Evo Moralesek dimisioa eman du

Boliviako presidenteak «bake soziala» bermatzeko utzi du kargua, armadak presio egin ostean. AEEren eskaerari jarraituz, hauteskundeak berriz egitea onartu du, kargua utzi aurretik

Evo Morales presidentea El Alto hirian egin zuen agerraldian, atzo goizean. EFE.
mikel rodriguez
2019ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Joan den urriaren 20an egin zituzten presidentetzarako hauteskundeak Bolivian. Evo Moralesek presidentetza hartu zuenetik (2006) inoiz izandako lehiarik estuena espero zen. Emaitza ofizialen arabera, ordea, Moralesek bigarren itzulirik gabe lehenbizikoan irabazteko behar adinako aldea atera zion Carlos Mesa oposizioko liderrari —hamar puntu baino gehiago—; oposizioak iruzurra salatu eta ez zuen emaitza onartu.

AEE Amerikako Estatuen Erakundeak atzo jakinarazi zuen bozen prozesuari buruz egin duen ikerketaren emaitza, eta ondorioztatu du sistema informatikoaren «manipulazio argia» egin zela boto kontaketan. Presidenteak emaitza onartu, eta, AEEren gomendioari jarraikiz, atzo lehen orduetan erran zuen berriz eginen dituztela hauteskundeak. Oposizioak ontzat jo zuen, baina ez zen konforme geratu: exijitu zuen Morales eta Alvaro Garcia Linera presidenteordea ez daitezela aurkeztu, eta armadak, berriz, bere dimisioa eskatu zuen ohar batean. Moralesek ez ezik, Linerak ere kargua utzi du.

William Kaiman armadako buruak Moralesi «iradoki» zion dimisioa eman zezala, «baketzea eta herrialdearen egonkortasuna» bermatzeko. Presidenteak, azkenean, etsi egin du, ohartarazpen hau egin ostean: «Kolpe zibiko, politiko eta poliziala izan da». Kubako presidente Miguel Diaz-Canelek eta Venezuelako Nicolas Madurok ere bide beretik jo dute, baita Luiz inacio Da Silva Lula Brasilgo presidente ohiak ere: salatu dute «estatu kolpea» izan dela, eskuinak demokraziari egin dion «eraso larria eta onartezina».

Azken egunotan izan diren protesta bortitzen ondorioz erabaki du atze ra egitea. Moralesek atzo goizeko prentsaurreko batean erran zuen hauteskundeak berriz eginda «Boliviako herriak demokratikoki» aukeratuko dituela «agintari berriak, eragile politiko berriek parte hartuta». Hauteskunde Auzitegi Gorena arduratzen da bozen antolaketaz eta prozesu osoaz, eta presidenteak jakinarazi zuen organo horren ordezkari guztiak aldatuko dituztela. Gainera, La Paz Departamentuko Fiskaltzak prozedurak hasi ditu auzitegiko kideak auzipetzeko.

«Abertzaletasun izpiren bat bazenu, erretiratu egin beharko zenuke», erantzun zion Mesak Moralesi. Mesa hauteskundeetako arerio nagusia izan bada ere, bertze lider bat nabarmendu da Moralesen eta MASen aurkako oldarraldian: Luis Fernando Camacho. Abokatua da lanbidez, eta Santa Cruz hiriko Batzorde Zibikoko presidentea. Hark bultzatu ditu karrikako mobilizazio gehienak, eta La Pazera joan zen Moralesekin elkartzeko asmoz, baina presidenteak ez zion jaramonik egin. Azken egun hauetan, hainbat eskaera eta exijentzia egin dizkio gobernuari —hauteskundeak berriz egitea, 48 orduren buruan dimisioa ematea, matxinadarako deiak...—, eta nazioarteko zenbait liderren babesa lortu du —Luis Almagro AEEko idazkari nagusiak Boliviako Gobernuari eskatu dio Camachoren «mugimendu askatasuna» bermatzeko—.

Moralesek, berriz, eskaera nagusi bat egin du: «Erabaki hau hartu ondoren, tentsioa gutxitzeko eskatu nahi dut. Denok dugu Bolivia baketzeko betebeharra». Presidenteak «guztiei» eskatu die «bizikidetza baketsua bermatzeko». Izan ere, eraso bereziki larriak gertatu ziren ortziraletik atzora arte, eta Poliziako kide anitz presidentearen aurka matxinatu dira hiri batzuetan, eta armadak ere bizkar eman dio.

Erasoak MASeko kideei

Erasoei dagokienez, nabarmentzekoak izan dira Moralesek Twitter bidez jakinarazi dituenak, bertzeak bertze: etxeak erre dizkiete Chuquisaca eta Oruro eskualdetako gobernadoreei,eta presidentearen arreba bati. Presidentearen alderdiko ordezkariek eta egoitzek ere izan dituzte erasoak —hau da, MAS Sozialismorako Mugimenduaren egoitzek—. Moralesek azken egunotan salatu du«estatu kolpe bat» direla indarkeria ekintza horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.