«Ez dakigu ezer; ez daukagu ezer; abandonaturik gaude»

Suteak Moriatik kanporatu dituen milaka migratzaile kanpamentuaren eta Mitilene hiriburuaren arteko errepidean harrapatuta daude astearte gauetik, egoera larrian, Poliziak bidea blokeatu baitie.

Iñaki Agirre Perez.
Moria
2020ko irailaren 11
00:00
Entzun
Astearte gauean Moriako kanpamentuan pizturiko suteak beste krisi humanitario bati eman dio bidea Lesbos uhartean. Izan ere, sugarrek etxetik kanporatu zituztenetik, milaka pertsona Moria eta Mitilene bitarteko errepidean harrapatuta geratu dira, Poliziak migratzaileen eta uharteko hiriburuaren artean ezarri duen blokeoaren ondorioz.

Egoera guztiz dramatikoa da azken hiru gauetan hortik atera ezinik egon direnentzat. Urduritasuna, nekea, haserrea… Moriako hondamendiak sorturiko traumak larriagotzen ari dira kale gorrian pasatutako egun eta gau bakoitzarekin.

Ali apirilean iritsi zen Lesbos uhartera, Senegaldik eginiko bide luze eta gogorraren ostean. Europak, ordea, ez dio espero zuen harrera egin, uhartera heldu zenetik «inork merezi ez duena» sufritu baitu. Orain, sutearen ondorioz, zeukan guztia galdu du: «Ez dut ez arroparik, ezta mantarik ere. Gau oso-oso zailak pasatu ditugu. Ez genuen hau espero. Kanpamentu guztiak su hartu du, eta gure gauzak harekin erre dira. Jainkoarieskerrak, ez da inor hil, zerenhor bizia gal genezakeen,baina egoera oso larria da hala ere».

Moriako kanpalekua desagerturik, migratzaileek inguruko errepide bazterretara lekualdatu dute beren kanpalekua, eta hor dauden pertsonak ahal duten modura egokitzen ari dira bidearen alboetan kanpadendak,tapakiak edo kartoiak ipini eta hala moduz lo egiteko toki bat izateko.

Alik dioenez, ordea, atseden hartzea ezinezkoa da egoera horretan: «Jendea traumatizatuta dago. Oso gogorra da bizi duguna. Eta gauez, gainera, Poliziak negar gasa jaurtitzen digu istiluak egoten direlako. Hemen haurrak, haurdun dauden emakumeak eta mugitzeko arazoak dituzten pertsonak daude. Eta gasa botatzen digute. Nola da posible? Eta egunean zehar inor ez da guregana etortzen azalpenak ematera. Ez dakigu ezer. Ez daukagu ezer. Abandonaturik gaude. Eta nekatuta, oso nekatuta. Hitz egitea ere kosta egiten zait nekearengatik».

Nekea orokorra da, haserrea bezala. Migratzaileek ez dute ulertzen zer egiten ari diren beraiekin, eta inork ez du uste egoerak luze gabe behintzat hobera egingo duenik. Magdiek eta haren familiak, afganiarrak guztiak, ozta-ozta egin zuten ihes Moriako kanpalekuak piztutako sugarretatik, eta, egoera zein den ikusita, orain Lesbos eta Greziatik ere ihes egin nahi dute: «Jendea errepidean lo egiten ari da, edo basoan zuhaitzen artean botata. Nola utz gaitzakete horrela? Ez gaituzte hemen nahi? Ados, utzi gaitzatela joaten. Ez dugu hemen geratu nahi: atera egin nahi dugu, baina ez digute uzten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.