Boliviako presidente ohi Evo Moralesen (2006-2019) aurkako auzi bat ireki zuten atzo, ofizialki: pertsonen salerosketa egotzi dio herrialde horretako fiskaltzak, eta behin-behinean espetxeratu dezaten eskatuko du. Roger Mariaca fiskal nagusiak bart azaldu zuenez —Euskal Herrian goizaldea zen—, Morales sei hilabetez espetxe publiko batean egoteko eskaria aurkeztuko dute, epaile batek auzia abiatzen duenean.
Moralesi bi delitu leporatzen dizkiote: pertsonen salerosketa eta estuproa; hau da, 12 eta 18 urte bitarteko gazte batekin sexu harremanak izatea, iruzur eginez edo pertsona horrekiko nagusitasuna baliatuz. Salaketaren arabera, Moralesek sortutako erakunde politiko bateko kidea zen biktima, eta haur bat izan zuen presidente ohiarekin. Tarija departamentuko fiskal Sandra Gutierrezek bart azaldu zuenez, gainera, aurreneko delituaren kasuan biktimaren ama ere auzipetuko dute. Izan ere, gaztearen gurasoek «etekina» atera zioten Moralesekin zituen harremanei, alaba «mesede» batzuengatik aldatuta, fiskalen ustez.
Kasuak hilabeteak daramatza Poliziaren eta fiskaltzaren esku: fiskaltzak jakinarazi zuen atzo ofizial egin zen atxilotze agindua urriaren 16an eman zutela, baina Polizia ez zen gai izan presidente ohia aurkitzeko. Fiskal Nagusiak, gainera, Poliziei gogorarazi zien presidente ohia atxilotzea haien «betebeharra» dela, eta, orain arte egin ez dutenez, exijitu zien jakinaraztea «noiz egingo duten eta oraindik zergatik ez diren kapazak izan». Gutierrezek azaldu zuenez, ostera, urrian Morales atxilotzeko agindua eman zenean presidente ohiaren jarraitzaileak 24 egunez mobilizatu ziren, eta errepideak blokeatu zituzten. Horrek, poliziei Chaparera heltzea galarazi zien; hau da, Moralesen «gotorleku politikora», Gutierrezen hitzetan.
Cochabambako auziak
Bart ofizialki jakinarazitako kasua, ordea, ez da Moralesi leporatzen dioten bakarra. Zazpi salaketa aurkeztu dituzte presidente ohiaren aurka, zenbait adingaberi sexu abusuak egin izana leporatuta, denak Cochabamban (Bolivia). Azaroan jakinarazi zutenez, gainera, Argentinan ikerketa penal bat abiarazi du hango fiskaltzak Moralesen aurka. Pertsonen salerosketa eta sexu abusuak egitea leporatzen diote presidente ohiari Argentinan ere.
Cochabamban du jarraitzaile gehien Moralesek; are gehiago, Boliviako Polizia 48 egunez ezin izan da hirira gerturatu, presidente ohiaren jarraitzaileek gogor aurre egin baitiote. Jarraitzaileen —eta Morales beraren— arabera, presidente ohiaren aurkako salaketak egungo presidente Luis Arceren estrategiaren parte dira. Arce eta Morales lehia betean daude aurrerantzean MAS alderdia nork gidatuko duen erabakitzeko —datorren urteko abuztuaren 17an presidentetzarako hauteskundeak egingo dituzte Bolivian, eta oraindik ez dago argi nor izango den hautagaia—, eta bi buruzagien arteko tentsioa nabaria da. Iragan urrian, adibidez, Moralesen autoaren aurka egin zuten tiro, eta presidente ohiak Arceri leporatu zion hura hiltzen saiatzea: «Suntsitu egin nahi naute».