguntza ematea leporatuta. Lortutakoa funtsezkoa dela dio, baina geratzen diren arriskuez ohartarazi du.

Zer gogoeta egiten duzu bake akordioei buruz?

Oso garrantzitsuak dira. Konponbideak eskaintzen dizkiote, ez FARCekin dagoen gatazka armatuari, Kolonbia osoari baizik. Konpromisoak lortu dira lehen inoiz lortu ez ziren gaietan; gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean, esaterako.

Zer gehiago lortu edo hobetu zitekeen?

Akordioaren benetako balioa gero ikusiko da. Neurri handi batean Batzar Konstituziogile Nazionala ezartzearen mende egongo da, hark eman beharko baitio itxura hitzartutako guztiari. Gobernua garapen gaietan gehiago inplikatu zedila gustatuko litzaidake, baina hori hauteskundeen bidez lortu beharko da.

Kezkatzen al zaitu galdeketaren aurrean herrialdea zatituta egoteak?

Demokrazia batean normala da batzuk baiezkoaren alde eta besteak kontra egotea. Uste dut baiezkoaren babesa zabala eta oso indartsua dela, eta erraz irabaziko duela. Ezezkoak irabaztea oso arriskutsua litzateke Kolonbiarentzat. Ondorio oso larriak izan litzake, ez bakarrik desmobilizatutako FARCeko gerrillarientzat, baita giza eskubideen alde lanean ari garenontzat ere.

Union Patrioticarekin gertatutakoa errepikatu al daiteke?

Orain bezala gertatu zen hura ere, azken asteetan gertatzen ari diren hilketa selektiboen modukoekin. Oso larria da irailaren 7an gertatutakoa: Cecilia Coicue nekazarien eta indigenen buruzagia hil zuten. Coicuek lurrak dauzka Corinton, Caucan, FARCekoak bilduko diren eremu batean. Horrelako gehiago gertatuko dira, ez badute segurtasuna bermatzen. Estatuaren betebeharra da halako ekintzak saihestea, eta berak dauka boterea horretarako. Indar paramilitarrak zaindu beharko lituzke, giza eskubideen alde gaudenokin egiten duen moduan.

Gerta al daiteke FARCen barruan talderen batek borroka armatuarekin jarraitzea erabakitzea, Frente Primerorekin gertatu zen moduan?

Ez dut uste gertatuko denik, FARCeko agintaritza monolitikoa da. Uste dut ez dela agertuko talde disidenterik. Edozein modutan, hori egunotan erabaki behar dute, Hamargarren Konferentzian.

Gobernuak eta FARCek bake akordioa sinatzeak izango al du eraginik gobernuaren eta ELNren arteko elkarrizketetan? Negoziazio horiek ez aurrera ez atzera daude, hitz egiten ari zirela jakinarazi zutenetik, martxoaren 30ean.

Ahal den guztia egin behar dute ELNrekin abiatutako bake prozesuari heltzeko, bai gerrillak, bai gobernuak, bai gizarteak. FARCek armak utzi eta gero ELNren egoera arazotsua bihurtuko da. FARC gatazkan egon gabe, gerta daiteke gobernuak ekintza armatu guztiak ELNri leporatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.