Georges Ibrahim Abdalla. Preso libanoarra Frantzian

«Existitzen ez den delitu bat aplikatu didate: iritzietan oinarritutako arriskua»

30 urte egingo du preso laster George Ibrahim Abdalla libanoarrak. Europan arrazoi politikoengatik espetxean denbora gehien daraman presoa da. Lannemezango kartzelan dago, eta han eguneroko harreman estua du euskal presoekin.

inaki petxarroman
2014ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Palestina Askatzeko Herri Fronteko kide (FPLP), Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen (FARL) sorreran engaiatu zen 1980ko hamarkada hasieran Ibrahim Abdalla (Kobaiat-Libano, 1951). Lyonen (Frantzia) atxilotu zuten, 1984an, eta, CIAko eta Mossadeko bi agenteren hilketarekin lotuta, bizi arteko zigorra ezarri zioten. Hiru aldiz agindu dute askatzeko, baina oraingoz kartzelan jarraitzen du. Idatziz erantzun du BERRIAren galdetegia.

Gaur egun, Europan espetxean urte gehien daraman preso politikoa zara. Zer esanahi du horrek zuretzat?

Espetxe inperialistetako atxiloaldia menperatze harreman dinamika orokorraren baitakoa da. Sistemaren krisia eta haren osagaien kontraesanak areagotzeak —eta, ondorioz, herri masen mobilizazioak eta borroka adierazpenen gorakadak— era batera edo bestera indarberritzen dituzte bizirik den borrokaren memoria kolektiboarekiko lotura, burdinen atzean badago ere. Hala, indar atzerakoiek botika bakarra dute preso politikoentzat: kontrairaultza prebentiboa.

Zer esan nahi du horrek?

Horrek esan nahi du epaitegi bereziak, atal antiterrorista bereziak eta hedabide inperialistak erabiltzen dituztela burgesiak behar duen propaganda atzerakoia zabaltzeko. Burgesia inperialistak lege eta epaitegi bereziak indarrean jartzen dituenetik, erori egiten dira justiziaren inpartzialtasun eta independentziari buruzko ele eder guztiak. Orduan erakusten du sistemak benetako aurpegia.

Gorabehera asko izan ditu zure auziak. Nola hasi zen dena?

Nire historia judizialaren gainbegiratze azkar batek garbi erakusten du zeinen hutsa dagoen giza eskubideetan oinarritutako justiziari buruzko diskurtso burgesa. 1984ko urrian atxilotu ninduten, paper faltsuak izateaz akusatuta —haietako bat, Aljeriako agintariek emandako pasaporte bat—. Ondoren, agintari frantsesek negoziazioak zabaldu zituzten Aljerrekin. Haien ondorioz, ni askatzeko konpromisoa hartu zuen Parisek. Alabaina, 1986an Lyongo auzitegi korrekzionalak lau urteko zigorra ezarri zidan.

AEBetako gobernuaren itzala etengabe egon da hor, zure aurkako indar faktiko moduan.

Hasierako prozedura hartan alde zibil gisa eratu, eta Ronald Reaganek esku hartu zuen François Mitterranden aurrean, eskatzeko espetxean manten nintzatela eta Aljeriarekin hartutako konpromisoak baliogabe zitzatela. Zoritxarrez, Reaganek eta AEBek irabazi zuten, eta Frantziak ez zituen errespetatu bere konpromisoak. Hala, askatu eta Libanora egotzi beharrean, Mossadeko eta CIAko agente biren hilketagatik epaitu ninduten, hilketa haiek egiteko laguntza eman izana egotzita.1987an, legearen atzerako eraginkortasunari buruzko helegite bat zela medio, zigor auzitegi bereziak bizi arteko zigorra ezarri zidan, nahiz eta fiskalak hamar urteko espetxe zigorra besterik ez eskatu.

Geroztik, auzitegiek hiru aldiz agindu dute zu askatzeko. Zergatik zaude oraindik preso?

1999tik aurrera askatasuna lortzeko aukera nuen, eta 2003an Paueko eskualdeko auzitegiak nibaldintzapean askatzeko ebazpena eman zuen, Libanora bidalia izateko baldintzapean. Justizia ministroak helegitea jarri zuen, eta askatzeko aginduari muzin egin zion. 2007an, askatzeko bigarren aginduari uko egin zioten, Frantziako inteligentzia zerbitzuaren ustez herrialdearen segurtasunarentzako mehatxu bat nintzelako, inperialismoaren eta Israelen aurkako nire iritziak ez zirelako aldatu.

Helegitea jarri zenion, ezta?

Bai, eta baldintzapeko askatzeak aztertzeko batzorde nazionalak hartu zuen nire auzia. Bi aldiz atzeratu zuen erabakia, 2008ko otsailaren 25eko Segurtasuneko Atxiloketari buruzko Legea atzerako eraginkortasunez ezartzeko. Erabateko inpartzialtasun eta independentziaz aplikatu zidaten lege hori ere. Batzorde horren esku hartzearen bidez, herrialde honetako ezein testu juridikotan existitzen ez den delitu bat aplikatu didate: iritzi politikoetan oinarritutako arriskua.

2012an eman zuten zu askatzeko azken agindua, eta Manuel Vallsen sinadura besterik ez zenuen behar aske geratzeko.

2012ko abenduan, Frantziako Zigor Auzitegiak ni askatzeko agindu zuen. Erabakia zein zen jakinda, AEBetako parlamentari talde bat gonbidatu zuen Justizia Ministerioak. Sionismoaren oinarrizko erakundeak ere presio egiten hasi ziren, eta Manuel Valls Barne ministroak uko egin zion nire askatasuna sinatzeari estatuburuaren agindurik jaso ezean. Agerikoa da burdinen atzean pasatutako denbora ez dela preso politiko bat askatzeko arrazoi nagusia. Ordea, presoak askatu egiten dira, haien aldeko mobilizazioak pisuzko faktore bat bihurtzen direnean zapalketaren eta esplotazioaren aurkako borroka orokorrean. Preso jarraitzeak kalte handiagoa egiten dienean erabakiko dute askatzea. Horregatik, preso bati eskain dakiokeen elkartasunik eraginkorrena da zapalketaren aurkako borrokan tokian-tokian konpromisoa hartzea.

30 urte eman dituzu espetxean.Ez zitzaizun erraza izango.

Jakina, Frantzian edo beste edozein tokitan, oso zaila da hainbeste denboran espetxean bizirik irautea. Izan ere, gizon eta emakumeak irensteko makina bat da espetxea, eta ez du inor barkatzen. Argi dago preso politikoak hobeto prestatuta eta babestuago egoten direla, giza harremanen bidez jasotzen duten elkartasunagatik eta masen borrokarekin lotuta mantentzeko pareten atzean egiten duten ahaleginagatik. Agerikoa da espetxeratutako militante bati eman dakiokeen elkartasunik onena dela harreman bat eskaintzea bizirik dagoen borrokarekin. Lotura horrek sortzen du babesik sendoena espetxeko etengabeko higatzearen aurrean.

Gertutik ezagutzen dituzu euskal presoak, eta, haien bidez, euskal gatazka. Zer iritzi duzu?

Duela urte pila bat ezagutzen dut Euskal Herriaren borroka. Mugen gainetik, eta garai bereziki zailetan, euskal herritarren elkartasuna sekula ez da falta izan Palestinarekin, bai Euskadin egindako manifestazioen bidez, bai Zisjordaniara eta Gazara bidalitako babes ordezkaritzen bidez. Zortea izan dut espetxeko eguneroko bizimodua balio handiko kide askorekin partekatzeko, izan Moulins, Clairvaux, Saint-Maur edo Lannemezanen. Zoritxarrez, beti izan ditut inguruan euskal presoak, eta, zorionez niretzat, Euskal Herriaren eta herri masen borrokaren kamarada duinak dira. Beti erakutsi didate mundu hobe baten alde engaiatzeko esperantza eta borondatea.

Nola ikusten duzu Euskal Herriko prozesu politikoa?

Irudipena daukat Euskal Herria beste fase batean dagoela bere askatasunaren eta batasunaren aldeko borroka luzean. Modu natural batean, ezker abertzaleak aurkituko du behar duen indarra eta bitarteko egokiak dagozkion lanak aurrera eramateko. Fase berri guztietan bezala, militante presoek onena emango dute berresteko euren printzipioak eta euren konfiantza hautsezina Euskal Herriaren garaipenean.

Palestinaren borroka eta Libanoko inbasioaren aurkako jarrera izan ziren zure engaiamenduaren arrazoiak duela 30 urte. Nola ikusten duzu egoera orain?

30 urte dira Israelek Libano inbaditu zuela (1982). Nazioarteko harremanen egoera orokorra aldatu egin da: Sobietar Batasuna desegin eta kapitalismoa berrezarri da, eta bi poloetako nazioarteko ordena amaitu da. Prozesu horrek eragin handia izan du Ekialde Hurbilean ere. Munduko eta eskualdeko prozesu kaotiko horren barnean, Palestinak euforia eta tristura garaiak izan ditu: Lehen Intifada (1987-1993), Osloko akordioak (1993ko iraila), Kuwaiteko okupazioa eta golkoko gerra. Nabarmenduko nuke Libanoko erresistentziaren garaipena Hezbolaren gidaritzapean eta, bide batez, Camp Davideko bileraren porrota, agerian utzita Osloko itunean oinarritutako bake akordioen oinarri falta... Horrek denak ekarri zuen, besterik ezin eta, Bigarren Intifada, 1994an.

Yasser Arafat buruzagi historikoa hil zen orduan, gainera.

Eta, haren heriotzaren ostean, Mahmoud Abbas aukeratu zuten Palestinako Agintaritza Nazionaleko (ANP) presidente. Orain haren ildo politikoa onartu dute, Osloko akordioak oinarri hartuta. 2003ko bakerako bide orri batetik beste bide orri askotara, etengabe exijituz okupazioaren aurkako erresistentzia gelditzeko—kolonoen aurkako borroka armatua barne—. Prozesu eta solaskide asko pasatu dira, eta oraindik ez dago inondik estatu palestinar baten sorreraren arrastorik ere, haren sorrera aurreikusia egon arren Osloko akordioak sinatu eta bost urtera. Bitartean, kolonia sionistak perretxiko gisa zabaltzen ari dira, eta ekialdeko Jerusalemenen judutze prozesua indarrean dago palestinarren etxeak birrintzearekin batera.

Huts egin du egindako bideak, beraz?

Hamarkadak daramatzagu negoziazioen zidorretan galduta, eta okupatzaile sionistek ez dute aitortzen ez independentziarako eskubidea, ez iheslarien itzulerari buruzko NBEren 194 ebazpena, ez Palestinaren partekatzeari buruzko 181 ebazpena. Negoziazio horien guztien ostean, Netanyahuk sei gauza esan berri ditu: 1-Ez duela iheslarien itzulera onartzen. 2-Jerusalem (ekialdea barne) Israelen hiruburua dela. 3-Palestinak aitortu behar duela estatu judua. 4-Estatu palestinarrak desarmatua egon behar duela. 5-Estatu palestinarrean kolonia sionistak ezingo direla deuseztatu. 6-Balizko estatu palestinarraren mugak eta aire espazioa Israelek zainduko dituela. Azkenean hori dena esateko, zertarako hainbeste negoziazio?

Ez al du historiak ezer irakatsi?

Bai. Palestinako herriak, gaur egun, bere alderdi eta ordezkari politiko guztien bidez (ANP barne), badaki inoiz baino hobeto ez zaiola onartuko bere eskubide legitimo bakar bat ere herriaren batasunik eta borroka luze eta gogorrik gabe.

Zein da bidea, zure ustez?

AEBen eta Israelen maniobrak gorabehera, Palestinako ordezkariek ez dute izango herri masen babesa printzipio hauek aintzat hartu ezean: iheslarien itzulera ezin ukatuzko eskubide bat da; Israelek 1967an okupatutako lurraldea hustu behar du; Zisjordania eta Jerusalem ekialdeko kolonia guztiak deuseztatu egin behar dira; Bere estatuaren gainean palestinar herriaren subiranotasuna errespetatu egin behar da; Palestinak aske izan behar du beste estatuekin aliantzak egiteko; ez babestu 1948an lurralde okupatuetan bizi ziren palestinarren eskubideei uko egiten dien ekinbiderik, eta ez aintzat hartu Israel estatu judua dela dioen exigentzia; azkenik, Palestinako preso guztiak askatu egin behar dira.

Posible al da hori dena?

Bukatu egin behar da Oslok ekarritako amaierarik gabeko negoziazioen eredua, horrek denbora ematen diolako Israeli kolonizazio prozesuan sakondu eta baldintza berriak jartzeko.

Gertu al dago Palestinaren eskubide nazionalak bermatuko dituen akordio bat?

Oslon oinarritutako bake prozesua alboratzea, Palestina askatzeko prozesuaren oztopo bat izan beharrean, ezinbesteko baldintza da. Historiak ez ditu barkatzen kasta interes propioengatik euren herrien etorkizuna katez lotzen dutenak. Pazientziak muga bat du, eta espero dut dagokienek saihestu egingo dutela luzaro pilatutako amorrua lehertzea.

Palestinarrak amorruz lehertzear daudela iruditzen zaizu?

Palestinako aginteak eta borrokan diharduten eragileek badakite iheslari kanpalekuetako eta hirietako gazteek etorkizunari begiratzen diotela ikuspegi berri batekin. Izan ere, palestinar herriaren borrokaren ondarea osatu egiten da mundu arabiar osora hedatzen den mugimendu global berri baten argitan. Ez dut dudarik Palestinako ezkerreko mugimenduak behar dituen tresnak aurkituko dituela aurre egiteko bere ardura historiko erraldoiarieta toki bat egingo diola borrokarako gertu dagoen gazteria horri.

Sabra eta Xatilaren sarraskiaren lekuko izan zinen. Nola eragin zizun gertakari horrek?

Libanotik urruti nengoen, Palestinako iraultzaren baseetako batean. Kideekin batera izan nuen sarraskiaren berri, telebistatik. Hortxe ziren gorpuak pilatuak, iheslarien kanpalekuaren lurrean: zaharrak, gazteak, umeak... Eta, hara, masakratutako familia bateko kide guztiak gure begien aurrean zeudela, familiako kide bakar bat falta zen han: aita. Hura nire ondoan zegoen pantailari begira. Egun batzuk lehenago, amak mesedez eskatu zion eramateko berekin emaztea eta semea: «Eraman itzazu zurekin, zu joan bezain laster lepoa moztera etorriko zaizkigu eta».

Zergatik ez zion kasurik egin?

Fedajinek (gudariek) ez zeukaten zalantzarik; lasai zeuden. Abu Ammar bera ere (Yasser Arafaten gerrako ezizena) ziur zen; mundu guztiaren bermeak zituen. «Amerikarrek, frantsesek eta Nazio Batuek idatzizko bermeak eman dituzte. Lasai egon; israeldarrak badoaz Libanotik, eta nazioarteko indar batek bermatuko du palestinar iheslarien kanpalekuen segurtasuna», esan zuen.

Ez zen hala gertatu, baina.

Berme horien berri emango zioten familia hari ere, eta amonak ohartaraziko zien: «Lepoa moztera etorriko zaizkigu, eta damutuko zaizue joan izana». Andre hark arrazoi zuen, eta gu guztiok, Amu Ammar buru, oker geunden. Esango nuke Beirut uztea izan dela Palestinako iraultzak jasan duen porrotik handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.