Gazako egunerokoa (23)

«Ez, ez dira Hamas garbitzen ari»

(ID_13335519) MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Palestinarrak, Gaza hegoaldera ihesi, azaroaren 9an. HAITHAM IMAD / EFE
2023ko abenduaren 10a
05:00
Entzun

Azaroak 9, osteguna

Hogeita hamalaugarren eguna. Atzo azken eguna izan nuen prentsaren eraikinean. Nire puskak hartu, eta agur esan behar izan nion toki horri. Auzoa hutsik zegoen ia, eta tankeak, handik bi kalera baino ez. Prentsaren eraikinean ezin eutsi luzaro. Gehienek alde egin zuten duela egun batzuk. Jendearen emana ikusi nuenean hiri erdialdera bidean, ekialdera, korapiloa egin zitzaidan barrenean, konturatu bainintzen Rimal-en parte batenak egin duela. Orain nora? Nire gauzak pakete batzuetan sartzen hasi nintzen. Wafia familiakoak ere han egonak ziren azken asteotan, Bilal eta biok eguneko txandan bezala haiek gaueko txandan (lotarako, alegia), eta jada ondo bilduta zeuzkaten beren gauzak, alde egiteko prest. Nahiz eta, arrakasta handiko enpresariak direnez, bulego asko dauzkaten eta Gazan, Ammanen eta Kairon lan egiten duten, etxerik gabe gertatu dira bat-batean. Gerran, berdin dio zer daukazun, oso aberatsa zaren edo pobrea; diruak ezin du segurtasunik, bakerik edo neutraltasunik erosi; helburua beti bera da: zure arima. Soldaduek badituzte aginduak, kuotak eta mirak, ondo apuntatuta.

Israeldarren armadak hasieratik jakin du zer egin behar zuen: garbiketa etnikoa Gazako zerrenda guztian. Auzo batean sartu, eta ez dira, ba, galdezka hasiko, «ea, zuetako nork eman zion botoa Hamasi 2006an?», «zuetako nork emango dio botoa etorkizunean?», haiek «garbitu» aurretik. Ez, ez dira Hamas garbitzen ari: arabiarrak garbitzen ari dira. Zu ikustean, akabatu egingo zaituzte, edo alde eginarazi; zer bizkorrago egin, huraxe. Ez daukazu aukeratzerik: edo hil, edo alde egin. Ez dago esaterik bakea nahi duzula, ez dago zin egiterik ez diezula trabarik egingo okupatzaileei. Askok ez daukate horretarako aukerarik: misilak aurkitu egiten ditu, besterik gabe.

Joan Gazako egunerokoa-ren hasierara

Nire ordenagailu eramangarria hartu nuen, nire paperak, kargagailua eta nire zapata dotoreak; lehen aldiz etorri nintzenean, atzeko patioan utzi nituen oinetakook, ekitaldi ofizialetan janztekotan, baina erabili gabe neuzkan geroztik. Hilabete baino gehiago egin dut kirol oinetakoekin lasterka; nire uniforme formalaren parte dira orain haien marra zuri-gorriak. Eta lasterka esaten dudanean, lasterka esan nahi dut: hemen inor ez da lasai ibiltzen oinez: denak lasterka. Ni, esaterako, lasterka joan nintzen autora nire puskak hartuta, eta Mohammed lasterka joan zen hozkailura, jan zitekeen guztia hartzeko: ogia, pakete erdia; laranja ura, botila bat; tipula erdia. Azkenik alde egin genuenean, inork ez zuen atzera begiratu.

«Ez, ez dira Hamas garbitzen ari: arabiarrak garbitzen ari dira. Zu ikustean, akabatu egingo zaituzte, edo alde eginarazi; zer bizkorrago egin, huraxe. Ez daukazu aukeratzerik: edo hil, edo alde egin».

Orduan ez nekien, baina Rimalgo lau gizonenak ziren goizean Xifan lurrean botata ikusiak nituen gorpu batzuk. Haietako bi, Abu Xabban familiakoak. Haien eraikineko behealdean, barazki denda ospetsu bat dago. Agur egiten nien gauero, prentsaren eraikinetik ateratzen nintzenean. Zerbait esan elkarri, kezkak adierazi, nahiak. Azkena joan nintzenean, agur egin nien eskuaz, eta ohartu nintzen haiek ere maletak egiten ari zirela. Esperantzazko hitz batzuk esan nizkien deiardarka: gerra bukatutakoan elkartuko ginelako promesak. Ez nekien berehalaxe topatuko nituela ostera, eta hain modu ilunean.

Orain, Rimalgo bizimoduaren azken gotorlekuetako bat, Xuhada kalea, hiri fantasma bat da. Ez dago bizitasunik arbolaz beteriko kale eder horretan. Joan deneko 30 egunean, gerra aktiboko komunitate baten parte izan gara guztiok Mediterraneoko kale klasiko horretan. Orain, abandonatua dago, tankeek okerrena egin dezaten.

Jende guztiak, dirudienez, ekialdera jo du. Norbaiti aditu diot Yarmuk haur parkera joatekoak zirela, Wihda kalera. Al-Xifa ospitalean ez dago inorentzako lekurik, ezta haren inguruko babeslekuetan ere. Soldadu israeldarrak, berriz, Al-Xifatik ere alde egiteko esaten ari zaizkie desplazatuei.

Atzo gauean aita ekarri nuen Farajen etxera, gurekin egon dadin. Izan ere, bakarrik egon da orain arte familiaren etxean, emaztea semearengana joan baitzaio, nire anaiorde Musa-rengana, eta arrebaordea ez zen seguru sentitzen lau solairuko etxe bloke batean. Aitak, ordea, nahiago izan zuen han geratu, nire kexak gorabehera. Aitaren etxea inguratuta dago alde guztietatik: oso-oso hurbil ditu zenbait solairuko eraikin batzuk; beraz, haietako bati erasoz gero, aitarena ere kaltetuko da. Ni gogor tematu, eta azkenean aita gurekin etorri da Farajenera.

Gaueko hamar eta erdiak aldera, aitak esnatu egin nau. Eztulka eta arnasestuka dabil, eta ia ezin da zutik egon nire aurrean. Ospitalera eramateko eskatu digu. Ezin arnasa hartu normal. Nik, zaila dela orain inora joatea. F16 hegazkinek eraso egiten baitiote mugitzen den guztiari, baita katuei ere, batzuek diotenez. Larrialdi zerbitzuei deitzen saiatu naiz, anbulantzia bat bidal dezaten, baina seinalerik ez. Adham-ek proposatu du haize ematea plastikozko plater fin batez, arnasa hartzen laguntzeko. Adham, Yasser eta hirurok halaxe ibili gara, txandaka. Aitaren ondoan eserita egon naiz ordu erdi, platerari eraginez. Bi ordu pasatutakoan, hobeto sentitzen hasi da, eta esan dit komunera joan nahi zuela. «Seinale ona», bota du Adhamek.

«Al-Xifa ospitalearen kanpoaldean, hilotzak ilara luze batzuetan jarrita daude, noiz identifikatuko eta familiak noiz eramango, lurpean sartzeko. Asto gurdi batek hiru gorpu dakartza, partez erreta hirurak. Hiru gazte lerden, elektrokutaturik hilak, nonbait».

Azkenean lasaitu denean, ezin izan naiz lokartu. Izuak hartu nau pentsatuta ez dagoela ospitalekoekin hitz egiterik, eta lotsatuta nago neronek eraman ez dudalako. Nola biziko nintzen neure larruan, aita hil balitz zergatik-eta neronek ez eramatea erabaki dudalako? Eramatea lortu banu ere, gertatzen ari den guztiarekin inork ez zion kasurik egingo 60 bat urteko gizon hari, botika soil bat behar baitzuen.

Gaur goizean esnatu naizenean, Bilalen mezu bat nuen [prentsaren eraikineko zuzendaria da Bilal]. Atzo goizean prentsaren eraikina hustea erabaki zuenetik, ezin izan dut harekin hitz egin. Testua beste sare bateko zenbaki berri batetik iritsi da. Hari deitu, eta esan dit bere familiak Xaikh Radwan-en duen etxean geratuko dela. «Zer egingo duzu, Atef?», galdetu dit, beti bezala. «Itxaron». Nire betiko erantzuna. «Itxaron... zer, ordea?». «Itxaron beharrekoa itxaron, eta ikusi». Deia bukatu aurretik, handik bi egunera biltzekotan geratu gara, eta orduan erabakiko dugu zer egin hurrena. Bestela esanda, atzeratu egin dugu atzo komentatutako asmoa, hegoaldera jotzea, alegia.

Al-Xifa ospitalearen kanpoaldean, hilotzak ilara luze batzuetan jarrita daude, noiz identikatuko eta familiak noiz eramango, lurpean sartzeko. Asto gurdi batek hiru gorpu dakartza; partez erreta hirurak. Hiru gazte lerden, elektrokutaturik hilak, nonbait. Haietako batek burua moztuta dauka. Denen aurpegiak, manta batez tapatuak. Baten zangoa, modu arraro batean bihurritua. Haren zapata larruzkoek berri-berriak dirudite. Lustrea galdu gaberik. Ematen du hatzekin zerbait egiten ari zelarik erori zitzaiola zerbait buruan. Gitarra jotzen edo. Maniki eder bat dirudi, arropa denda bateko kristalaren kontra eroria.

Itzultzeko bidean, berrogei minutu egon naiz Shaikh Radwango ilara batean, falafela inguratzeko, gaurko gure otordua.

Hurrengo atala: «Alde egin behar genuke?»

 

Atef Abu Saif Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministroa eta idazlea da. Urriaren 7an Gazan zen, eta han gelditzea erabaki zuen Israelen erasoa hasi zenean. Bertatik idazten ari den egunerokoa BERRIAren esku jarri du, eta egunez egun argitaratuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.