Gobernu berria Frantzian. Frantxoa Maitia. PSko kidea

«Ez lituzke hauteskundeak berriz ezkerrak irabaziko»

Montebourg eta Hamon ministro ohiek hartutako bidea ez zaio batere egokia iruditu Maitiari. Ezkerra elkartu behar dela dio, eta gobernuak legealdia bukatu beharko lukeela.

maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2014ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Frantxoa Maitia (1952, Izpura, Baxenabarre) Pirinio Atlantikoetako kontseilari nagusi eta Akitaniako kontseiluko lehendakariordea Hollande eta Vallsen alde mintzo da erabat. Ekonomian, norabide bera segitu behar dela uste du, eta beldur da hauteskundeak berriz eginez gero eskuin muturra ez ote den nagusituko.

Zer iruditu zaizu Frantziako Gobernuaren dimisioa?

Ez dira bi linea izaten ahal gobernu batean. Ministro bat hain manera irekian mintzatzea gobernuaren norabidearen kontra, ez da egokia: edo isilik egoten zara, edo gobernua uzten. Hori zen garbiki presidenteak eta lehen ministroak erakutsi behar zutena, gobernuak bere norabidea hor duela.

Zein da norabide hori?

Frantsesei aipatzea garbiki finantza publikoak behar direla sanotu, eta hori gabe ez dela garapen ekonomikorik. Bistan da denek nahiago genukeela diru asko ukan eskuetan, eta hori zatikatu, beharrean direnei buruz lehen-lehenik. Baina behar ditu estatu batek diru sartzeak. Nondik eskuratzen ahal ditu ez baldin bada aberastasuna lehenik ekoizten? Eta enpleguak nork ditu sortzen? Enpresek. Beraz, enpresak zailtasunetan baldin badira, lehenik horiek dira lagundu behar, eta gero horietatik estatuaren diru sartzeak finkatu.

Ez zaude ados Montebourg eta Hamonen hitzekin?

Ez; erran dituzten moduan. Montebourgek bere ateraldia ongi prestatua zuen, eta hori joko politiko bat da, baina joko horrekin ez naiz batere ados. Sozialistek elkarretaraturik behar dute eta partikularki Frantzia horrelako zailtasunean delarik.

Uste duzu zerbait eginen dutela gobernutik kanpo?

Beren buruak prestatuko dituzte heldu den presidentetzarako hauteskundeei buruz, baina ez dakit lan ona eginen dutenez.

Ezkerra ahul dago?

Bai, zatikatzeak badirelarik gorputza ahultzen duzu, eta ezkerra ahultzen dute horrelako joko bereziek. Baina, ororen buru zer pasatzen ahal da? Lehen ministroak beharko du diputatuen konfiantza eskuratu. Ez baldin badu lortzen, zer aterabide memento horretan? Krisia handituko dute, ezkerra gehiago ahulduko, eta presidenteak ganbera desagerrarazi behar balu, eta bertze hauteskunde batzuk berriz plantan ezarri, ez dut uste ezkerrak irabaziko lukeenik. Horrek eskuin muturraren bidea irekiko luke.

Hartara, zilegitasunik ba ote du ezkerrak gobernatzeko?

Segitzen ahal du gobernatzen sozialistak ez baldin badira zatikatzen: gehiengo bat baldin badute diputatuen ganbaran, legeak egiteko manerak dituzte, eta aurrekontua egiteko parada ere. Sozialistek behar dute beren bost urteren boterea segitu. Horretarako dira izendatuak.

Inkestek datu txarrak dituzte.

Inkestek beren emaitzak ematen dituzte, baina legeak eta konstituzioak ematen dute bost urterentzat izendatuak izan direla orain diputatuen ganberan diren diputatuak. Beraz, berena egin dezatela.

Zein aldaketa egon daiteke Euskal Herrian?

Prefetak proposamen azkar bat egin du, eta guri zaigu jina mementoa Ipar Euskal Herria egokiago estrukturatzeko. Guk dugu enbeia erakutsi behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.