Migratzaileak

Antoine de Clerck: «Ezabatzen ari dira postal eder baten irudiarekin bat ez datorrena»

Gobernuz kanpoko 87 erakundek osatzen dute Le Revers de la Medaille. De Clercken esanetan, erruz kanporatu dituzte immigranteak azken hiletan.

Antoine de Clerck, Le Revers de la Medaille plataformako bozeramailea. KRISTINA BERASAIN TRISTAN
Antoine de Clerck, Le Revers de la Medaille plataformako bozeramailea. KRISTINA BERASAIN TRISTAN
Kristina Berasain Tristan.
Paris
2024ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun

Refugee Food erakundeko kidea da Antoine de Clerck (Toulon, Frantzia, 1974). Siriako gerratik ihesi ari ziren pertsonak kontinente zaharrean nola tratatzen ari ziren ikusteak erabaki bat hartzera eraman zuen: «Atzerritar sentitu nintzen ni ere hemen». Lesbosen eta Lampedusan ibili zen lanean, besteak beste, boluntario gisa. Orain, bizitokitik laguntzen ditu migratzaileak: Le Revers de la Medaille plataformako bozeramailea eta koordinatzailea da gaur egun. Stravinsky Iturrian elkartu da BERRIArekin.

Zer da Le Revers de la Medaille?

Irailean plataforma sortzea erabaki genuen, nahiz eta kanpaina honen jatorrizko ideia duela urtebetekoa den. Saint Denisen, iparraldeko barrutian, kirol azpiegiturak egiten ari ziren, besteak beste, hiri olinpikoa eta estadio handi bat: Frantziako Estadioa. Aldi berean, udaberri hartan, bazterreko auzo horietan pertsonak kanporatzeari ekin zioten, tartean okupatutako etxeetan bizi zirenak. Bereziki immigranteak bizi ziren han, paperik gabe daudenak, baina baita egoera zaurgarrian dauden beste pertsona batzuk ere; etxegabeak, sexu langileak, drogaren munduan dabiltzanak... Orotara 4.000 laguni eragin zien lehen operazio hark.

Hori izan zen abiapuntua?

Bai. Prefekturara jo genuen, baina ez genuen erantzunik jaso. Udako oporren ostean, irailean, berriz ere altxatu genuen ahotsa, baina orduan ere txintik ez, beraz, plataforma bat eratzea erabaki genuen. Olinpiar Jokoen harira sortutako mugimendua da gurea. Ohartu ginen operazio horien helburua garbiketa sozial bat egitea zela. Honezkero gobernuz kanpoko ia 90 erakundek egin dute bat plataformarekin. Jakina, inor ezin da poztu txabola auzoak eta okupak egotearekin, baina irtenbiderik gabe geratzen direnean okerragoa da. Hotzean egiten dituzte kanporatzeak, aurretiko diagnostiko sozialik gabe, eta jendea kalean geratzen da.

Izenarekin behintzat bete-betean asmatu duzue.

Bai. Izena perfektua da. Eremu ezberdinetan lanean ari diren erakundeak daude gurean, baina bat gatoz gauza batean: egoera zaurgarrian daudenak babestu nahi ditugu. Erakunde txikiak daude tartean, baina baita handiak ere: Caritas, Medicus Mundi... Litekeena da behin-behineko plataforma bat izatea. Ostiralero elkartzen gara elkarlanean aritzeko.

Zer egin duzue orain arte?

Gertatzen ari dena kontatzen, azaltzen eta dokumentatzen ari gara, propaganda egin gabe. 25 orrialde dituen dokumentu bat egin dugu. Olinpiar Jokoak egitearen alde gaude, baina uste dugu gauzak beste modu batera egin litezkeela. Aukera bat da beste hirietan gertatu dena ez gertatzeko. Parisen 7.000 etxegabe daude. Frantzian 20.000 dira. Bilatu dezagun jende honentzako aterpe bat. Egunero iristen dira immigranteak gurera, eta egin dezaketen gauza bakarra da espaloi batean eseri, prozesu administratibo infinitu bat martxan jarri arte. Udan hamasei milioi turista etorriko dira Parisera. Horiek ez dute leku goxo batean lo egiteko arazorik izango.

Ekintza batzuk ere egin dituzue...

Bai. Presio egiteko modu bat da. Zarata egin dugu, eta gure ekintzek oihartzuna izan dutenean bakarrik agertu dira prest erakundeetako ordezkariak gurekin elkartzeko. Erakunde batek bestera bideratzen gaitu, ministerio batek bestera, gobernuak prefekturara... Olinpiar Jokoetako Batzordearekin ere elkartu ginen, baina esan ziguten beraiek kirol ekitaldi bat antolatzeko ardura besterik ez dutela, ez kalean gertatzen denarena. Izugarria da, baina gaur egun 45.000 polizia daude kaleetan; 30.000 polizia, eta 15.000 militar. Paperik ez dutenek norabidea aldatzen dute uniforme bat ikusten dutenean. Ni neu ere ez naiz eroso sentitzen uniformea duen polizia batekin, beraz pentsa kalean bizi direnak... 

Senaren ertzetan zeuden kanpaleku guztiak eraitsi dituzte.

Bai. Hiriaren erdigunean zeuden kanpaleku nagusiak desegin dituzte, gehienak gauez, edo goizaldean, eta asko eta asko indarkeria erabiliz, bereziki azken hilabeteetan. Kanpin dendetatik aterarazten dituzte, eta zaborra balira bezala tratatzen dituzte. Postal baten irudiarekin bat ez datorrena ezabatzen ari dira; postal eder bat nahi dute bakarrik. Paris munduaren erdigunea izango da Olinpiar Jokoetan. Mundu osoko kazetariak egongo dira, eta luparekin begiratuko gaituzte. Agintariek irudi on bat eman nahi dute.

Baina ezin da errealitatea guztiz ezkutatu, ezta?

Hala da. Immigranteak beste leku batzuetara mugitzen dira. Kanpaleku txikiagoetan ezartzen dira, eta okerrena da askotan denbora behar izaten dugula jakiteko nora joan diren. Gehienak asilo eskatzaileak dira, asko eta asko adingabeak. Janaria eta arropa eramaten diegu, eta osasun arreta eskaini. 

Olinpiar Jokoen atarian gaude. Nolakoa da egoera orain?

Areagotu egin dira operazioak. Ia egunero daude. Polizia leku batera doa, edo eraikin batera, eta bertan daudenak kanporatzen ditu. Gu gaudenean, edo kazetariak eta argazkilariak daudenean, leunago aritzen dira. Aldirietan elkartzen ari dira orain, eta saiatzen ari dira beste hirietara eramaten.

Frantziak immigrazio lege zorrotz bat onartu berri du. Zer iritzi duzu?

Izugarria da. Orain arteko legerik gogorrena da. Kanpaina bat egin genuen legea onar ez zezaten, proposamenak egin genituen, baina, zoritxarrez, azkenean aurrera atera zen. [Emmanuel] Macronen alderdiak legea babestu zuen, ezker hegaleko alderdikide batzuk kontra agertu baziren ere. [Marine] Le Pen pozarren dago. Asanblea Nazionalak etorkinen egoera erregularizatzeko prozedurak are gehiago murriztu ditu. Europan, oro har, ikusten ari garen jarrera da; mugak urruntzen dituzte, kontrol politikak zorroztu eta legeak gogortu. Frontex ere eratu zuten.

Begira Erresuma Batuko deportazio plana ere. Iheslariek milaka kilometro egiten dituzte gerratik, miseriatik edo jazarpenetik ihesi, eta, bi urteko zeharkaldi latzaren ostean, behin gure mugetara iristen direnean, kanporatu egiten ditugu. Basamortua zeharkatu dute. Edo Libia. Ontzi batean sartu dira itsasoa gurutzatzeko. Edo Bangladeshtik etorri dira. Eskubidea daukate, eta, bada garaia gure ikuspuntua aldatzeko ere. Immigranteak ez dira arazo bat; aukera bat dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.