Pablo Fanok (Bilbo, 1976) bi urte daramatza Londresen, euskal enpresen nazioartekotzerako Jaurlaritzaren SPRI agentziaren ordezkari. Bi urte, Londresek eta Bruselak dibortzioa negoziatzen daramaten denbora bezainbeste.
Zer ondorio izango luke Erresuma Batua EBren aduana batasunean geratzeak?
Berri ona da produktuak ekoizten dituzten gure enpresentzat, enpresa industrialentzat: autogintzakoentzat eta aeronautikakoentzat, adibidez. Nolabait, mantendu egingo delako produktuak mugitzeko orain arteko gaitasuna. Baina beste sektore batzuetako enpresentzat ez da berri ona.
Zer sektorerentzat da albiste txarra aduana batasunarena?
Nekazaritzarentzat eta arrantzarentzat, adibidez. Normalean, aduana batasunetan nekazaritza batasunetik kanpo geratzen da. Edonola ere, itunaren zehaztasunak jakin beharko genituzke.
Lehen sektoreaz gain, egon daiteke beste kalteturik?
Aduana batasunetik kanpo geratuko lirateke zerbitzuak ere, eta baita kontratazio publikoak ere. Hori ez da albiste ona gure enpresa batzuentzat.
Zein enpresarentzat?
Euskadin enpresa ugari dauzkagu ingeniaritza zerbitzuak eskaintzen dituztenak Erresuma Batuan. Brexit-aren akordioaren zehaztasunak jakin barik ere, enpresa horientzat, printzipioz, ez da berri ona aduana batasuna. Bestalde, erosketa publikoaren inguruan ere gauza bera gertatzen da: kontratazio publikoaren erregulazioa aduana batasunetik kanpo geratuko litzateke. Zalantza izugarria litzateke enpresa askorentzat.
CAFek, esaterako, lehiaketa publikoak irabazi izan ditu Erresuma Batuan. Horrelako lehiaketetara aurkeztea zailduko litzateke euskal enpresentzat?
CAFen kasuan ez horrenbeste, zeren ireki berri baitu fabrika bat hemen, Galesen.
Han egoitzarik ez dutenentzat zaildu egingo litzateke lehiaketa publikoetara aurkeztea.
Hala da, bai, produktuak saltzerakoan bai.
Merkatu batasunak lau mugimendu askatasun bermatzen ditu: pertsonena, ondasunena, kapitalena eta zerbitzuena. Alabaina, merkatu batasuna eta aduana batasuna ez da gauza bera, ezta?
Gauza desberdinak dira. Lau askatasun horiek ez dira betetzen aduana batasun baten barruan; horiek bakarrik merkatu batasunaren barruan betetzen dira.
Theresa Mayren itunak zer proposatzen du, EBk eta Turkiak daukaten aduana batasunerako itunaren antzeko zerbait?
Bai, baina xehetasun ugari ikusi behar dira akordioaren testuan.
Brexit zale gogorrenak ez daude pozik itunarekin: zer kalte ditu aduana batasunak Erresuma Batuarentzat?
Ezingo luke merkataritza hitzarmenik egin nazioartean gainontzeko herrialdeekin. Brexit-aren aldeko politikarientzat oso oso inportantea da nazioarteko itunak egin ahal izatea. Itunak egiteko bi esparru geografiko dituzte beti buruan: Txina eta Commonwealth. Politikoki erraz sal dezakete EBtik kanpo egongo direla baina beste bi horiekin izango dutela harremana, nahiz eta, praktikan, EBrekin alderatuta, merkataritza harremanak ez izan hain inportanteak haiekin. Oso garrantzitsua da merkatua geografikoki gertu egotea.
Aduana batasunak, ordea, eskuak lotzen dizkio Londresi EBtik kanpo merkataritza hitzarmenak egiteko. Beraz, Mayk nekez lortuko du babesa, ezta?
Hala da. Erronkarik handiena hemen dago, Londresen, ez Bruselan. Eta hori nahiko arraroa da. Normalean EBn beti gabiltza eztabaidan eta akordiorik lortu ezinda; baina, brexit-aren kasuan, 27 herrialdeek batera egin dute bidea azken bi urteetan, eta Erresuma Batua ez da gai izan jarrera bateratu bat adosteko.
Westminsterrek du giltza
«Bizikidetza arazoak» itsasoan ere
'Brexit'-ari buruzko akordioa. Eragin ekonomikoa. Pablo Fano. SPRIren Londresko ordezkaria
«Ez da berri ona ingeniaritza zerbitzuen enpresentzat»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu