Urriak 25, asteazkena
Hemeretzigarren eguna. Edonor zur eta lur uzteko modukoa da ospitaleetako botika eta tresna falta. Sendagairik ez dago, baina, are gehiago, pazienteak anestesiarik gabe operatzen dituzte orain. Hortaz, doblea dute mina. Ohiko bihurtu da erietxeko ia ohe bakoitzetik oihuak entzutea etengabe. Inork ez dauka analgesikorik, inork ez lasaigarririk. Ohe bat baino ez zaie eskaini orain arte, eta, orain, hori ere ez. Al-Xifako ospitaleak bostehun ohe hartzeko lekua izaten du normalean, eta aste honetan horiek halako bi sartu dituzte. Eta, hala eta guztiz ere, nahikoa ez. Iritsi berriek ez daukate nora jo. Hiru ohe hartzeko prestatuta dagoen gelan zazpi ohe daude orain. Korridoreetan jartzen dituzte oheak, itxarongeletan, ebakuntza gelen aurrean, baita komunen sarreran eta eskaileretan ere. Zentimetro oro behar. Horri erantzuteko, ospitalearen kudeatzaileek karpa bat jarri zuten atzo larrialdietarako sarbide osoan: oihal erraldoi bat, eta, haren azpian, guardia inprobisatu bateko guneak. Horrek ere ez du konpondu leku falta, baina toki gehiago eman die lanerako. Orain, lurrean jarritako koltxoietan ipintzen dituzte ospitaleratuak. Oherik ez eta.
Gaur goizean, badirudi inoiz baino beteago dagoela Al-Xifa ospitalea. Gerra garaian, dena da berdintsua goizero, baina erietxeak badu zerbait diferentea. Ehunka pertsona nonahi, horixe besterik ez da ikusten: batzuk oinez, beste batzuk geldi, beste zenbait medikuen inguruan bilduta, eta beste batzuk, berriz, pareko lorategietan presaka jarritako karpetatik lasterka irteten. Larri dabiltza denean. Orain, oihalezko horma eta korridore berriekin, badirudi behin-behineko ospitale batean gaudela. Karpa handiaren azpian ehunka paziente daude lurrean etzanda, batera eta bestera, alde guztietara. Ez da medikurik ageri; erizain bakar bat dago, gaztea, guztien kontsultei eta eskariei erantzun nahian.
Joan Gazako egunerokoa-ren hasierara
Wissamen ohera iritsi naiz, eta eskari zail bat egin dit: ea hiltzeko injekzioa jarriko diodan. Esperantza omen du Alak barkatuko diola. Nik honela esan diot, irribarrez: «Niri, ordea, ez dit barkatuko, Wissam». Eta hark erantzun: «Zure partez eskatuko diot barkatzeko zuri ere». Esan diot zorakeria dela hori, eta Ahalguztidunaren jakituriaz mintzo den esaldi bat errezitatu diot. Esan diot Hark nahiago duela berak bizirik irautea, heriotza horren guztiaren erdian ere; hori dela Haren borondatea. Baina tinko erantzun dit ezin duela gehiago eraman zaurien oinazea. Ez baitiote eman ez botikarik, ez anestesiarik. Ez da bidezkoa halako mina jasan beharra. Zurbil dago, oihuka, etsitzeko prest. Adore emateko esaldiak esaten segitu dut nik, baina ez dago hitzik lagunduko dionik.
«Wissamen ohera iritsi naiz, eta eskari zail bat egin dit: ea hiltzeko injekzioa jarriko diodan. Esperantza omen du Alak barkatuko diola. Nik honela esan diot, irribarrez: 'Niri, ordea, ez dit barkatuko, Wissam'».
Gerrako hemeretzigarren eguna da, eta ez dago inoiz bukatuko den zantzurik. Inork ez du hizpide su eten erabatekorik. Gehienak eztabaidan dabiltza ea ordu gutxi batzuetarako menia humanitario bat ezarriko ote duten, jakiak eta sendagaiak sartu ahal izateko. Halako garaietan, nahitaezkoa izaten da notiziak eta adierazpenak entzutea, informazio ziztrin bakoitza entzutea. Nahiz eta, aldi berean, jasanezina den halakoak aditu beharra. Desatsegina da ohartzea nola hitz egiten duten gutaz, nola aipatzen gaituzten, nola mintzatzen diren gure ordez, nola hartzen dituzten erabakiak gure partez, guri hitzik ere eman gabe.
Bart, 03:15 aldera, jauzi batez jaiki naiz ohetik, sinetsita ni nengoen lekuan izan zela entzundako azken erasoa, Farajen etxean alegia. Ahaztua nuen araua: entzun baduzu, zu harrapatu ez zaituzten seinale. Leihora jo dugu denok korrika, eta beheko kalera begiratu. Zentzumen guztiak hartu dizkigute horma hautsien eta erorien hotsak, denera zabaldutako beira zatien irudiak, metal eta egur errearen usain minak. Zenbatu dugu hiru eraso izan direla, auzoaren erdialdean. Eta, ohi bezala, gure asmakizun jolasari ekin diogu: etxe hau izan ote den, edo beste hura. Gero, jolasa amaitu eta lotara joan behar berriz. Goizean, Mohammedek esan dit Al-Halabiren familiaren etxean izan dela erasoa, gure familiaren etxetik bi eraikin harago; Farajen etxetik ehun metrora. Sei gorpu aurkitu dituzte hasieran; hamabost lagun erreskatatu dituzte, eta beste batzuk hondakinen azpian desagertuta daude. Ez da samurra gorputz mutilatuen atalak hartu eta manta batean biltzea. Are zailagoa da gorpuak identifikatzea, lehenik zer sexutakoak diren zehaztea, gero zer adinetakoak diren, eta, azkenik, zail-zailena: nor den pertsona hori.
Aurkitzen dituzten gorpu ugari ezin identifikatzeko moduan daude. Asko eta asko, hainbat puskatxotan zatituta. Aurkitzen duzu hanka bat hemen, esku bat han, eta gorputzaren gainerakoak haragi xehatua dirudi. Azken aste honetan, gazatar asko hasi dira beren izen-abizenak idazten eskuetan eta hanketan, errotuladore ezabaezinez, hartara, hiltzen badituzte eta gorputza zati-zati egiten badiete, identifikatu ahal izan ditzaten. Makabroa dirudi, beldurrezko film bateko kontua. Baina zentzu guztia du: heriotzan pentsatzeko modurik logikoena da hildako batek bezala pentsatzea. Pertsona gisa, gogoratu gaitzaten nahi dugu; gure istorioak kontatzea nahi dugu; segurtatu nahi dugu duin samar hilko garela, zergatik hil garen edo hiltzaileek zer zuribide izan uste zuten gorabehera. Horrela, gutxienez, gure izen-abizenak edukiko ditugu hilobian.
«Azken aste honetan, gazatar asko hasi dira beren izen-abizenak idazten eskuetan eta hanketan, errotuladore ezabaezinez, hartara, hiltzen badituzte eta gorputza zati-zati egiten badiete, identifikatu ahal ditzaten».
Joan den astean eraso zioten etxe familiarraren hondakinen azpian, ezin aterata daude zenbait gorpu, eta airean dago haien usaina. Zenbat eta denbora gehiago pasatu, orduan eta gogorragoa usaina. Zazpi lagun ez dituzte aurkitu oraindik. Egia esan, hainbeste jende dagoenez ohiko etxetik senide edo lagunen baten etxera joanda, maiz zaila da jakitea zenbat lagunen bila ari garen. Bizirik iraun dutenen edo gorpuen bila hasi, eta inork ez du zehazki jakiten zenbaten bila ari garen.
Farajen auzoan hainbat eta hainbat etxe daude birrinduta, eta hondakinak erretiratu gabe daude oraindik. Jabalia ospetsua da bere pasabide estuengatik, baina orain harriz, zementuz eta metal nahaspilatuz blokeatuta daude denak. Une batez, lehenago norbaiten etxea izan eta orain kaos meta bat den horren gainean geldi, nire auzoa etorri zait burura: jaio eta hazi nintzen lekua. Bihotz-buruz dakit hango kale estuen labirintoa. Begiak itxita ere ibil naiteke haietan zehar. Xehetasun bakoitza ezagutzen dut, mugarri bakoitza, eraikin bakoitza. Hainbeste hondakinen artean, desagertuak izango dira honezkero kalexka baten eta hurrengoaren arteko mugak. Erreskate lanetan nabilela, pixka batean geratu naiz, arnasberritzeko, eta, lipar horretan, neure buruari baimena eman diot kalexken eta errepideen mapa marrazteko berriz gogoan, nire auzoaren soslaia buruz trazatzeko, azkenean. Laster, ez dira existituko gure gogoan sorberriturik baino; horregatik hasi behar dut oraintxe haiek sorberritzen.
Hurrengo atala: «Familia guztia erail diote»
Atef Abu Saif Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministroa eta idazlea da. Urriaren 7an Gazan zen, eta han gelditzea erabaki zuen Israelen erasoa hasi zenean. Bertatik idazten ari den egunerokoa BERRIAren esku jarri du, eta egunez egun argitaratuko da.