Evo Morales Boliviako presidente ohiari «terrorismoa» egotzi diote

La Paz hiriburuko Fiskaltzak aurkeztu du salaketa. Gobernuburu ohiak adierazi du bere aurkako akusazioa «legez kanpokoa» eta «konstituzioaren kontrakoa» dela

Evo Morales Boliviako presidente ohia, artxiboko argazki batean. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE.
Arantxa Elizegi Egilegor Jone Bastida Alzuru
2020ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Evo Morales Boliviako presidente ohiak uste du «terrorismoa» egozten dion bere aurkako akusazio formala «legez kanpokoa» eta «konstituzioaren kontrakoa» dela. La Paz hiriburuko Fiskaltzak aurkeztu zuen herenegun salaketa, Barne Ministerioak zabaldutako grabazio batzuetan oinarrituta, eta presidente ohiaren aurkako prebentziozko atxiloketa agindua eman du, «terrorismoa» eta «terrorismoa finantzatzea» leporatuta.

Iturri ofizialen arabera, Faustino Yucra lider indigenarekin telefonoz hitz egiten entzuten den ahotsa, ustez, Moralesena da, eta biek izandako elkarrizketa horietan hainbat hiri ixteko eskatzen dio gobernuburu ohiak. «Ez sartu janaririk hirietara. Benetako blokeo bat egingo dugu. Boliviatik kanporatu naute; blokeatu egingo ditugu irabazi arte», esan zuen Moralesek, fiskaltzak ezagutarazitako txostenaren arabera.

Presidente ohiak gogor salatu du hura inputatzeko saiakera, eta hori de facto-ko gobernuaren «jazarpen politiko sistematikoaren» beste froga bat dela nabarmendu zuen.

Era berean, gogora ekarri zuen ez dutela inputaturik Senkata, Sacaba eta Pedregalen eginiko «sarraskiengatik», ezta YPFBen, ENTELen, Gobernu eta Defentsa ministerioen «nepotismo eta ustelkeria» ekintzengatik ere. «Baina audio faltsuarekin prozesatzen naute, euren azken helburua MAS-IPSP alderdia debekatzea baita».

Moralesen arabera, «azpijokoz sortutako» kasu baten bitartez hura terrorismoarekin lotzen saiatu dira, baina ez duela amore emango onartu zuen: «Ezin izan zuten eta ezingo dute lortu, gure borroka beti izan baita zintzoa, baketsua eta demokratikoa».

Bestalde, gaineratu zuen laster itzuliko direla Boliviara «demokrazia eta Zuzenbide estatua».

Dena ondo bidean, irailaren 6an egingo dira presidentetzarako hauteskundeak; berez, maiatzean egitekoak ziren, baina atzeratu egin zituzten pandemia zela eta.

Fiskaltzaren esanetan, Yucra buruzagi indigenak eta Moralesek iazko azaroaren 14an izan zuten elkarrizketa hori, presidente ohia Mexikon erbesteratuta zegoenean —Argentinan dago egun—, eta harremanetan egon ziren hurrengo egunetan ere. Yucra bera apirilaren 8an atxilotu zuten, «terrorismoa, sedizioa eta terrorismoa finantzatzea» egotzita.

Boliviako Gobernuak fiskaltzak herrialdeko presidente ohiari leporaturikoak babestu ditu, eta 30 urteko kartzela zigorra ezartzeko eskatu du. «Justizia egingo den esperantza dugu», adierazi zuen Arturo Murillo ministroak.

Atxilotze agindua, lehendik

Iazko abenduaren amaieran ere eman zuen Boliviak Morales atxilotzeko agindua, Mexikon asilo hartuta zegoenean jarduneko gobernuaren aurkako indarkeria bultzatu izana leporatuta, urriaren 20an haren aurka egin zuten estatu kolpearen ostean. Orduan ere, Moralesek salatu egin zuen kriminalizatu egin nahi dutela: «Saihetsezina den horren beldur dira: gu bueltatu eta berriro martxan jartzea gure proiektu plurinazionala, eta Boliviako duintasuna berreskuratzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.