Habana. Timoleon Jimenez Timochenko, FARC-EPko (Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak) matxinoen komandanteburua izandakoa, gerrilla legezko talde politiko bihurtu arte. Alderdi politikoa ere FARC da, baina Herriaren Indar Alternatibo Iraultzaile bihurtua. Kolonbiara itzultzear dago, hauteskunde kanpainako buru izateko, bera baita presidentetzarako hautagaia. Habanan bake akordioak sinatu eta urtebetera, kontraesanez betetako aro batean dago Kolonbia. Urte erabakigarria izan daiteke.
Gizon sendoa da Timochenko (Calarca, Kolonbia, 1959), garaiera ertainekoa. Ile motza, bizar zaindua eta ia urdindua. Aurpegi biribildua eta iaz jasandako iskemiatik osatua. Timo deitzen diote gertukoek. Gorputz hizkuntza ikusita, lotsatia dirudi. Poliki eta erretorika handirik gabe hitz egiten du, gaztelania garbi eta sintetiko batean, haren nekazari jatorria eta mendian pasatutako dozenaka urteak agerian utziz.
Urtea bete da bake akordioak sinatu zenituztenetik. Nolako balorazioa egingo zenuke akordioen aplikazioaz?
Habanako akordioetatik urtebetera, esan beharra dago aplikazioa ez dela izan guztiz gogobetetzeko modukoa. Berez, 34 lege sartu behar zituzten Kolonbiako legedian, erabaki politiko huts izateari utz ziezaioten; bada, hirutik bat ere ez dute lege bihurtu. Lege horietako askok behar dute aldez aurretik Kolonbiako Konstituzioa aldatzea. Batzuk onartu zituzten, baina gehiengoa falta da; akordioen aplikazioa zenbaki gorrietan dagoela pentsa daiteke.
Egoera atalka aztertzea komeni da, zailtasunak ondo ulertzeko. Hasteko, lurrak eta legez kanpoko landaketak deuseztatzea.
Hitzartutako lehen puntua, nekazaritzaren erreforma osoa, zatika baino ez da onartu. Akordioen sinatzaileek ulertu zuten nekazaritza garatu behar zela; arriskua dago, ordea, legediak atea irekitzea enpresen garapen handiari bakarrik. Legez kanpoko landaketen suntsiketari dagokionez, legeak egiteko daude; baina deigarriena da gobernuak behin eta berriro errepresioa baliatzen duela landatzen duten nekazarien kontra, akordioetan hitzartutako birgaitze ekonomikoaren eta sozialaren, neurri prebentiboen ordez.
Justiziari eta egiari dagozkien puntuetan ere izan al dira aldaketak?
Egiaren, justiziaren, erreparazioaren eta gertatua berriz ez gertatzeko sistema integrala lege ekintza bihurtu zuten [konstituzioa aldatzeko araua]; botere judizialaren onespena jaso zuen, eta azkenean lege bihurtu zuten. Hori oso garrantzitsua da, daukan eraginagatik. Hala ere, urrats horietako bakoitzean kalte nabarmena egin zioten, bake akordioen kontrako xedapenekin. Bake akordioen zentzuzko aplikazioaren kontrako oposizioak bere jarrera agertu du Kongresuan, Auzitegi Konstituzionalean eta Fiskaltza Nagusian. Neurri handi batean, murriztu egin ditu akordioetako lorpen garrantzitsuak, batez ere Bakerako Jurisdikzio Bereziaren arloan. Aurrera begira, pentsa daiteke eztabaida garrantzitsuak egingo direla gai horiei buruz.
Etengabe hazten ari da gerrillari ohien eta gizarte mugimenduetako buruzagien hilketen kopurua.
Bai. Ironikoa da gerrillari ohien eta gizarte mugimenduetako kideen bizitza bermatzeko neurriei buruz hitz egitea, akordioak sinatu zirenetik hil dituztenen kopurua nabarmena baita. Gauza bera esan dezakegu gerrillari ohien integrazio ekonomikoari, sozialari eta politikoari buruz. Hutsune izugarriekin egiten ari da.
Esandako guztia aintzat hartuta, zer bete da bake akordioetan hitzartutakotik?
Honek guztiak porrot eta iruzur sentsazioa eragin dezake, baina ez gaude prest hala izan dadin. Entregatu genituen arma guztiak eta gure gerra ekonomiako ondasun guztiak. Alderdi politiko bihurtu gara. Gure kide gehienak gaitzeko eta gizartera itzultzeko eremuetan daude, bai ikasketak baliozkotzen eta bai proiektu produktiboak garatzeko prestatzen. Gure zuzendaritzako hainbat kide hirian daude, estatuak eskainitako babesarekin. Udaletarako zerrendak aurkeztu ditugu, eta prest daukagu presidentetzarako hautagaitzaren zerrenda. Aurrerapen solteak dira, bai, baina politikoki oso garrantzitsuak. Bake akordioetako alderdi asko errealitate izaten hasi dira.
Sarritan, nahastu egiten dira armak uztea eta bakea. Zer iritzi duzu bi kontzeptu horien arteko aldeaz?
Guretzat argi dago bake akordioak sinatzeak ez duela esan nahi klase borroka amaitu denik, baizik eta beste norabide batzuetara eraman duela, borroka armatutik kanpo. Gure borrokak eta Kolonbiako herriarenak aurrera jarraituko du, beste eremu batzuetan, bai hitzartutako guztia aplikatzeko, bai sakontzeko. Gure herrialdean demokrazia mugatuta dago, baina eremu zabal bat irekitzea lortu dugu. Protagonista izaten hasi gara aro berri batean, masen borrokan, mobilizazioetan, hauteskundeen moduko legezko borroka moldeetan.
Eta zein dira zuen helburuak borroka eremu berri horietan?
Gure helburua, jakina, ez dira eremu horiek, bere hartan; askoz ere urrunago goaz. Gizartea eta ekonomia eraldatu nahi ditugu, zentzu sozialista batean. Baina badakigu hori ez dugula inoiz lortuko herria jakitun ez bada, antolatuta ez badago eta borroka egiten ez badu. Bide hori aukeratu dugu herrikideen arteko mende erdiko borrokaren ondoren. Ziur gaude bide hori aukeratu behar genuela. Orain, eutsi egin behar diogu.
FARCek Kolonbiako presidente izateko hautagai izendatu zaitu. Zer esan nahi du horrek zuretzat?
Alde batetik, ohore handia da. Inoiz ez nuen pentsatuko halakorik lortuko nuenik; gerra garaian ez zen gure helburu nagusia. Bestetik, erantzukizun handi baten gisan hartzen dut, neurri batean nire bizkar baitago mende erdian estatuaren eta haren politiken kontrako borrokan izan garenaren ordezkaritza politikoa. Esperientzia aberasgarria izango da.
Gerrillari ohi bat, FARC-EPren komandante buru izandakoa, presidente izateko hautagai. Pentsaezina da. Zer esanahi du zuentzat aukera horrek?
Kolonbiako Estatuak bere esku zegoen guztia egin zuen hesi bat eraikitzeko eta gu kolonbiarrengandik urruntzeko, armen indarraren bidez oihanaren sakontasunera bidaliz. Hala ere, ez du lortu gu deuseztatzea. Orain, une historiko bat etorriko da: legezko politika egingo dugu, eta herri eta hirietan herritarrengana iristeko aukera izango dugu. Gauza askori buruz hitz egin beharko dugu, gauzak argitu beharko ditugu, azaldu eta, hala behar bada, baita barkamena eskatu eta erantzukizunak onartu ere. Dena den, azken emaitza ikaragarria da: izaera alternatiboko indar politiko berri bat sortzea, milioika herritarren babesarekin. Kolonbiako politikaren ekuazioak eraldaketahandiak izango ditu, eta kontinente guztian eragin ahal izango du.
Aurreratu al dezakezu zein izango diren zure hauteskunde kanpainaren oinarriak?
Talde profesional bat ari da horretan lanean. Habanako negoziazio mahaian egin genituen proposamenak zabaldu eta osatu nahi ditugu. Aurreratu dezakegu gure plataformaren helburua ez dela izango polemika handiak sortzea edo herrialdea zatitzea, baizik eta herrialde hobe batekin amesten duten ahalik eta ezkonformista gehien biltzea.
Zer arazotan oinarrituko duzue hauteskunde kanpaina?
Gizartearen zapuztutako helburu nagusietan: lan duina, osasuna eta hezkuntza publikoa; eredu neoliberalak gehien kaltetutako sektoreen egoera hobetzea; landaguneetako eta hirietako etxebizitza; armadak, batez ere, komunitatearen aldeko eta elkartasunezko lana egitea; ustelkeriaren eta altxor publikoaren arpilatzearen kontrako borroka, kaltetuen parte hartze zuzenarekin; eta aukera hobeak zientziarentzat, teknologiarentzat, akademiarentzat, kulturarentzat eta kirolarentzat, kolonbiar gehienen premien mesedetan. Azpiegitura ekonomikoek bultzada berria behar dute, batez ere bertako ekoizleei mesede egiteko; baina herrialdearen garapen aukerak zabaltzen dituzten atzerriko inbertsioak baztertu gabe. Premiazkoa da bizitza nazionala demokratizatzea, maila guztietan, eta ahotsa eman behar zaie komunitateei. Lehentasuna eman nahi diegu gai horiei guztiei, betiere ados jartzen saiatuz eta herrialdea aurrera ateratzeko borondatearekin.
Alderdia sortzeko kongresuan trantsizio gobernu bat bultzatzeko proposamena onartu zenuten. Zein izango lirateke era horretako gobernu baten helburuak?
Sortze kongresutik garbi utzi genuen presidentetzarako gure lehen asmoa trantsizio gobernu bat osatzea dela. Gobernu horren helburu nagusia izan beharko litzateke gainditzea Kolonbian bortizkeria tresna politiko gisa baliatzea. Horretarako, gobernu horrek Habanan hitzartua aplikatzen hasi behar luke, herrialdeko gehiengo zabalak herrialde demokratiko baten proiektuan biltzeko. Gerra eta jazarpena Kolonbiako politikatik atera beharko lituzke, eta herrialdea adiskidetze eta kontsentsu bide zibilizatuetatik gidatu.
Behin baino gehiagotan esan duzu FARCek kanpaina politiko bat hasi behar duela, herritarrengana gerturatuz eta herritarrei entzunez.
Horretarako, beharrezkoa da jende askorekin hitz egitea, aurreiritzirik gabe, ikuspegi zabalarekin eta irekiarekin, alderdikeriak eta dogmatismoak alde batera utziz. Hori izango da gure jarrera, etengabe. Gure herrialdeak aurrera egingo du bakarrik gehiengo oso handi batek zehazten eta babesten badu oinarrizko akordio bat, elkarbizitzaren eta bestearen iritziarekiko errespetuaren alde, eraikuntza kolektiboaren alde. Hori da nahi duguna. Gorrotoen eta liskarren garaiak iraganean geratu behar du.
Uste duzu segurtasuna bermatuta dagoela hautagaiek kanpainan parte hartu ahal izateko?
Segurtasun neurriak beti izango dira kezka iturri gurearen moduko herrialde batean. Hala ere, konfiantza dugu estatua gure buruzagiak babesteko egiten ari den ahalegin izugarrian, gure kideen diziplinan eta herrialde hau aldatu nahi dutenen babes irmoan. Gerra garaian arrisku asko izan genituen. Orain, gutxienez pentsa dezakeguna da egungoak askoz ere txikiagoak direla. Egia da fanatiko batzuek ez gaituztela nahi, baina askoz ere gehiago dira uste dutenak bake akordioek ondorio positiboak dituztela eta prest daudenak hura babesteko eta betearazteko, gutxienez horrelako oinarrizko puntuetan.
Eta legez politikan parte hartzeko eta politika egiteko eskubidea, zer?
Hainbat blindatze neurri daude bake akordioentzat eta guk politikan parte hartu dezakegula bermatzeko. Alde batetik, konstituzioaren eta legeen babesa. Aurrera egiten eta hazten ari da, zailtasunekin, baina zabalduko dugu benetan bakea nahi duen jendearekin batera. Bestetik, masen babesa dago, talde politikoen eta sozialen borroka, ez baitaude prest Kolonbian berriro esperientzia odoltsu bat onartzeko.
Zein da gaur egun gerrillari ohien egoera? Zer aukera dituzte gizartean integratzeko?
Gerrillari ohien egoera askoz ere hobea izan zitekeen, baina ez gara asaldatuko. Kontua da egoera hobetzea eta bake akordioetan hitzartu nahi izan genuena bihurtzea. Talde garrantzitsu bat medikuntza ikasten ari da Kuban; beste batzuk hitzartutako segurtasun eskemetan parte hartzen ari dira; ikastaroetan izena ematen; dezente ari dira bigarren mailako ikasketak baliozkotzen; badira nekazaritzan lan egin nahi dutenak... Okerra litzateke esatea pobrezian eta ahaztuta daudela.
Eta zer gertatzen da oraindik preso daudenekin?
Askotan aipatzen dira herrialdeko espetxeetan preso daudenak, baina ona da aintzat hartzea hirutik bi baino gehiago aske geratu zirela eta libre daudela. Ehunka batzuk daude espetxean, eta haien alde borroka indartsua egiten ari gara bertako eta nazioarteko eremu guztietan. Argudio ofizial batzuei ere aurre egiten diegu: ez dute frogatu gerrillariak direnik; zerrendetan sartutakoak dira. Lehen esandakoa esango dizut berriz: guztia da gerra bat hemen; borroka indartsua egiten ari gara klase menderatzaileen kontra. Hainbat konpromiso atera dizkiegu, eta orain borroka egiten ari gara betearazteko. Ziur gaude lortuko dugula; horregatik jarraitzen dugu honetan, atsedenik gabe. Ezerk ez digu atzera eginaraziko; ez gaituzte berriro mendira bidaliko.
Kolonbia hauteskundeei begira. Rodrigo Londoño, 'Timochenko'. FARCen hautagaia presidentetzarako
«Ezerk ez digu atzera eginaraziko; ez gaituzte berriro mendira bidaliko»
FARCeko buruzagi gisa etxe izan zuen oihanetik, beste oihan batera jauzi egin du: politikara, Habanako bake akordioetan sinatutakoa betearaztera eta Kolonbiako presidente izateko hautagaitzara. Egoera gordina dela aitortuta ere, baikor dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu