Ultraeskuinaren aurkako aldarria indarrez iritsi da Dusseldorfera ere. Hamar mila lagun espero zituzten Ipar Renania-Westfaliako hiriburuan AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdiaren aurkako protestan, baina askoz jende gehiago elkartu da. Faxismoaren eta nazismoaren aurkako mezuak ahoan, gazteak eta zaharrak, ekintzaileak eta herritar arruntak nahastuta bildu dira, eta tankera guztietako kartelek erakutsi dute beste norbaiti ere zuzenduta zegoela gaurko protesta: Friedrich Merzi, CDU-CSU batasuneko kantzilergai eta datorren igandeko hauteskundeak irabazteko faborito nagusiari.
Ultraeskuinaren mezuetara asko hurbildu da Merz, eta duela bi aste Bundestagen (Alemaniako Parlamentuan) haien botoa onartu izanak tabu bat hautsi du Alemaniako politikagintzan: eskuin muturrarekin harremanak ez izatearena. Jarrera horrek iragana gogorarazi die askori, eta iragana batzuetan mingarria da Alemaniarrentzat. «Alemaniaren historia txarra da alde horretatik. 1930eko hamarkadan zegoen alderdi zentrista saiatu zen Hitlerren alderdi nazia kontrolatzen, uste zuelako hartaz baliatu zitekeela. Baina hori suarekin jolasean aritzea da. Ez zuen funtzionatu, eta ez genuke berriro egin behar», azaldu du Nilsek, 50 urte inguruko gizonezko batek.
Nilsek esan du azken asteetan Alemanian izandako erasoek eskuin muturra indartzeko balio izan dutela: «Hori terrorismoa da, fanatismoa da, eta zigortu behar da, baina ez da nahikoa arrazoi fanatismo bat beste batekin borrokatzeko».
Askoz gazteagoa da Alina, baina hark ere argi dauka: «Ez dut 1933. urtera itzuli nahi». Data hori manifestarien kartel ugaritan agertzen da, urte horretan iritsi baitzen Adolf Hitler boterera, eskuin tradizionalaren nolabaiteko onespenarekin. Alderdi naziaren sortzailea ere izan da manifestazioan, ihauterietako irudi baten bitartez, baina AfDren kolore urdineko jantziarekin.
Alina kezkatuta dago, bera bezalako gazte asko ikusten dituelako Interneten AfDren iritziekin bat egiten. Berak ere, «zoritxarrez», badu gertuko norbait ultraeskuinaren zalea dena. «Gogorarazi nion AfDk nolako mezuak zabaldu dituen etorkinen aurka, baina hedabideek esajeratu egiten zutela erantzun zidan. Ukazioan bizi dira».
«Garai zailak»
Alemaniako gizartea, beste herrialde askotakoa bezala, eskuinerantz doala uste du Fabian Grewingek, eta «erokeria» gerarazteko asmoz bertaratu da Dusseldorfeko manifestaziora. Berdeak alderdiaren bandera eta txanoa ditu, eta espero du azkenaldiko manifestazio jendetsuek lagunduko dutela bi helburu lortzeko: CDU-CSU batasuna AfDrengandik urrun mantentzea eta zalantzak dituzten boto emaileak esnatzea. «Agian jende bat ohartuko da AfDren aurkako mugimendu handia dagoela, eta gaiei zorrotzago begiratuko diete». Ez da, ordea, oso baikor: «Garai zailak datoz, ez soilik Alemanian. Ikusi zer gertatzen ari den AEBetan. Garai gogorrak dira besteengan pentsatzen dugunontzat; eskuinak beretzat eta bere ingurukoentzat nahi ditu onurak, eta mugak eta hesiak eraikitzen ditu besteak urruntzeko».
Militante ekologista den aldetik, ohartarazi du AfDk klima aldaketa bera ukatu ohi duela, eta badagoela onartzen duenean esaten duela ez dutela gizakiek eragin. «Ekonomia handitzeari soilik begiratu behar diogula diote, eta alde batera utzi behar ditugula ingurumenaren aldeko neurriak. Desastre hutsa da».
Sankt Pauli futbol talde ezkertiarraren eta ostadarraren koloreak uztartzen dituen bandera bat du eskuan Paulek. AfD LGTBI komunitatearen etsaia dela uste du, eta ez du ulertzen nolatan izan daitekeen Alice Weindel haien hautagaia: «Lesbiana da, Suitzan bizi da beste emakume batekin, bi ume ditu harekin... Uste du boterea lortuko duela, baina, lortzen badu, berehala kenduko dute hortik, aurkari gisa ikusiko dutelako».
Paulen iritziz, alemaniarrak behartuta daude ultraeskuinaren aurka azaltzera. «Ez dugu berriro faxismorik nahi. Eduki genuen, eta obligazioa daukagu halakorik berriro gertatzea eragozteko. Ikusi zer gertatzen ari den AEBetan. Arriskutsua da». Ziurtatu du AfD jendearen beldurrarekin elikatzen dela: «Ez dute konponbide bakar bat ere gure arazoei aurre egiteko. Arazoak nonahi ikusten dituzte, eta irtenbide merkeak eman».

Eskuineranzko joera
Faxismoaren aurkako oihuak eginez sartu da Die Linke ezkerreko alderdiko multzo bat manifestaziora. Haien artean dago Lisa Marie gaztea, bozgorailua eskuan duela. SSD ikasle sindikatu sozialistako kide da, eta «borroka antifaxistaren atzean ideologia antifaxistak ere egon behar duelako» agertu da manifestaziora. Ez dago gustura beste alderdien jokabidearekin. «Nik uste dut alderdi gehienek egin dutela eskuinerantz. Haien erretorika barneratzen ari dira, eta AfDren mezu batzuek gizartean onarpen handiagoa izatea ekartzen du horrek».
Pobreziarekin lotu du ultraeskuinaren gorakada. «Pobreziak eta hari aurre egiteko politika batzuek huts egiteak elikatu du faxismoa. Jende askok uste du bazterrean geratzen ari direla eta inor ez dela haietaz arduratzen; orduan, hor alderdi bat agertu da eta esan die etorkinen erruz daudela haiek horrela, laguntzak kentzen dizkietelako. Gezurra da, baina funtzionatzen du».
Lisa Mariek gogorarazi du AfDk Alemaniako ekialdeko lander pobreagoetan lortzen dituela emaitzarik onenak. %30etik gora geratu zen udazkenean Thuringiako eta Saxoniako hauteskundeetan, eta beste alderdi batzuek bat egin zutelako geratu ziren gobernutik at. Mendebaldean, berriz, indar apalagoa dute, gora egiten ari diren arren. Ipar Renania Wesftaliako parlamenturako azken hauteskundeetan, 2022ko maiatzean, botoen %5,4 lortu zituen ultraeskuinak, eta 195 parlamentariren artean hamabi baizik ez ditu.
AfDren kartelik ez da ageri Dusseldorfeko kaleetan, baina gaur mitina egin du hango erdialdeko plaza batean, Diorren eta luxuzko beste marka batzuen denden artean. Inguruan, poliziak barra-barra, AfDren aurkako manifestazioa handik 200 metro eskasera bukatu baita.