Bete egin da inkestek iragarritakoa. Txileko herritarren gehiengoak ezetz esan dio eskuinak eta eskuin muturrak diseinatutako konstituzio berriaren testuari. Botoen %99 zenbatuta, %55,7k aurka bozkatu dute, eta %44,2k hura ezartzearen alde egin dute. Hala, indarrean egongo da oraindik ere Augusto Pinochet diktadoreak 1980an ezarri zuen konstituzioa —hirurogei berrikusketa baino gehiago egin dizkiote sistema demokratikoa martxan jarri zutenetik, baina askok uste dute ez dituela asetzen egungo beharrak—.
Gabriel Boric presidenteak berak eta ezkerreko sektoreek zuten eskatua konstituzio proposamenaren aurkako botoa; besteak beste, abortatzeko eskubidean atzera egitea eta migratzaileen aurkako neurri gogorragoak ezartzea jasotzen zuelako. Hala, herrialdeko hamasei eskualdeetatik gehienetan gailendu da nabarmen ezezkoa, hiriburuan batez ere. Alferrikakoa izan da Jose Antonio Kast buru duen Alderdi Errepublikanoak herritarrak euren alde lerratzeko egindako ahalegina. Eskuin muturrak defendatu du konstituzio berriak amaitu egingo lukeela herrialdeko «segurtasunik eza» eta duela lau urteko protestetatik duten «ezegonkortasuna», baina ez dute lortu herritarrak konbentzitzea.
Presidenteak aitortu du «Txileko herriarekin zorretan» geratu dela politikagintza, ez delako gai izan gizarteak eskatutako neurriak adosteko: «Herritarrek elkarrizketak izateko eta ados jartzeko gaitasun handiagoa eskatzen dute, eta lubakietatik ateratzeko. Plebiszitu honen emaitza abisu bat da, garaipen bat baino gehiago. Gehiengoa lortzen duenak bestea hor dagoela ukatzen jarraitzen badu, ez ditugu sekula egingo akordioak beharrezkoak ditugun gaietan».
«Hautesleak moderatuagoak dira, eta argi esan dute elkarrizketa eta gutxieneko neurri komunak nahi dituztela, ez muturrekoak».
CLAUDIA HEISSTxileko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakaslea
Hala amaitu da duela lau urte hasitako prozesua, zeinak helburu zuen Pinocheten garaiko konstituzioa aldatzea. Dena den, Txilen agintean den alderdiak ez du emaitza ospatu. Araudia aldatzeko bigarren saioa izan da hau. Sebastian Piñera presidenteak [2018-2022] egin zuen lehena, herrialde osoa astindu zuten protestak amaitzeko asmoz. Herritarren parte hartzean oinarritutako prozesu bat abiatu zuten orduan, eta, besteak beste, emakumeen, indigenen eta oinarrizko eskubideen aldeko neurriak bildu zituen gehiengo ezkerra zuen batzordeak. Testua hark ere ez zuen herritarren babesa jaso, ordea, eta %61,9k egin zuten haren aurka, 2022an. Ordu hartan, ezkerrak argudiatu zuen ez zutela azaldu proposamena behar bezala, eta eskuinak berak ere kanpaina gogorra egin zuen egitasmoaren kontra.
Lehen saioa amaitu eta berehala abiatu zuten bigarren prozesua. Baina oraingoak ere ez du arrakastarik izan. Txileko Unibertsitateko Zientzia Politikoetarako irakasle Claudia Heissek EFE berri agentziari azaldu dionez, argi geratu da lehen proposamen hura gizartea baino «ezkerrerago» zegoela, eta bigarren hau, berriz, «eskuinerago» geratu dela. «Hautesleak moderatuagoak dira, eta argi esan dute elkarrizketa eta gutxieneko neurri komunak nahi dituztela, ez muturrekoak».
Plebiszitu itxura
Eskuinak eta eskuin muturrak Boricen gobernuari buruzko plebiszitu itxura eman nahi izan diote konstituzioari buruzko bozketari, baina emaitza ez da izan haiek nahi zuten modukoa. Presidentearen alderdiak berak testuaren aurkako kanpainarik egin ez duen arren, ezezko botoa eskatua zuten koalizioko kide diren gainontzeko alderdiek. Haien garaipena, baina, gazi-gozoa izan da, ez baitute lortu Pinocheten konstituzioa indargabetzea.
Oraingoz, ezkerreko mugimenduek baztertu egin dute beste prozesu bat abiatzeko aukera, baita indarrean den araudia erreformatzekoa ere. Michelle Bachelet presidente ohiak argi hitz egin du azken orduetan: «Nahiago dut zerbait txarra, zerbait ezin txarragoa baino».
Bestalde, parte hartzea derrigorrezkoa izan den arren, nabarmena izan da herritarren interes falta konstituzioaren inguruko eztabaidan. Horri buruz galdetuta, adituek berretsi egin dute Boricek berak aitortutakoa, hau da, bestelako kezka batzuk dituztela, eta prozesuak nekatu egin dituela asko.
Egoera ekonomikoa eta hezkuntza dira kezka nagusietako bi. Hamarkada bat darama Txileko ekonomiak hobekuntzarik gabe, eta osasun zerbitzu publikoak larri daude. Hezkuntza arloan, berriz, ez da aldaketarik izan 2006ko protestez geroztik. Hala ere, prozesua modu baketsuan egitea lortu dute alderdiek, eta, gizartea oraindik ere zatituta dagoen arren, alde guztiek iragarri dute lanean jarraitzeko beharra, nahiz eta beste bide batzuetatik izan. Orain, Boricen helburua izango da geratzen zaizkion bi urteetan herritarren babesa berreskuratzen saiatzea, eskuinak bozak irabazi ez ditzan.