Oso galduta eta arduratuta. Horrela ikusten ditu ukrainarrak Lubov Zhukek (Novodnistrovsk, Ukraina, 1961): «Ez dakigu zer gerta daitekeen bihar. Ez dakigu zer gerta daitekeen gaur gauean». Donostian bizi da Zhuk 2002tik, hiriko Rekondo jatetxean egiten du lan, baina Ukrainan harrapatu du Vladimir Putin Errusiako presidenteak asteon hasi duen gerrak. Donostiara itzultzeko hegaldia hartuta dauka apirilerako, baina oraingoz ez daki itzultzeko aukerarik izango duen.
[Youtube]https://www.youtube.com/watch?v=7gTo8-HGwz0[/Youtube]
Novodnistrovsken dago orain, bere jaioterrian, Kiev hiriburutik 400 bat kilometrora. Hor oraingoz «ondo» daudela dio. Ukrainako hiriburuan, ordea, bestelakoa da egoera; Errusiako armadak hartu nahi du, tankeak sartu dira han, eta bonbardaketa ugari izan dira. Haren seme-alabak eta biloba bizi dira han: «Bilobak deitu dit bart; 15 urte ditu, eta esan dit beren pareko etxe bat bonbardatu dutela». Ukrainako egoera «oso larria» dela adierazi du; «negar egiteko modukoa». Beldurra sumatzen du inguruan: «Nire bilobak esan dit zapatak jantzita egin duela lo».
Egoeragatik «arduratuta» dago Zhuk. Ukraina «guztia» dago okupatuta, eta ez dute ihes egiteko aukerarik. Kievera joatea pentsatu zuen, senideen bila, baina ezin dute: «Kievera joateko errepidea itxita eta okupatuta dago, eta han ere bonbardaketak daude. Horrela bizi gara».
Ostegun goizaldean hasi zuen gerra Errusiako presidenteak, ukrainar asko lo zeudenean. Zhuki telefono dei baten bitartez eman zioten erasoaren berri: «Goizeko bostetan hasi zen erasoa. Nire bilobak deitu zidan». Gerra hasi zela esateko deitu zion 15 urteko neska gazteak: «Amona, herria bonbardatzen ari dira. Arazo larria daukagu. Gerra hasi da», adierazi zion. Kieven, gauean itxi zituzten dendak, eta orain ezin dute «ia ezer» erosi, ezta kalean ibili ere, Zhuken esanetan. Novodnistrovsken, ordea, lasaiagoa da egoera: kalera atera daitezke, eta dendak zabalik daude.
Herritarrak, mutututa
«Hemen denek esaten dute isilik egon behar dugula, gutxi hitz egin behar dugula», azaldu du ukrainarrak. Izan ere, Novodnistrovsken hegazkinak dabiltza, eta herria bonbardatzen badute, arriskutsua izan daiteke, besteak beste, zentral hidroelektrikoak daudelako: «Ur asko dago, eta arazo larriak ekarriko lituzke horrek».
Egoera «gogorra» da ukrainarrentzat. «Ezin dira ibili, ezin dute ezer egin». Hitz egitea ere zaila da herritarrentzat: «Mingaina mozten zaizu. Bihotza ere izozten zaizu. Dena gelditzen zaizu». Hala ere, aurreko egunekin alderatuta, Zhukek hitz egiteko «prest» ikusten ditu ingurukoak; Putin eta Errusiaren kontra «gauza asko esateko prest». Azaldu duenez, herritarrek Putin joatea nahi dute, Ukraina «bakean» uztea: «Inork ez du ezer gehiago espero».
«Errusiarena da errua»
Europa guztiak entzun dezan nahi du Zhukek: «Ukrainak ez du errurik. Errusiarena da errua». Izan ere, uste du Errusiako presidenteak ez duela beren herrialdean sartzeko eskubiderik: «Ez dakit Putinek zer nahi duen, ezta zergatik ari den hori egiten ere».
Baina Zhukek azaldu du Putinen jarrera ez dela azken egunotako kontua izan: zortzi urte daramatzate gerran Ukrainan, 2014tik. «Errusia laguntzera zetorren berez, baina orain arte egon da Ukrainan. Ez da hemendik atera».
Hala ere, ez zuen espero iritsi den lekuraino iritsiko zenik; ez zuen espero «Ukraina guztia bonbardatuko zuenik».
Gerra Ukrainan. Errusiaren erasoa. Lubov Zhuk. Lekuko zuzena Ukrainan
«Ez dakit Putinek zer nahi duen, ezta zergatik ari den hori egiten ere»
Donostian bizi da, baina jaioterrian harrapatu du gerrak, Ukrainan. «Negar egiteko moduko» egoera bizi dutela dio; beldurra eta ardura sumatzen ditu inguruan, eta Putin Ukrainatik joatea nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu