BERRIAk Carme Forcadell elkarrizketatu du, 2015etik 2018ra Parlamentuko presidentea izan zena. Aurrez, ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentea ere izan zen (2012-2015). Hiru urtez egon da preso Kataluniako independentziari buruzko eztabaida eta bozketari, eta 2017ko urriaren 27ko adierazpenari bide emateagatik. 2018an espetxeratu zuten, eta duela gutxi indultua jaso du Kataluniako gainontzeko buruzagi independentistekin batera.
Heldu da askatasuna, baina ez nahi zenuen moduan.
Indultua pozgarria da pertsonalki, baina ez da gatazka politikoaren irtenbidea. Banakoentzako irtenbide bat da, preso guztiok bilatzen genuelako aske izatea, baina amnistia nahi genuen, eta hori lortzeko lanean jarraitzen dugu. Amnistia zera da, gatazka politiko bat dagoela aitortzea eta hura konpontzeko borondate sendoa agertzea. Gainera, amnistiak errepresaliatutako pertsona guztiei eragingo lieke, eta asko dira, baita erbestean daudenei ere. [Espainiako gobernuburu] Pedro Sanchezen mugimendu azkar bat izan da, helegiteak Europako auzitegietara heldu direnean. Europan arrazoia eman digute orain arte, eta horrek indarra ematen dio esateko aurrera egin dela eta onartzeko ez genukeela preso egon behar, baina botere banaketak ez diola besterik egiten uzten. Guretzako, politikoki, adabaki bat da.
39 hilabete preso; zer sentitu duzu aske irtetean?
Sentimendu gazi-gozoa da: batetik, nire familiarekin, nire amarekin oso heldua da egotea, urte hauetan egin izan ezin dudana egitea, baina, aldi berean, irtenbide partzial bat dela sentitzea, eta soilik guretzako, ez erbesteratu eta auzipetu guztientzako. Gure askatasuna ez da osoa; askatasunik eza bakarrik kendu digute, baina ni, esaterako, inhabilitatua nago: ezin dut kargu publiko batean aritu nire zigorrak irauten duen 11 urte eta erdian. Ezingo dut zenbait herrialdetara bidaiatu ere, prozesu honen ondorioz jasotako aurrekari penalak agertuko direlako.
Justiziaren kritika egin duzu bi ikuspegitatik: nola eragiten dien emakumeei eta nola erabili duten independentismoaren aurka.
Espetxea bidegabea da, justizia ez delako guztientzako berdina; hori begien bistakoa da. Ni sartu baino lehenago bezain errepublikazale, independentista eta ezkerrekoa naiz, baina feministagoa irten naiz, egiaztatu dudalako nola eragiten dien justiziak emakumeei. Desberdin tratatzen dira emakumeak eta gizonak, edo baliabide ekonomikoak dituztenak eta ez dituztenak. Legea badago, baina justizia ez, eta azken hori aurkitzen oso zaila da. Emakume batzuk preso daude ez dituztelako 3.000 euro bermea ordaintzeko. Hori niretzat ankerra da. Edo badaude ofiziozko abokatuak dituzten emakumeak eta horiekin epaiketa hasi baino ordu erdi lehenago biltzen direnak. Zer-nolako justiziarako eskubidea dute baldintza horietan? Ordainpeko abokatu batek bisitatu egiten zaitu, epaiketarako estrategia prestatzen duzu... Emakume horiek —eta gizonek ere— ez dute inolako aukerarik. Justizia justuagoa da dirua duzunean. Katalunian, gainera, ez dago emakumeentzako espetxerik, eta horrek are gehiago zailtzen du bizimodua. Horri gehitzen zaio emakumeok delitu gutxiago egiten ditugula; Kataluniako presoen %7 bakarrik dira emakumezkoak, eta, gainera, guretzako egokituta ez dagoen itxialdi bat jasan behar dugu.
Nolako harremana izan duzu beste emakume presoekin?
Hasieran, emakume anarkista batekin egin nuen topo, baina ni nintzen preso politiko bakarra, Dolors Bassaz gain, noski. Orokorrean, oso harreman ona izan dut guztiekin, hemen eta Madrilen. Barruan geunden, guztiak ginen emakumeak, eta elkar laguntzen genuen, ahizpatasuna esaten zaion hori. Egonaldi hobea lortzea zen helburua, kontuan izanik gizonezkoentzako presondegi batean geundela. Hasieran, emakume batzuek egindako delituen berri nuenean, harritu egiten nintzen; inoiz ez nuen irudikatuko horren gertutik ezagutzea, baina ikasi dut delitua eta pertsona bereizten, eta soilik epaitzen elkarbizitzan oinarrituta. Esan beharra dago gehienentzat delituak egitea bizirik jarraitzeko modu bat zela, ez zutelako beste baliabiderik, eta maiz engainatu egin zituztela delitua egiteko. Bizitzan oso aukera gutxi izan zituzten emakumeak dira asko, eta oinarrizko zutabeek, familiak eta eskolak huts egin zietenak; batzuek ez zekiten irakurtzen eta idazten ere, eta legea haustea zen inguruan ezagutu zuten bakarra. Egoera oso zailak, hausnartzera eramaten zaituztenak zeinen gaizki egin dugun gizartean eta zer-nolako zortea izan dudan. Gauza asko berriz pentsatzera eramaten zaituzte, eta nire esku zegoen guztian laguntzen saiatu naiz.
Emakume eta gizonen arteko desberdintasun hori prozesuaren ondorioz espetxeratutako bederatzi pertsonen artean ere egon da. Nola ikusten duzu?
Gizarte matxista batean bizi gara, eta hala nabarmentzen da ikusgaitasunean. Matxismoa estrukturala da: alderdietan, instituzioetan, erakundeetan, komunikabideetan... Garrantzi handiagoa eman zaie gizonei. Hala ere, uste dut jendearen babesa maila berekoa izan dela: sostengua ematera etorri dira, gutun pila bat bidali dizkigute, manifestazioak, Gabonetako abestiak…. Babesa bera izan da; gizartea matxista da, baina mobilizazioa ez da hala izan. Nabarmenduko nuke, baita ere, testuinguru horretan erakunde bat sortu zela, Cap dona en l'oblit [Emakumerik ez ahanzturan], zeina, ikusita hasieran emakumezko preso eta erbesteratuek ez zutela ikusgaitasunik, ikusgaitasuna eta babesa bultzatzen hasi zen. Hilabetero, 23an —2018ko martxoaren 23an sartu ginelako espetxean—, ekitaldi bat egiten zuten, eta horrek kontzientzia sortu du berdintasunik ezaren inguruan, eta gehiago ematera bultzatu du jendea. Azken bi urteotan besteek bezainbeste babes nabaritu dut, nahiz eta matxismoak hor jarraitu.
Esan duzu indultua adabaki bat dela, eta errepresioaren aurkako alorrean asko dagoela egiteko, eta ez dela independentziarako aurrerapauso argirik ikusten.
Garaipen txiki baten gisan bizi izan dut indultua. Gure bidean egindako pauso bat gehiago. Espainiako Gobernuko presidenteak duela urtebete zioen osorik beteko genuela zigorra, eta orain aldatu egin da, eta indultuak onartu ditu; beraz, zerbaitetan egin dugu aurrera. Lehenik, independentismoa haziz joan da elektoralki; hauteskundez hauteskunde jasaten dituen oldarrak gaindituz, babes handiagoa lortu du, eta indartsuagoa da. Bigarrenik, mobilizazioei eutsi egin diete modu jarraian, eta, hirugarrenik, garaipen politiko eta judizialak izan ditugu Europan. Indultua eman ziguten egun berean, Espainiako Gobernuarentzat suntsigarria izan zen txosten bat argitaratu zuen Europako Kontseiluak. Horrek guztiak aldaketak eragin ditu, eta horiek guztiak garaipenak dira Kataluniako independentismoarentzat.
Indultua irtenbidea da?
Ez, baina nahi duguna lortzeko pauso bat da, nahiz eta txikia izan. Estatuak bere estrategia zuzendu behar izan du, babesa galtzen ari delako, eta eskatzen diguten guztia betetzen ari garelako; %50 baino gehiago gara, eta Europan guztia irabazi dugu. Horrek guztiak estuasun batean jartzen du estatua, zeina etengabeko kontraesanean bizi den: erbesteratuak Europa osoan mugi daitezke, Espainian izan ezik; etortzen badira, zigortu eta espetxeratu egingo dituzte. Uste dut Errepublika katalanerantz, gure helbururantz, mugitzen laguntzen digun kontraesan bat dela.
Badira sektoreak uste dutenak gutxi egin dela aurrera, eta elkarrizketa bide huts baten gisara ikusten dutenak. Junts per Catalunyak zalantzan jarri du elkarrizketa mahaiari jarritako bi urteko epea.
Aurrerapenik ezarena erlatiboa da. 2010eko uztailaren 10eko manifestazioan Estatutuaren erreforma eskatzen zen, duela 11 urte! Hamar urtean Estatutu berri bat eskatzen zuen gehiengo batetik independentzia nahi duen gehiengo batera egin badugu, niretzat ez da gutxi. Noski, duela bi edo hiru urte soilik egiten badugu atzera, agian ez; zer aldatu da 2017tik? Ezer ez? Agian aurkakoa, eskuina lotsagabetu egin da. Beti egon da eskuina, baina lehen eskuin muturrak lotsa eragiten zion, eta orain ez. Baina 11 urtetik hona jauzia handia izan da. 2006an Estatutua erreformatu genuen, eta 2010ean, [Generalitateko presidente Jose] Montilla buru, manifestazio handi bat egin zen hura defendatzeko. 11 urtean gehiengo independentista bat izatea lortu dugu; niretzako hori aurrera egitea da. Politikagintzan bi urte ez dira ezer; edozein politologok esango dizu 25 urteko zikloak behar direla aldaketa politikoak aztertzeko. Noski autokritika egin behar dugula; ez dugu egin egin behar genukeen bezain ondo, argi dago, baina egin dugu aurrera. Hobeto egin genezakeen, baina haiek askoz okerrago egin dute, oso gaizki, eta horrek modua egin du aurrera egiteko. Uste dut 2017tik ere urratsak egin direla: orain badakizkigu lehen ez genekizkien gauzak, eta horrek lagundu egingo digu aurrera egiten.
Eta zer ikasi duzue?
Adibidez, beti uste izan genuen Espainiako estatua ez zela ausartuko indarra erabiltzen hautesleen aurka eta hautesontziak eramaten, eta ausartu zen. Pentsatu genuen Europaren babesa izango genuela, eta ez genuen izan. Balio handiegia eman genien gure indarrei. Agian ideia horietan oinarrituta ez da izan guk uste genuen guztia, eta hori ikasketa prozesu bat da; akatsetatik ikasten da. Zenbaitzuek asko ikasi dugu azken urte hauetan, eta horrek lagunduko digu aurrera jarraitzen. Agian ez ditugu nahi adina aurrepauso eman presaka genbiltzalako, baina egin ditugu urratsak.
Zer itxaropen dituzu elkarrizketa mahaiaren inguruan bi urte hauetarako?
Itxaropenak baino gehiago jakin-mina dut estatuaren kontraproposamena ezagutzeko. Ziurrenik ezezkoa emango dio amnistiari eta autodeterminazio eskubideari, baina testuinguruak iritziz aldarazi du orain arte. Ez dut itxaropen handirik, baina testuingurua aldatuz joango da, eta interes handia dut ikusteko nola mugitzen den eta zer kontraproposamen egiten dituen. Elkarrizketaren bandera gure egin behar dugu, historiako gatazkak aztertzen baditugu, guztiak konpondu direlako negoziazio eta elkarrizketarekin, eta, beraz, konfiantza dut elkarrizketetan. Nahiz eta, agian, bi urte tarte txikiegia den eta irteten den proposamena bozkatu egin beharko den. Ziur nago independentismoak hazten jarraituko duela eta horrek gauzak aldatuko dituela.
Eta aldebakarreko bidea?
Kontua da ez dudala alderik ikusten gaurko eta 2017ko egoeraren artean aldebakarreko bidea baliatzeko. Aldebakarreko aldarrikapena gaizki irten zen, eta uste dut orain ez dagoela alde handirik; alderantziz, esan dudan moduan, eskuinak lotsa galdu du. Alderik ez badago, berriz ere ez da ondo aterako.
Hemendik aurrera, nola uste duzu jarraitu behar dela? Aldaketak egon dira buruzagitzetan eta batasun proposamenetan.
Batasuna beti egon da erdigunean. ANC sortu zen, hain zuzen ere, independentismoa batzen saiatzeko. Sortu zenean, ez zegoen akordioak lortzeko modurik, eta independentistentzako elkargune gisa sortu zen, ildo ideologikoetatik at aurrera egin ahal izateko. Baina hauteskundeetan batzeko ahalginek erakutsi dute ez dutela gehitzen. Junts pel Si bozetarako bat egiteko ahalegin bat izan zen, eta guztiok, nik barne, uste genuen gehiengo osoa lortuko zuela, eta 62 eserleku bakarrik lortu zituen; beraz, ez du zentzurik. Beste gauza bat da batasun estrategiko baten beharra, alderdi eta erakunde guztientzako estrategia bateratu baten beharra.
Epaileak Parlamentuko presidente ohi Roger Torrent auzipetu du Auzitegi Konstituzionalari desobeditzea egotzita eta Espainiako erregearen aurkako gaitzespena baimentzeagatik.
Berriz ere adierazpen askatasunaz ari gara. Erregea gaitzestea adierazpen askatasuna da, eta ni beti horren alde dago; oinarrizko eskubide bat da, eta urte asko behar izan ditugu lortzeko. Ez dut ulertzen Espainian errege etxeak zergatik dituen beste herrialde demokratikoetan ez dituzten abantailak. Beti diote Espainia Europako beste herrialdeak bezalakoa dela, eta ez da hala. Goi instantzietako epaitegiak oso politizatuta daude, eta horrelakoak gertatzen dira; adierazpen askatasuna defendatu behar dugu.
Berriz egingo zenuke?
Ez nuke berriz egingo; hobeto egingo nuke. Berdin egingo bagenu, emaitza bera izango litzateke, eta ez ditut beste hiru urte espetxean egin nahi.
Katalunia. Carme Forcadell. Parlamentuko presidente ohia
«Ez nuke berriz egingo; hobeto egingo nuke»
Indultua «garaipen txiki bat» izan da Forcadellentzat, baina, Kataluniako prozesuagatik auzipetutako beste buruzagiek bezala, errepresaliatu guztientzako amnistia du xede.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu