Ezegonkortasunaren mingotsa

'Iraultza arabiarren' jatorria eta horien ondorioak aztertu dituzte Mikel Aiestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza kazetariek, 'Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak' liburuan. Bideoa albiste barruan.

Mikel Aiestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza atzo Donostian, liburua aurkeztu aurretik. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
2017ko azaroaren 16a
00:00
Entzun

II. Mundu Gerraz geroztik, munduko eremu kaotikoenetakoa da Ekialde Hurbila. Herritarren askatasun egarriari erantzunez, hango eta inguruko hainbat estatutan iraultza arabiarrak deitutakoak piztu zituzten herritarrek 2011n, baina, sei urte geroago, leku are ezegonkorragoa da hura. Eta herritarrei galdetuz gero, erantzuten dute etsita daudela, nekatuta, itxaropenik gabe ia; ahaleginak ez zuela merezi izan esaten dute gehienek. Hala diote Ekialde Hurbileko errealitatea lehen eskutik ezagutzen duten hiru kazetarik: Mikel Aiestaranek (Beasain, Gipuzkoa, 1975), Ane Irazabalek (Arrasate, Gipuzkoa, 1984) eta Karlos Zurutuzak (Donostia, 1971). Haien esanetan, iraultzek ekarritakoek zapore mingotsa dute Yemenen, Sirian, Tunisian, Egipton eta Libian, besteak beste. Iraultzen jatorriak eta ondorioak kontatu dituzte Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak liburuan, BERRIA, Jakin eta Elkarren elkarlanetik sortutako Aleka bildumako laugarren lanean.

Irakeko eta Siriako gerrei heldu die, bereziki, Aiestaranek, eta EI Estatu Islamikoa ere badu hizpide. «Liburua argitaratu, eta kalifa herria amaitu da», nabarmendu zuen atzo Donostian, liburuaren aurkezpenean. Halere, Iranen abiatu du kontakizuna. «Irango matxinoek diote iraultza ez zela arabiarra izan, persiarra baizik». Izan ere, 2009ko ekainean, Mahmud Ahmadinejad Irango presidente ohiaren bigarren agintaldia hasi aurretik, oposizioa kalera atera zen eta liskarrak handiak izan ziren. Mugimendu berdea deitu zitzaion hari.

Baina abiapuntuak gorabehera, Aiestaranek aspalditik ez atzera ez aurrera egiten ez duen gatazka batean jarri du beste foku bat: Palestinan. Jerusalemen bizi da duela hiru urtetik, eta iruditzen zaio Israelen okupazioak «etengabe» egin duela aurrera azken urteotan. Haren ustez, ezin da Ekialde Hurbileko ezegonkortasuna ulertu, Palestinari begiratu gabe. «Hango gatazka konpondu arte, zaila izango da eskualdea egonkortzea». Ekialde Hurbila mila zatitan txikituta dagoen bitartean, «Israel geroz eta indartsuago dago».

2011n Tunisian eta Egipton loratutako protestak eta haren ifrentzuak ditu hizpide Irazabalek. Bi urtez bizi izan zen Kairon, eta iraultzaren «bi ertzak» islatzen dituzte bi estatuek, haren irudiko. Pentsatzen du Egipto «kontrairaultzaren» adibide dela. «Herri matxinadaren nondik norakoak kontatzen genituenean, kazetari askok esaten zuten ez zela nahikoa Mubarak [Hosni, presidente ohia] botatzearekin, erregimen osoak erori behar zuela, bestela ez baitzegoen modurik hutsetik hasteko, demokrazia bat eraikitzeko», azaldu du.

Eta halaxe izan zela ikusi ahal izan zuen, 2013ko uztailean, «estatu sakonak», armadak, Poliziak eta Barne Ministerioak «bat egin» baitzuten Anaia Musulmanak boteretik kendu eta Abdul Fatah al-Sisi jartzeko. «Eta ondoren heldu ziren atxiloketa masiboak, Siriatik iritsi berritako errefuxiatuen kontrako kanpaina, Gazako herritarren aurkako errepresioa...». Beraz, herri mugimendua «zeharo suntsituta» gelditu zen.

Tunisiak esperantzari «zirrikitu txiki bat» uzten ote dion galdetzen dio Irazabalek bere buruari. Baiezkoan dago. «Demokrazia aurrera eramateko, azken urteotan izugarri borrokatu dira mugimendu sozial eta politikoak». Horren emaitza islamismo politikoaren «esperimentu oso-oso ahula» da, Ennahda alderdiak «nolabait» ordezkatutakoa, «ari dena demokraziara egokitzen». Halere, zer gertatuko den ikusteke dagoela iritzi dio kazetariak.

Zurutuzarentzat, «paradoxikoa» da gertatzen dena. «Aipatzen ari gara iraultza arabiarrak, baina azken urteotan ikusi dudan iraultza bakarra Siriako eta Turkiako kurduena da». Badu «radarretik kanpo» geratzen diren gertakariak jorratzeko joera, eta, hortaz, Siriako Kurdistanen, Libian (amagizhak) eta Mendebaldeko Saharan gertatzen ari denari heldu dio liburuan. Haren hitzetan, «litekeena da» Sahara okupatuan piztu izana iraultza, 2010ean. Orduan, oraindik, «Irakera eta Afganistanera», esaterako, jotzen zuten Ekialde Hurbileko eta haren ingurumarietako informazioa lantzen zutenek. «2011ko eztandak dena aldatu zuen».

Urte hartan Libiara heldu zen «paraxutista» gisa, han gerra lehertu zelako. «Gerra haren berri eman genuen, eta ondoren handik alde egin zuten munduko kazetari gehienek, eta ahaztuta geratu da». Zurutuzak, ordea, ez dio utzi hara joateari, eta iruditzen zaio «porrot egindako estatu bat» dela egun. «Urtero joaten naiz, eta geroz eta okerrago daude». Pentsatzen du, dena den, kasurik «mingarriena» Mendebaldeko Saharakoa dela. «Denok eduki dugu hango umeren bat etxean uda pasatzen; jendea ere egon izan da han, errefuxiatuentzako kanpalekuetan...».Azken 40 urteotan gatazka hori «usteldu» egin delakoan dago.

Kanpoko aktoreak

Duela gutxi Egipton egon da Aiestaran, eta orain sei urte Mubarak kargutik kendu ondoreneko itxaropena «itzali» dela baieztatu du. «Itxaropen falta izugarria da. Jendea nekatuta dago». Siria eta Yemenen, berriz, «minduta» daude. «Barruan piztu zuten prozesu bat, baina kanpoko aktore batzuek egoera okertu dute. Puskatutako jostailuak sentitzen dira». Horrek beste gerra batzuk piztu ditu, Siriari eta Yemeni eragin diotenak. «Saudi Arabia eta Iran ari dira jokatzen haien interesen alde».

Egipton, «bizirik irautea» dute helburu bakar herritarrek, Irazabalen hitzetan, eta «izugarri» kostatzen ari zaie. «Mugimendu politiko guztiak errepresioaren uholdeak suntsitu ditu, eta oso zaila da berriro ekitea, berriro ahots berriak sortzea, beti errepresioarekin erantzuten dutenean. Oso nekatuta daude». Tunisian, «emozionalki» suntsituta daude. «Gure ikuspuntutik, esperimentua aurrera doa poliki-poliki, baina egunerokotasunean sufritzen ari dira». Gazteak batez ere: «Haien gaztaroko sei urte galdu dituztela sentitzen dute».

Libian antzera daude, «etsita», Zurutuzak dioenez. Adibide baten bidez esplikatu du: «Lagun bat non zegoen galdetu nuen duela gutxi, eta esan zidaten Europara joana zela txalupa batean. Lehen ez zuten Libiatik alde egiten». Baina duela sei urteko ahaleginak merezi izan zuen? «Libiarrek diote oraindik goizegi dela galdera horri erantzuteko». Aiestaranentzat argi dago «segurtasuna» galdu dutela leku horietan. «Demokrazia, askatasuna, ekonomia... Baina bizitzeko lehentasuna segurtasuna da, eta hori galdu dute; hori gabe ezin da bizi». Ezegonkortasunaren zapore mingotsa du egunerokoak Ekialde Hurbilean.

[youtube]https://youtu.be/isANijnCKxA[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.