Palestinako gatazka

Eusko Jaurlaritzak 500.000 euro jarriko ditu Palestinako iheslarientzat

Sail arteko mahai bat eratu du gatazkaren ondorioen jarraipena egiteko. Palestinako gatazka «negoziatuz konpontzea» galdegin du

edurne begiristain
Gasteiz
2023ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Palestinako gatazka piztu zenetik 11 egun bete diren honetan, Eusko Jaurlaritzak sailen arteko mahai bat sortu du gatazkaren giza ondorioei eta eragin sozioekonomikoei erreparatzeko. Egoeraren «larritasuna» eta gatazkaren bilakaera kontuan hartuta erabaki du gobernuak mahaia sortzea. Datorren astearte arratsaldean batzartuko da aurrenekoz, eta 500.000 euroko diru laguntza bat onartuko du Palestinako iheslarientzat, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak egindako larrialdi deialdiari erantzunez.

Mahaiak bi helburu izango ditu, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030erako Agendaren saileko idazkariak atzo jakinarazi zuenez: batetik, giza krisiari aurre egiteko «Euskaditik egin daitezkeen ekarpenak» aztertzea eta bideratzea, eta, bestetik, gatazkaren ondorioz gerta daitezkeen barne ondorio sozioekonomikoei erantzuna ematea.

Mahaia sortzeko erabakiaren oinarrian zera dago, biztanleria zibilaren aurkako «indarkeria, terrorismo eta gerra ekintza oro» gaitzesteko erabakia, bai eta nazioarteko zuzenbidearekin eta Nazio Batuekin lerrokatzea ere, Fernandezek azaldu zuenez. Haren hitzetan, Jaurlaritzak nazioarteko bitartekaritza eta konponbide negoziatuaren alde egiten du.

Lehendakaritzaren menpe egongo da mahaia, eta gobernuko sail hauek parte hartuko dute: Segurtasuna, Gizarte Politika, Hezkuntza, Osasuna, Enplegua, Jasangarritasuna, Etxebizitza eta Ogasuna. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakariordetzako kideak ere izango dira mahaian.

Palestinako bandera

Igandean, Eibarko (Gipuzkoa) Ipurua futbol zelaiko segurtasun zerbitzuek eta Ertzaintzak zale bat kanporatu zuten Palestinako bandera bat erakusteagatik. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk salatu egin dute gertatutakoa, eta azalpenak eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.