David Quammen. Zientzia dibulgatzailea

«Ez naiz aztia: adituek esan zidatena jaso baino ez nuen egin»

2012an argitaratutako liburu batean iragarri zuen, hainbat zientzialariren analisiak jasota, zoonosi gogor batek erasango ziola munduari berandu baino lehen. Gehiago izango direlakoan da; agian, larriagoak.

RONAN DONOVAN.
inaki petxarroman
2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
David Quammenek (1966, Ohio-AEBak) 2012an idatzi bazuen ere, Spillover. Animal infections and the next human pandemics (Kutsatzea. Animalia infekzioak eta hurrengo giza pandemiak) liburuak zoonosien inguruan egiten dituen iragarpen zehatzak berriz jarri du testua aktualitate betean aurten. The New York Times eta The National Geographic-eko kolaboratzaile eta zientzia dibulgatzailea da, eta hainbat liburu idatzi ditu zientziari, naturari eta bidaiei buruz. Montanako bere etxetik erantzun die BERRIAren galderei, AEBetako presidentegaien arteko lehiari gertu-gertutik begira.

Zenbait hilabete igaro dira COVID-19aren pandemia hasi zenetik. Zer ondorio atera daiteke ezagutu dugunetik?

Lehen ondorioa: hondamendi hau aurreikus zitekeela, eta etorkizunean izan daitezkeenak ere bai. Izan ere, birus arriskutsuagoak izango dira etorkizunean (eta, zehazki, koronabirus gehiago), animalia basatietatik pertsonengana igaroko direnak. Naturaguneak etengabe eraldatzeko hartu dugun jokabideagatik helduko dira. Bestetik, mehatxu horietarako prest egon behar dugula, zientziaren ikerketaren bidez, osasun publikoa babestuz eta indartuz, birus berrietara azkar egoki daitezkeen txertoak garatuz, eta denbora errealean —minutu gutxian, eta ez egun gutxian— diagnostikoen berri emango diguten testak egiteko gaitasuna handituz. Azkenik, eta hau guztientzako ikasgaia da: buruzagiak hautatzeko garaian, baztertu egin beharko genituzke gezurti ezjakinak eta nartzisistak. AEBetako egungo presidentea buruan dudala esan dut azken kontu hori.

Zure liburuak modu profetiko batean aurreikusi zuen zer gertatuko zen. Ez al zaitu harritu horren zehazki asmatu izanak?

Nire liburua profetikoa dela esan izan dute, zehaztasun dezentekoaz aurreikusi zuelako pandemia hau. Baina ni ez naiz aztia: gaixotasun infekziosoei buruz munduan dauden aditurik onenetako batzuen bila joan nintzen, entzun egin nien arretaz, eta esan zidatena jaso nuen ahalik eta modu fidelenean, besterik ez. Ez banuen espero esan zidatena gertatzea, ez nuen liburua argitaratuko.

Esan duzu birus arriskutsuagoak izango direla. Uste duzu hau baino pandemia txarragoak izango direla XXI. mendean?

Ez dago jakiterik ea hau izango den XXI. mendeko pandemiarik txarrena edo ez, zeren ikusi beharko baita ea giza jarrerak eta birusaren biologiak zer bigarren mailako ondorio uzten dituzten—egongo baitira bigarren mailako ondorioak—, eta ea haiei aurre egiten diegun hasierako kolpe honi aurre egin diogun baino jakituria eta prestakuntza handiagoz. Ea jarraitzen dugun nazioarteko elkarlanari trabak jartzen, herrien arteko elkartasuna zapuzten eta agintarien gezur eta ergelkeriak entzuten. Oso litekeena da SARS-CoV-2a baino birus arriskutsuagoak iristea gizakiengana hurrengo urteotan. Hori gertatzea edo ez, neurri handi batean, giza portaeraren menpe dago, eta baita birusen sendotasunaren eta kutsatzeko ahalmenaren menpe ere.

Uste duzu txertoak eta aurrerapen mediko-zientifikoak nahikoa izango direla etorkizuneko pandemiei aurre egiteko?

Gaitasun zientifiko handia daukagu. Txerto eta terapia burutsuak asma ditzakegu. Baina ba al dugu nahikoa jakituria, kolektiboki eta norbanako moduan, ahalegin zientifiko horiek babestu eta emaitzak onartzeko? Haurrak eta gu geu txertatzeko, osasun publikoko profesionalen aholkuei jarraitzeko? Beharrezkoa denean ekonomiak eta eskolak ixteko? Hots, pandemiei aurre egiteko behar diren doitze zailak egiteko gai al gara? Hori da galdera. Uste dut gizakiek gaitasun handia dutela gaixotasunei aurre egiteko irtenbide burutsuak bilatzeko, baina, aldi berean, gaitasun handia daukate, talde eta norbanako moduan, berekoi, ezjakin eta egoskor galantak izateko ere.

Biodibertsitatearen galera, habitaten suntsiketa, espezieen desagertzea, garraio sistemen globalizazioa, nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboak... Sistemaren osagai askok egiten gaituzte kalteberago zoonosiekiko. Zein da alternatiba?

Alternatiba da etorkizunean aberastasunaren banaketa bidezkoagoa izatea, eta mundu bat izatea non duintasunez bizitzeko aukera izango den guzti-guztientzat. Alternatiba izango da pertsonak prest egotea eroso bizitzeko baliabide gutxiagorekin, eta gaur egungo ekoizpena eta kontsumoa gutxituta.

Sute handiak, bero bolada luzeak, urakanak… Mundu arriskutsuago baten frogak gero eta gehiago dira. Ari al gara mugitzen behar den bezain bizkor haiei erantzuteko?

Ez. Ez gara ari erantzuten arazo larri horiek eskatzen duten bezain bizkor. 40 urte daramatzat aniztasun biologikoaren galeraz idazten, eta ez dut ikusi neurri eraginkor bakar bat ere joera hori gelditzeko. Beste batzuk aritu dira idazten klima aldaketari buruz—berotze globala deitzen zitzaion garaitik—, eta, horretan ere, prozesu hori gelditzeko ekintza serio gutxi izan dira, eta are eta gutxiago arazo hori konpontzeko.

AEBetan hauteskunde kanpaina bete-betean zaudete, eta COVID-19a da eztabaidaren gai nagusietako bat. Zer ondorio ateratzen duzu hautagaiei entzun diezunetik?

AEBetako kanpainan entzun dudanak berresten dit Donald Trumpek ez dituela AEBetako presidentea izateko beharrezkoak diren den argitasuna, prestasuna, ezagutza eta umiltasuna. Penagarria da, eta AEBetako demokraziaren historia luzearentzako mehatxurik handiena ez da hauteskundeak hark irabaztea, baizik eta lapurtzea.

Trump edo Biden... Zer aldatuko da munduan batek irabazi edo besteak irabazi?

Hartu bakarrik bi adibide. Klima aldaketa: benetakoa da, arazo larri bat da, edo gezurra da? COVID-19aren pandemia: elkarlana eskatzen duen arazo global bat da, nazio barruko mobilizazioa eta elkarlan komunitario eta indibiduala eskatzen dituen afera bat da, edo garrantzirik gabeko eragozpen huts bat, asko puztu dena? Aukeratu: Biden edo Trump. Bi gizon horien artean alde nabarmenik ez dagoela argudiatzen duenak ez du ezagutzen munduaren historia, ezta gaur egungo politika ere, eta ekintza baliagarrietarako antzua da, perfektua ez den mundu baten perfekzioaren aldeko bere tematze horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.