«Ez dut Gurutzea utziko»

Gaur utziko du kargua Benedikto XVI.a aita santuak. Bi kardinalek huts egingo dute konklabera; batak, osasun arrazoiengatik, eta besteak, sexu erasoen eskandalu baten ondorioz.

Samara Velte.
2013ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Gaurtik aurrera, hutsik geldituko da aita santuaren aulkia. Ofizialki, 20:00etan hasiko da sedes vacans, Vatikanoak estatubururik gabe pasatzen duen tartea. Normalean, aita santu bat hil eta hurrengoa aukeratu bitarteko aldia izaten da, baina oraingoan Joseph Ratzingerrek kargua uztearekin batera hasiko da.

Benedikto XVI.a aita santuak otsailaren 11n jakinarazi zuen ez zeukala indarrik Eliza Katolikoko buru izaten jarraitzeko. Handik bi egunera zehaztu zuen «Elizaren hobebeharrez» erabaki duela dimisioa ematea: «Egunotan, asko daude eskandalu eta injustiziei aurre egiteko gogoz; beti besteenei, jakina. Gutxik dirudite euren kontzientziaren eta asmoen arabera jokatzeko prest».

Ratzingerrek atzo egin zuen bere agintaldiko azken audientzia Vatikanoko San Pedro plazan. 2005ean aita santu izendatu zutenetik Jainkoak une gozoak eman dizkiola esan du, baina baita mikatzak ere: «Elizaren historia osoan bezala, egon dira itsasoa harrotu eta haizea aurka izan dugun garaiak, zeinetan bazirudien Jauna lo zegoela». Ez zuen gehiagorik zehaztu, baina horiexek dira dimisiora bultzatu dutenak.

150.000 lagun ingururen aurrean hitz egin zuen atzo Vatikanoko estatuburuak. Beste zenbait buruzagi politiko ere bazeuden han, besteak beste, Ivan Gasparovic Eslovakiako presidentea eta San Marinoko eta Andorrako ordezkariak. Gianni Alemanno Erromako alkateak 4,5 milioi euro eskatu dizkio Italiako Estatuari egunotako ekitaldiak eta konklabearen ingurukoak antolatzeko. Hiri osoa jarri da gertakarioi begira: atzo, boluntario eta segurtasun indarren artean, 2.000 pertsona baino gehiago mobilizatu zituzten. Frankotiratzaileak ere jarri zituzten San Pedro plaza eta inguruetako estolderia zaintzen.

Monasteriora, errezatzera

Erdi Aroaz geroztik dimisioa eman duen lehen aita santua da Ratzinger. Azkenak 1415ean utzi zuen kargua, eta haren aurretik bi kasu baino ez dira ezagutzen. Gainontzekoak agintean hil dira.

Kargua lagata, monasterio batera erretiratuko da Ratzinger otoitz egitera — «aita santu emerito» izango da aurrerantzean—. Aste honetan jakinarazi du, ordea, Elizaren mesedetan jardungo duela hemendik aurrera ere: «Ez naiz itzuliko bidaietara, topaketetara eta konferentzietara, baina ez dut Gurutzea utziko: beste era batera jarraituko dut Jaunaren zerbitzura».

Atzokoa izan zen aginte amaierako zeremonia nagusia; gaur Vatikanotik irtetean agurtuko dute, baina ez da atzokoaren tamainako agerraldirik izango. Arratsaldeko bostak aldera agertuko da aita santua azken aldiz jendaurrean, Erromatik 30 bat kilometrora dagoen Castelgandolfo egoitzara abiatu aurretik. Aita santuentzako udako bizileku horretan geldituko da Ratzinger, bere ondorengoa aukeratzen duten arte. Iluntzeko zortzietan, Vatikanoa zaintzen duen Guardia Suitzarrak Jauregi Apostolikoko ateak itxi eta hura utziko du, aita santua hil dela irudikatzeko.

115 kardinal konklabean

Hortik aurrera, Eliza Katolikoak buru berria beharko du, eta konklabean erabakiko dute nor izango den hurrengo gidaria. Sedes vacans aldia hasi aurretik 80 urte bete gabe dituzten kardinalak daude horretarako deituta. Hasieran 117 ziren, baina pare bat galera izan ditu taldeak. Iragan astean, Indonesiako Julius Darmaatmadja kardinalak jakinarazi zuen osasun arrazoiengatik huts egingo zuela. Asteburuan, berriz, Eskoziako Keith O'Brien kardinala izan da atzera egin duena. Hiru apaizek eta apaiz ohi batek salatu dute, 1980ko hamarkadan beste klerigo batzuei gehiegikeriak egiteagatik; horren ostean, Saint Andrewseko eta Edinburgoko elizbarrutietako apezpiku gisa dimisioa eman du O'Brienek, eta Benedikto XVI.ak onartu egin dio. Berez, horrek ez dio eragozten konklabean parte hartzea, baina O'Brienek ukatu egin du aita santua hautatzeko prozesuan egongo dela.

AEBetako Roger Mahony kardinala ere sexu erasoen eskandalu betean sartua dago. Eliza Katolikoko hainbat joeratatik Erromara ez joateko eskatu diote, horrek hautaketa prozesuari kalte egingo diolakoan. Hark, akusazioak akusazio, konklabean egoteko asmoari eutsi dio, ez baita halako auzi batean nahastuta dagoen kardinal bakarra.

Oraindik argitu gabe dago noiz ekingo dioten bilkurari. Berez, aita santuaren aulkia hutsik gelditu eta hamabost eta hogeigarren egunen artean hasi ohi da konklabea, baina Benedikto XVI.ak hura aurreratzeko bidea zabaldu du motu proprio bidez, baldin eta kardinal guztiak Erroman badaude. Proposamena ez da, ordea, guztien gustukoa: batzuk urrutitik datoz, eta denbora nahi dute euren artean negoziatzeko eta paktuak egiteko. Agiri horren bidez, aita santuak debekatu egin die konklabearen aurretik hari buruzko informaziorik zabaltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.