Plastiko kutsadura

Ez dute itunik egin munduan plastiko kutsadura murrizteko

Hego Koreako bilera aurreikusitako NBEren azkenekoa zen. Akordiorik lortu ez dutenez, 2025ean jarraituko dute eztabaidatzen.

Negoziazioen hasierako prentsaurrekoa, Busanen. DUNCAN MOORE / EFE
Negoziazioen hasierako prentsaurrekoa, Busanen. DUNCAN MOORE / EFE
inaut matauko rada
2024ko abenduaren 2a
13:45
Entzun

Plastiko kutsadurari aurre egiteko herrialde guztien ikuspuntua eta asmoak ez datozenez bat, akordiorik gabe amaitu da Nazio Batuen Erakundearen Gobernu Arteko Negoziazio Batzordearen bosgarren bilera, Busanen (Hego Korea). 2022an bilerak hasi zituztenean, aurreikusi zuten gehienez ere bost goi bilera beharko zituztela itun bat egin eta neurri lotesle bat lortzeko, baina ez da hala izan. Datorren urtean berrekingo diete eztabaidei, baina ez dute zehaztu non eta noiz egingo duten.

NBEk helburu argi bat du: 2040rako plastikoen kutsadura amaitzea. Hori dela eta, Gobernu Arteko Negoziazio Batzordea sortu zuten, 2022an,  akordio lotesle bat lortzeko. Urte horretan bertan hasi ziren negoziatzen, Punta del Esten, Uruguain, eta Busanekoak azkena izan behar zuen. Bada, ez dira ados jarri. Horren aurreko bileran, Ottawan egindakoan (Kanada), 80 orrialdeko zirriborro bat adostu zuten, neurri zehatzik hartzen ez zuena, eta oraingoan, neurri loteslerik ez badu ere, batzordeko presidente Luis Vayas ekuadortarraren testu bat onartu dute. Testu horretan, 32 artikuluko arau bat proposatzen da, eta horietako askotan, arantzatsuenetan batez ere, aukera bat baino gehiago dago, eta horiek datozen bileretan eztabaidatzekoak dira.

Testu berriko desadostasun handienak arauaren printzipioei buruzkoak dira gehienbat, hau da, plastikoen ekoizpen mugei, ekoizpen jasangarriari eta finantzaketari buruzkoak. Izan ere, bi bloke nagusi daude: batetik, Plastikoen Kutsadura Amaitzeko Koalizio Anbiziotsua dago, 65 herrialdek osatua, eta Ruandak eta Norvegiak gidatua; herrialde horiek erabilera bakarreko plastikoen ekoizpena mugatzearen alde daude. Eta, bestetik, beste herrialde talde bat dago, Saudi Arabiak gidatutakoa; talde horrek, berriz, ez dio plastiko ekoizpenari derrigorrezko mugarik jarri nahi, eta nahiago du zentratu herrialde bakoitzak plastikozko hondakinekin egiten duen kudeaketan.

Azken bilera izan behar zuen Busanen amaitu berri denak, eta ordurako itun lotesle bat adostea aurreikusi zuten, baina ez da hala izan. 2025ean jarraituko dute negoziazioekin, baina ez dute adostu ez non ez noiz egingo duten

Hala, koalizio anbiziotsuak ekoizpena mugatu nahi du, eta plastikoak sailkatzea proposatu du, bakoitzaren ekoizpenari muga bat jartzeko, 2030etik aurrera denak. Plastiko kutsadurari aurre egiteak eta ekoizpena gutxitzearen ondoriozko moldaketek diru inbertsio handia eskatzen dute, eta horren finantzaketari buruz ere ez dute ezer adostu. Puntu zailenetako bat izan ohi da ingurumen kontuetako goi bileretan, orokorrean Hegoalde Globaleko herrialdeek iparraldekoei leporatzen baitiete haien kontsumo handiak beren ingurumenean izaten duela eragin handiena, eta horregatik arazoei aurre egiteko finantzaketa eskatzen diete.

«Aurrerapen nabarmenak»

Garrantzi handiko akordiorik egon ez bada ere —itun loteslearen funtsetan desadostasuna erabatekoa delako—, azaldu dute Busanen «aurrerapen nabarmenak» egon direla konferentziaren antolakuntzaren eta presidentetzaren aldetik. «Munduan plastikoen kutsadura amaitzeko konpromisoa garbia eta ukaezina da. Hemen, Busanen, elkarrizketek bidea erraztu digute juridikoki loteslea izango den nazioarteko itun bat adosteko, gure osasuna, ingurumena eta gure etorkizuna babestuko dituen itun bat», azaldu du Inger Andersen NBEren Ingurumenerako Programaren zuzendari exekutiboak, gaur.

Andersenek adierazi du «adostasun handiagoa» dagoela etorkizuneko itunaren egituraren inguruan, baina ez du ukatu gai garrantzitsuenetan desadostasun handia dagoela: «Garbi dago oinarrizko kontuetan oraindik ez gaudela ados, eta denbora beharko dela hori konpontzeko». Vayas Gobernu Arteko Negoziazio Batzordearen buruak uste du Busango elkarrizketen ostean herrialdeak «arrakastaren bidean» daudela.

«Garbi dago oinarrizko kontuetan oraindik ez gaudela ados, eta denbora beharko dela hori konpontzeko»

INGER ANDERSENNBEren Ingurumenerako Programaren zuzendari exekutiboa

Herrialdeek alor batzuk adostu dituzte zirriborroan, baina orokorrean etorkizuneko balizko itunaren jarraipena egiteko erakundeen sorrerari eta egituraketari buruzkoak dira. Klima larrialdiari aurre egiteko COP nazioarteko goi bileraren gisara, Aldeen Konferentzia bat sortuko dute, eta horrek izango lukeen funtzionamendua zehaztu dute. Bestalde, ados jarri dira herrialdeek eta bestelako eragileek elkarri informazioa emateko, eta erraztasunak eman beharko dituzte herritarrek informazioa jaso dezaten, baita plastikoen kutsadurari buruzko hezkuntza eta ikerkuntza bermatu ere.

Gutxi birziklatzen da

Plastiko gehienak behin bakarrik erabiltzekoak dira. Erdia zabortegietara iristen da; %19 erraustegietan erretzen da, bide batez energia sortuz, eta %22 kontrolik gabeko zabortegietan edo naturaguneetan botatzen da. Plastikoen %9 birziklatzen dira soilik, OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen arabera.

Kutsadura horren ondorioz, plastikoa arazo handiak sortzen ari da ingurumenean eta gizakien osasunean. Kalkulatzen da gaur egun 400.000 milioi kilo plastiko ekoizten direla urtean; pertsonako 50 kilo, batez beste. Azken hogei urteetan bi halakotu egin da kopurua, eta OCDEren aurreikuspenen arabera, egungo joerari jarraituta, 2060rako hirukoiztu egingo da urteko plastiko ekoizpena. Aditu batzuek ohartarazi dute urte batzuk barru plastikoen kutsadura konponezina izan daitekeela. Gero eta leku gehiagotan ari dira aurkitzen plastiko zati txikiak: giza gorputzetako organo guztietan, uretako eta lehorreko animalietan, ingurumenean...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.