Mariano Rajoy Espainiako presidenteak egunak egin ditu prestatzen atzo Auzitegi Nazionalean lekuko gisa deklaratzeko zeukan hitzordua, Gurtel auzia dela eta. Abokatuek aholkatu zioten saihesteko ohikoak dituen erantzun zehaztugabeak, eta halaxe egin zuen hasieran: «Ezin hobeki gogoratzen dut» esatera ere ausartu zen presidentea, baina berera itzuli zen deklarazioaren bigarren zatian: «Ez dut ezagun», «ez didate horren berri eman», «ez dut gogoan...». Erantzunen tesi nagusia, berriz, aspaldian PPk darabilena izan du: arlo politikoak ez du arlo ekonomikoarekin zerikusirik, alegia, alderdiaren ekonomia ez da sekula politikarien ardura izan, eta, hori dela eta, ez du inoizPPren kontuen edo aurrekontuen gaineko eztabaida batean parte hartu. Beraz, ez daki ezer Luis Barcenas diruzain ohiaren B kaxaz, eta Francisco Correa Gurtel tramako buruak gizendu zituen PPren kontuez —dagoeneko baieztatuak—. Ustelkeria ohiko praktika izan duen alderdiaren lekuko zuzena izan denak, PPren arduradun nagusiak, ez du ezer ikusi, ez ezer entzun ere.
Izan ere, atzoko saioa Gurtelen lehen garaiko (1999-2005) epaiketaren barrukoa da, 2003ko gertakari jakin batzuen kontuak argitzeko, baina orduan hedatutako praktika luze baten ibilbideaz erantzun behar izan du presidenteak. Gurtel auziko pieza honetan, arduradun zibila da PP, ustez 245.000 euroren onuradun izateagatik, udaletako hainbat buruzagiren etaFrancisco Correaren enpresen artean egindako iruzurren ondorioz. Zehazki, Rajoyk argitu behar zuen nola sartu zen diru hori legez kanpo PPren Majadahonda eta Pozueloko hauteskunde kanpainetan, eta, oro har, alderdiaren feudoak diren Madrilgo udalerrietan. Idazkariorde nagusi izan baitzen 1990etik 2003ra, hainbat hauteskunde kanpainaren arduradun garai horretan, eta 2004tik gaurdaino PPko presidente. «Nirea ardura politikoa zen, ez ekonomikoa». Horixe erantzun du behin eta berriz, ez zekiela dirua zertan gastatzen zuten, eta nola kudeatzen zen. Diruzainak kontuak aurkezten zituela batzorde exekutiboan, eta inoiz ez zuela zalantzarik izan diruzainen lanaz.
Francisco Correa ere ez du ezagutzen. Garai hartan, enpresaria, alderdiko goi kargudun guztiak bezala, parkingetik sartzen zen Genovako egoitzara; etxea bezala zuen —hori Correak berak esana da epaiketan—. Hark aitortua da ere «Gurtelen hirigintza kolpe guztien bidea» izan zirela hauteskunde kanpainok, Madrilgo erkidegoko PPren feudoetan hauteskundeak irabazten zituztela Correaren enpresetatik ateratako dirua erabiliz, udal kontratuen truke. Epaitegian dagoeneko azaldua dago hori hala izan zela. Besteak beste, Pozueloko zinegotzi ohi Jose Luis Peñasek fiskaltzarekin akordioa egin zuen, eta aitortu zuen Gurteleko buruak diruz jositako gutun azalak ematen zituela kanpainaren gastuetarako, eta Genovak udal horiek erabiltzen zituela alderdiarekin «kolaboratzen» zuten enpresa handiei mesedeak itzultzeko.PP nazionalak zerrenda bat bidaltzen zuen faxez, alderdiaren kontuak gizendu zituzten enpresen izenak zerrendatuz. Alfonso Garcia Pozuelok ere onartu zuen Pozueloko eta Majadahondako alkateei dirua ematean Correak egiten zuela bitartekari lana. «Baina Correak aparkalekurako sarbidea zuela?», galdegin du presidenteak: «Ez dakit nork duen giltza eta nork ez, normala den bezala», erantzun du ironiaz.
Beste galdera marka handi bat darama Gurtelekin kontratuak egiteari uzteko Rajoyk emandako aginduak. Agindu horren ostean, zergatik jo zuen tramak Valentziara? Zergatik ez zituen orduan irregulartasunak azaleratu presidenteak? PPren kontakizun ofizialaren arabera, Rajoyk 2003an eman zuen Correaren enpresekin kontratuak egiteari uzteko agindua, eta atzo Rajoyk onartu zuen hala izan zela, Alvaro Lapuerta orduko diruzainak aholkatuta. «Esan zidan gauza batzuk ez zirela egokiak, eta galdegin nion legez kanpokoak ziren. Esan zidan ez zirudiela, baina badaezpada komeni zela, eta hala egin nuen».
Barcenasen kontuez
Erantzun behar izan ditu Luis Barcenasen B kaxari buruzko galderak ere. «Erabat faltsua da» PPri leporatzen zaiona, nahiz eta Barcenasek aitortu duen hogei urtean «kontuez kanpoko kontabilitatea» egon zela. Horrez gainera, Jose Maria Aznar presidente ohiaren kupulak berriki deklaratu bezala —Arenas, Mayor Oreja, Acebes eta Rato—, Rajoyk ere ziurtatu du Barcenasek lan administratiboa soilik egiten zuela, Alvaro Lapuertaren agindupean —Lapuerta epaiketatik kanpo utzi dute, dementzia duela eta—. Denek ukatu dute Barcenasen eskupekoak jaso izana. Haren paperetan, ordea, denen izenak ageri dira. Beste hamaika gai jarri dituzte mahai gainean, baina ezertara ez iristeko. Ez du hanka sartze nabarmendik egin, eta, beraz, atera da ataka honetatik ere. Atera ere sartu zen bezala, atzeko atetik. Atzo autoz heldu baitzen Auzitegi Nazionalera, eta bi trailer jarrita zeuzkaten egoitzaren aurrean, haren epaitegirako sarrera irudiak ez zitzaten betikotu.
Ez da ezeren lekuko izan
Mariano Rajoy Espainiako presidenteak lekuko gisa deklaratu du 'Gurtel auzian'. PPren ustelkeria ukatu du, eta nabarmendu ez duela legez kanpoko ezer ikusi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu