Kazetaria

Karlos Zurutuza: «Ez dut uste Balutxistan izeneko herrialde bat ikusiko dugunik»

Balutxistanen aldaketa bat egon dela azaldu du Zurutuzak: balutxak Afganistandik joan beharrean hara doaz orain, «babes bila», Pakistandik ihesean. «Profil baxua eduki» behar izan du kazetari lan egiteko.

Karlos Zurutuza kazetaria. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Karlos Zurutuza kazetaria. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
asier gonzalez de san pedro
Donostia
2024ko maiatzaren 29a
05:00
Entzun

Mapa politikoek aspertu egiten dute, eta hizkuntzen mapekin orduak pasatu ditzake Karlos Zurutuza kazetariak (Donostia, 1971). Horrek munduan zehar hainbat nazio ezagutzera bultzatu du: Kurdistan, Karabakh Garaia, Mendebaldeko Sahara... Eta orain, Balutxistan.

Zurutuzak lau bidaia egin ditu Balutxistanera, Iranen, Pakistanen eta Afganistanen arteko mugara, eta Una trinchera en Marte (Lubaki bat Marten) liburua idatzi du, hango egoera azalduz. Nahiz eta gatazka horiek ez diren oso ezagunak, Zurutuzak azaldu du ez duela izan arazorik Euskal Herrian haiei buruzko erreportajeak argitaratzeko.

Zerk bultzatu zaitu liburu hau idaztera?

Balutxistanen berri banuen, baina beti zen entzuten zenuen zerbait. Eta askotan pasatzen den tren hori zen, eta konturatu orduko ahaztu zaizun zerbait. Ekialde Hurbilean egonda nago, eta kurduei ere entzuna nien balutxak lehengusu zituztela, eta bazegoela lotura bat. Eta Londresko ile apaindegi horretan ikusi nuen egunkari zati hori [Balutxistanen independentziaren ingurukoa, 1948an zazpi hilabetez independente izan baitzen]; nolabait, hasiera emateko izan zen.

Eta jakin-mina: mapan ez dagoenez, eta deus ez dakigunez, ba, kazetariok kontatu beharrekoa da.

Badago independentzia nahia balutxen artean?

Bai. Independentzia nahia beti egon da hor. Kurduekin bat egin duen sektore bat egon dela ikusi dugu azken urteotan, nolabait PKKtik [Kurdistango Langileen Alderdia] oso gertu dagoena, eta deszentralizazio eta demokratizazio hori nahiko lukete, modelo horizontal bat, non herrialdetasun hori ez den eztabaidan jartzen, baina bai eskatzen den deszentralizazio bat. Baina hori sektore bat da. Gainontzekoek independentzia eskatu ohi dute.

Liburuan aipatzen duzu independentzia lortu nahi dutela erlijioetan oinarritu gabe, baina Irango balutxak sunitak dira. Pakistanen eta Afganistanen ere erlijioetan oinarritu gabe lortu nahi dute independentzia? 

Bai. Pakistanek, alde batetik, armada erabili du; bestetik, paramilitarren arkua oso zabala da. Talibanekin lotura handia duten taldeak erabili ditu Pakistanek balutxen kontra. Balutxen aldarria nazio baten aldarria da. Sunitak dira, baino nazio aldarri horrek pisua dauka.

«Irango Balutxistan ere oso aberatsa da, baina Teheranek ez du esplotatu, eskualde hori ez loratzeko»

Balutxistanek zazpi hilabetez independente izatea lortu zuten 1948an. Uste duzu berriro lortuko dutela?

Ez dut uste Balutxistan izeneko herrialde bat ikusiko dugunik. Baina, bueno, historiak askotan ustekabeak ematen ditu. Pakistan potentzia nuklearra da, eta Iran eskualdeko potentzia bat da. Egun Pakistan edo Iran hausteak sekulako beldurra ematen du, bai amerikarrei, bai errusiarrei, bai txinatarrei... Inork ez du hori nahi. Eta gauza bera gertatzen da kurduekin. Kurduek independentzia lortu ahal izateko, Ekialde Hurbila berrantolatu beharko zenuke, eta horrek anabasa ekarriko luke.

Balutxistanen lur azpia oso aberatsa da: mineralak, petrolioa, urrea... Horrek ekarri du nazioarteko enpresak okupazioaren parte izatea?

Txinako enpresak daude batez ere, baina Txinatik ez ezik Kanadatik joandakoak ere badaude. Kanadako Barrick Gold enpresa dago Balutxistanen, eta joaten den edozein tokitan arazoak izaten dira: beti egonezina sortzen da, ez dituelako errespetatzen bertakoen lurralde eskubideak, eta ezta giza eskubideak ere. Multinazionalek ere sekulako eragina dute.

Iranen desberdina da. Irango Balutxistan ere oso aberatsa da, baina Teheranek ez du esplotatu, eskualde hori ez loratzeko. Egunen batean ustiatzen hasiko dira, baina momentuz ez dute ustiatu.

Zergatik da hain zaila Balutxistanera sartzea?

Nazioarteko kazetariek betoa daukagu. Baimena lortzen baldin baduzu Iranera edo Pakistanera joateko, Teheranen [Iran] edo Islamabaden [Pakistan] gelditu behar da, eta mugitu nahi baduzu, baimena eskatu behar da, eta baimen hori ez da iristen.

Hango kazetariak gelditzen dira, eta sekulako mehatxuak jasotzen dituzte, eta arriskuan bizi dira. Hildako asko daude, torturatutako asko, kartzelatu asko... Eta, ondorioz, hango kazetari askok beren burua autozentsuratzen dute, bizirik irauteko. Autozentsura da modu bakarra bizirik irauteko. Albisteen berri, agentzien bidez izaten dugu, eta gai bat ez badago agentzien eskaletetan, nekez iritsiko da gurera.

«Kabuldik eta kontroletik oso urruti dago, eta kontrol falta horrek, kontraesana badirudi ere, babesa ematen dizu».

Liburuan diozu Balutxistanera sartzeko modurik errazena Afganistandik sartzea dela.

Betoa iritsi zitzaidan Iranerako eta Pakistanerako, eta, beraz, Balutxistanera joateko toki bakarra Afganistandik sartzea zen. Hortik Iranera zein Pakistanera sartzeko aukera neukan. Atzeko ate hori zen, baina beti tentu handiz.

Afganistango Balutxistanen topatu izan ditut Pakistandik ihes egindako errefuxiatu balutxak. Urteetan, afganiarrak Pakistanera joaten ikusi ditugu, baina ez ditugu ikusi pakistandarrak Afganistanera joaten babes bila. Hori oso esanguratsua da, eta dena adierazten dizu. Horrek iradokitzen dizu Pakistango egoera beldurgarria dela. Eta Irandik ihes egindako balutx asko ere topatu ditut Afganistanen. Balutxak Afganistanen erroldatzen saiatzen dira, baina ez diete uzten. 

Nik gauza bera egin behar izan dut lan egiteko, Afganistan zelako tokirik seguruena lan egiteko. Kabuldik eta kontroletik oso urruti dago, eta kontrol falta horrek, kontraesana badirudi ere, babesa ematen dizu. Jakin beharra dago norekin ibili, eta nondik. Baina, aldi berean, seguruagoa da han egotea Kandaharren egotea baino.

Nolakoa da Balutxistanen lan egitea kazetari?

Profil baxua izan beharra dago. 2009rako baneuzkan eginda hainbat kontaktu balutx. Gero, lanak argitaratzen hasi nintzenean, sekulako oihartzuna izan zuen balutxen artean. Inor ez zen haietaz gogoratzen, eta haien artean garrantzi handia zuen BERRIAn, Gara-n edo Argia-n atera zitekeen artikulu bat, askotan euskaraz. Azkenean, atzerriko kazetari batek horren aldeko apustua egin zuen. Horrek sekulako babesa eman zidan haien artean, eta ate guztiak ireki zizkidan. Haien aldetik, noski; Iranen eta Pakistanen aldetik, bistan da ezetz. Zor handia dut BERRIArekin, Gara-rekin eta Argia-rekin, nire istorioak erosten dituztelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.