Anticapitalistas-eko militantea eta eurodiputatua

Miguel Urban: «Ez gara gai geroa imajinatzeko; hori ikusirik, eskuin muturrak iragana du etorkizun»

Urbanek ultraeskuina aztertu du, eta egungo krisiekin lotu du horren arrakasta. Ezkerraren rolaz, uste du kapitalismoaren amaieraz pentsatzeari utzi diola.

(ID_13558452) (Marisol Ramirez/@FOKU) 2024-02-02, Bilbo. Miguel Urban, eurodiputatua eta 'Trumpismos' liburuaren egilea
MARISOL RAMIREZ / FOKU
ander perez zala
Bilbo
2024ko otsailaren 8a
05:15
Entzun

Miguel Urban (Madril, 1980) pasio handiz mintzatzen da gai politikoez, sozialez eta ekonomikoez: erantzun luzeak ematen ditu, osatuak eta adibidez beteak. Eta zer esanik ez eskuin muturraz aritzean; gertutik bizi izan du horren eboluzioa, besteak beste, europarlamentari delako, 2015etik. Urban Anticapitalistas-eko militantea ere bada, eta Podemos alderdiaren sorreran parte hartu zuen. Verso argitaletxearekin Trumpismos: neoliberales y autoritarios. Radiografía de la derecha radical (Trumpismoak: neoliberalak eta autoritarioak. Eskuin erradikalaren erradiografia) liburua argitaratu du, eta hori aurkeztu zuen Bilbon, joan den astean.

Diskurtsoaren hegemonia funtsezkoa da arrakasta politikoa izateko. Hori lortu du jada eskuin muturrak?

Eskuin muturrak, hauteskunde garaipenak eraiki aurretik, sen on nagusia kolonizatzen du.

Orduan bide onetik doa?

Ez da nik uste dudala bide onetik doala... Aurten munduko biztanleriaren erdiak bozkatuko du: [Javier] Milei izango dugu Argentinan gobernatzen, [Donald] Trump berriz gobernatzen [Ameriketako] Estatu Batuetan, Europako Parlamenturako bozen inkestek aurreikusten dute bederatzi estatutan irabaziko duela eskuin muturrak, Europar Kontseiluko lau aulki eta Europako Batzordeko lau komisario eskuin muturrekoak izango dira...

Herrialde garrantzitsuetan, gainera.

Norbaitek uste du gaizki doakiola eskuin muturrari? Espainian, kasurako, [Fernando Grande-] Marlaskak [Barne] ministro karguan dihardu oraindik; nik uste dut hori zeharkako garaipen bat dela.

Zer esan nahi dut? Ustez eskuin muturraren kontrakoak diren gobernuetan, eskuin muturrarentzat funtsezkoak diren gaietan bere agenda politikoa erosten badugu, indar horiek normalizatzen ditugu, hurrengo bozetan irabaz dezaten.

«Kapitalismoak sortzen dituen beldurren aldean, eskuin muturrak segurtasunak ematen ditu. Fikziozko segurtasunak».

«Autoritarismo erreakzionarioa» kontzeptua proposatu duzu. Eskuin muturraren elementurik esanguratsuenak dira?

Hamasei ezaugarri zerrendatzen ditut [liburuan], baina bai, uste dut bi elementu horiek definitzen dutela egungo eskuin muturra. Nik erantzuten badut faxismoarekin ezaugarri komun asko dituela baina ez dela faxismoa, orduan, zertaz ari naiz?

1930eko hamarkadako faxismoaz, ala beste mota batekoaz?

Ez, ez, ezin da gauza bera izan. Izatekotan, zerbait neofaxista. Esan nahi dudana da eskuin mutur honek elementu berberak dituela, baina baita gauza desberdin asko ere, apurtzaileak.

Elkar uler dezagun: Mileik izan ditzake faxistak bere gobernuan. Baditu; besoa altxatzen duten gizon batzuk, eta ez preseski taxi bat eskatzeko. Baina ez dago mugimendu faxista bat Milei gobernura goratu duena. Desberdintasun hori oinarrizkoa da.

Bi elementuk definitzen dituzte mugimendu hauek: batetik, geroz eta autoritarioagoa den neoliberalismoaren desbideratzea. Eskuin muturra da neoliberalismo autoritario horren elementurik larriena. Eta, bigarrenik, krisi kapitalista eta krisi ekologikoa bateratzeak beldur batzuk eraiki dituela, eta hautsi egin duela kapitalismoaren elementu utopikoa.

Zein da elementu hori?

Etorkizuna garapen gisa. Beti hazi gara, eta, orain, lehen aldiz, gure gurasoak baino okerrago biziko garela dakien belaunaldiak gara.

Kapitalismoak etorkizuna ezeztatu du, eta, horregatik, ez gara gai etorkizuna imajinatzeko. Hori ikusirik, eskuin muturrak iragana du etorkizun; hau da, gure gurasoak bizi ziren modu berean bizitzera itzultzea. Kapitalismoak sortzen dituen beldurren aldean, eskuin muturrak segurtasunak ematen ditu. Fikziozko segurtasunak.

(ID_13558457) (Marisol Ramirez/@FOKU) 2024-02-02, Bilbo. Miguel Urban, eurodiputatua eta 'Trumpismos' liburuaren egilea
MARISOL RAMIREZ / FOKU
Beldur hori dela eta, batzuk protestara, militantziara jotzen dute. Beste batzuek ez dute horrela islatzen beldurra, eta eskuin muturrera jotzen dute. Zergatik?

Beldurrek ez dute mobilizazioa eragiten. Hori itxaropenak egiten du, aldaketarako esperantzak.

Eskuin muturra hauteskunde lurrikarak sortzetik bizi da. Jendeak bere haserrea adierazten du, indibidualki, bere botoaren bitartez, baina ez dira antolatzen, ez dira ateratzen.

Zergatik?

Indibidualismo neoliberala gizarte osoan barneratu da. Eta, normalean, zenbat eta bakarrago egon, orduan eta beldur handiagoa duzu; eta zenbat eta zailagoa da beste batzuekin elkartzea. Neoliberalismoak kolektiboa eta soziala pribatizatu du.

Protestan irteten zara zerbait hobetu nahi duzulako; zure etxea, lana... Baina, lehen aldiz, badakigu ez garela hobetuko. Orduan ez dugu gora begiratzen; ez dago igogailu sozialik, baina bai amildegia. Hortaz, gure logika ez da hobetzea, baizik eta ez okertzea. Behera begiratzen dugu, eta zer ikusten dugu? Migratzaileak, pobrezia, ziurgabetasuna... Gure borroka da horiek ez izatea.

Behera begiratzeak lehia elikatzen du, azkenaren eta azken-aurrekoaren arteko gerra. Hor eraikitzen da eskuin muturra.

Horretan guztian, zertan ari da ezkerra?

Ezkerrak zera pentsatzeari utzi dio: badela kapitalista ez den etorkizun posible bat.

Zergatik egin du hori?

Utopien amaieran gaudelako. Gai gara munduaren amaieraz pentsatzeko, baina ez kapitalismoaren amaieraz. Ez bagara gai horretaz pentsatzeko, nor borrokatuko da horren alde?

Gainera, eskuin muturra geroz eta erradikalagoa da, eta ezkerra, geroz eta moderatuagoa. Ezkerrak erosi egin du ideia hori, gehiengoak moderaziotik sortzen direlakoa. Begira eskuin muturra: ez du moderaziotik irabazi.

«Hain triunfalista izateari utzi behar diogu, eta pedagogikoagoak izan behar dugu».

Bada sentsazio bat eskuin muturrari aurre egiteko orduan, galdera gehiago daudela erantzunak baino.

Ezin zara berdin borrokatu [Espainiako] Voxen aurka eta [Greziako] Egunsenti Urrekararen kontra. Liburuak erakusten du zerk ez duen funtzionatu —adibidez, Frantziako fronte errepublikanoa eta Alemaniako babes hesia—, eta zerk funtzionatu duen —Poloniako eta Argentinako mugimendu feministak, eta AEBetako Black Lives Matter, kasurako—. Baina ohartu behar dugu garaipen batzuk iraupen gutxikoak direla.

Ez da mezu baikorra.

Esan nahi dut utzi egin behar diogula hain triunfalista izateari, eta pedagogikoagoak izan behar dugu.

Ezkerrak ulertu behar du muturreko uneetan bere bi arrisku handienak zera direla: moderatzea eta normalizatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.