ALEMANIA

Ez da iraultzarik espero

BERLIN
2004ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Bavariako lander-eko lehen ministro Edmund Stoiberrek (CSU Sozial Kristauen Batasuna) honela iritzi dio Alemaniako sistema federalaren erreforma egitasmoari: «Erreforma guztien ama da». SPD Alderdi Sozialistako buru Franz Muentefering, aldiz, zuhurragoa da: «Ez da iraultza bilakatuko». Halere, alde guztietan egitasmoarekiko erresistentzia areagotzen ari bada ere, Batzorde Federaleko bi buruak batuta daude: Federazioaren eta lander-en arteko harremanak aldatuko dituen erreforma, orain arte egindako sakonena, arrakastatsua izatea nahi dute.

Duela urte bat abiatu zuten Batzorde Federala Bundestagek (Beheko Ganbera edo Kongresua) eta Bundesratek (Goiko Ganbera edo Senatua). Helburua hau zen: erabaki politikoak hartzeko prozesuak sinpleago, bizkorrago eta gardenago egitea. Gaur Batzordeak konstituzio erreforma sorta bat iradokitzeko asmoa du, Federazioaren eta lander-en arteko harremanak modu berri batean finkatzeko. Batzordearen xede nagusia Bundestagek onartu beharreko legeen kopurua murriztea da. Orain arte, lander-en ganberak eskuarki oposizioak kontrolatua lege federalen ia %60ren gaineko beto eskubidea du. Alemania alderdi nagusiek (CDU/CSU eta SPD) osatutako koalizio handi bat da; horrek dakartzan desabantaila guztiekin: negoziazioak luzeak dira, eta erantzukizunak ez dira argi azaltzen. Bundestagek onartzea beharrezkoak ziren legeen kopurua erdira jaitsi nahi zuen hasieran Batzordeak. Orain, baina, Stoiber eta Muentefering pozik leudeke lege horien proportzioa %35era edo %40ra murriztea lortuko balute. Etorkizunean, lander-etako prozedura administratiboetan Federazioak egiten dituen esku sartzeak onartzeko beharrik ez du izango Bundesratek. Haatik, lander-ek funtzionamendu hori saihestu ahal izango dute. Lander-ek orain beto eskubidea eskatzen dute «gastu bereziaren inguruko legeetarako», hau da, ez dute onartzen Federazioak Bruselari Europako Batasuneko Egonkortasuna eta Hazkunderako Ituna ez betetzeagatik ordaindu beharreko dirutza lander-en artean ordaindu behar izatea. Dena den, funtsezko galdera bat dago: nondik aurrera jotzen da lege bat «gastu bereziei» lotutakotzat?Bundesratean atzera egitearen ordainez, agintaldian zehar eskumen gehiago jasotzekoak dira lander-ak. Horrela, etorkizunean gai izango dira funtzionarioen karrera, ordainketa eta horniketa zehazteko. Gainera, unibertsitatearen eskubideen alorrean orain baino eremu handiagoa izango dute lander-ek. Ebazpenen gauzatzea ere lander-ek arautzekoa da. Egundaino Federazioa eta lander-ak batera arduratzen dira eskubideen alor askotaz. Mugakide diren lander aberats eta pobreen arteko finantza doiketa eztabaidatu ez denez, Stoiberrek eta Muenteferingek aurrerapauso bat lortzeko esperantza izan dezakete.Errepublika Federaleko 16 lander-ak arrunt ezberdinak dira beren botere ekonomiko eta hedadura geografikoan. Lander-ek subiranotasuna dutenez, beren arauek, beharbada, etorkizunean hegoaldeko lander-ek iparraldeko eta ekialdekoak kaltetzea eragingo dute. Aditu askok kezka dute Berlingo botere zentralaren eta 16 lander-etakoen arteko doiketaren ondorioa honakoa izango dela: sendoak diren lander-en eta ahulagoak direnen arteko tartea handiagotzea. Zorpetutako Bremen eta Saarland zein Ekialdeko Alemaniako lander-ak finantza arloan sendoak diren Bavaria, Baden-Wuerttenberg eta Hesse lander-ekiko menpekotasuna izango dute. Federalismo kooperatibotik lehiakortasunezko federalismora pasatuko gara.

Batzorde Federala

2003ko urrian sortu zuten Bundestagek eta Bundesratek erreformak egiteko Batzorde Federala. Estatuaren izaera eta osaketarako iradokizunak biltzea da bere funtzioa. Xede nagusia Federazioaren eta lander-en legeria eta haien arteko finantza arloko harreman korapilatsuak sinpletzea da.

16 lander-etako lehen ministroek eta Bundestageko 16 kidek osatzen dute Batzordea. Edmund Stoiber eta Franz Muentefering dira presidenteak. Gobernu Federaleko lau kide eta estatu federaleko legebiltzarreko sei kidek aholkulari funtzioa dute. Hiri eta herrietako elkarteetako hiru ordezkarik gonbidatu iraunkor estatusa dute. Gainera, 12 adituk beren laguntza ematen dute. Hasieran azarorako espero zen erreformen gaineko erabakiak hartzea, baina atzerapenak izan dira. Konstituzioari aldaketak egitea erabakiz gero, horiek Bundesratera eta Bundestagera aurkeztu beharko ditu Batzordeak.

-

FEDERALISMOA



 

Lege federalak 'lander'-etakoen gainetik





«Alemaniako Errepublika Federala estatu demokratiko, sozial eta federala da», dio Konstituzioaren 20. artikuluak. Alemania ez da estatu unitate zentralizatu bat, Frantzia bezala, ezta estatuen konfederazio bat ere (kideak subiranoak dituen konfederazio batez ari gara). Sistema federal batek arautzen du Alemaniaren antolaketa nazionala, Legebiltzar Federalarekin, estatu federatuetako legebiltzarrekin eta lander-en bilgunea den Bundesratekin (Senatua). Konstituzioa aldatzeko Bundestageko eta Bundesrateko bi herenen onarpena beharrezkoa da. Lander-ek beren berezko zereginak jorratzen dituzte. Halaber, beren lege batzuk onartzen dituzte. Baina konfederazio batean ez bezala, herritar guztien gainean jurisdikzioa dute estatu federaleko erakundeek. Konstituzioak Federazioaren eta lander-en arteko agintearen banaketa arautzen du. Funtsezko artikulu batek (31.) zera dio: «Lege Federalak lander-etako legeen gainetik daude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.