Esperantzaz beteta daude batzuk, kezkatuta besteak. Euskal Herrian bizi diren lau estatubatuar dira, eta bakoitzak bere ikuspegia du Donald Trumpen Etxe Zurirako itzuleraren inguruan. Haren lehen agintaldian (2017-2021), bigarren hezkuntzan zeuden elkarrizketatuetako bi; ordurako Euskal Herrian bizi ziren beste biak. Garai hartan, AEB Ameriketako Estatu Batuetako ekonomiak hobera egin zuela nabarmendu dute bik; aitzitik, gizartean polarizazioa areagotu zela iruditzen zaio beste bati.
Galderak
- Zer espero duzu Donald Trumpen bigarren agintaldiaz?
- Nola gogoratzen duzu lehenengo agintaldia?
- Alderdi Demokratak zer jarrera hartuko du datozen urteetan?
- Zer-nolako balorazioa egiten duzu Joe Bidenen agintaldiaren inguruan?
«Batez ere barne politikan eta alor ekonomikoan nabarituko da aldea»
Ahaideak euskaldunak ditu, eta Zientzia Politikoetako ikasketak amaitu ostean, euskara ikastera etorri zen Euskal Herrira Jean-Jules Flesher (Salt Lake City, Utah, AEB, 1999). Ordutik, hamazortzi hilabetez bizi izan da Lazkaon (Gipuzkoa), eta AEBetara itzuli da tarteka, aitarekin eraikuntzan lan egitera. Euskaraz erantzun die galderei.
1. Espero dut ona izatea. Hauteskunde egunean haren alde egin genuen estatubatuarrok, baina ez dakit zer gertatuko den. Espero dut esandakoak betetzea, horretarako hautatu baikenuen. Uste dut batez ere barne politikan eta alor ekonomikoan nabarituko dela aldea. Bi arlo horiei eta immigrazioari buruz esandakoak beteko dituela iruditzen zait; beste gai batzuetan zailagoa izango da, agian. Ez dut babesten hark esaten duen guztia, baina, orokorrean, aukera hobea dela uste dut.
2. Hamasei urte nituen, eta gogoan dut ene familiarentzat ona izan zela; egoera ekonomikoak hobera egin zuen. Oraingoan ere nahiko nuke egoerak hobera egitea. Halere, politikari guztiek ez dituzte hauteskunde kanpainan esandakoak betetzen, eta, hein batean, hori gertatu zen Trumpen aurreko agintaldian. Baina Bidenen agintaldian ere gertatu da.
3. Ez dakit zer egingo duten, zer aldatuko duten. Azken hautagaiak ez zitzaizkidan oso fidagarriak iruditzen. Azken hauteskundeetan hautagai errepublikanoak boto kopuruan ere irabazi du; lehen aldia izan da hori gertatu dena, azken hogei urteetan-edo. Horrek zerbait esan nahi du. Ez dakit hautagaia aldatuko duten, baina ni ez nintzen asko fio Harrisez. Esaten dute Ameriketako Estatu Batuetako gizartea sexista edo arrazista delako galdu zituela hauteskundeak, baina ene ustez ez da horregatik izan; presidenteorde izan den garaian ez du ezer ere egin.
4. Gauzak gaizki egin dituela uste dut, baina erru guztia ez da berea. Gure sisteman, Ameriketako Estatu Batuetakoan, ezinezkoa da erruaren ehuneko ehuna pertsona bakarrarena izatea. Ekonomiak okerrera egin du, inflazioa areagotu egin da, eta prezioak igo egin dira. Gauza onen bat ere egin du, baina oraintxe ez dut oroitzen zer.
«Duela lau urte baino hobeto dauden galdetuta, estatubatuar gehienek ezetz esango dute»
Alemaneko irakasle izateko ikasketak egin zituen Jennifer Willisek (Plattsburgh, New York, 1974). Haren senarra artzain baptista da, eta gospel eliza bat martxan jartzeko asmoz iritsi ziren Euskal Herrira, 2016an. Itsason bizi da (Gipuzkoa), baina Gabonak eta urteko lehen asteak AEBetan igaro ditu. Handik erantzun ditu galderak, posta elektroniko bidez.
1. Estatubatuar gehienek esperantza dute gure herrialdeak Trumpen lehen agintaldian bizi izandako hazkunde ekonomiko eta oparotasun bera izango duela; hori bai, asaldura politikoa alde batera utzita. Haren lehen agintaldian egonkortasun ekonomikoa izan genuen, eta egoera horretara itzultzeko desira dute herritarrek. Gainera, garai hartan, bazirudien kontrol handiagoa zegoela legez kanpoko immigrazioari eta krimenari dagokienez.
2. Trumpen erretorika ez dut gustuko; askotan pentsatu dut: «Gizon honek bere lana egin beharko luke, etengabe hitz egin eta txioak idatzi ordez». Halere, ezin dut ukatu gutako askoren ekonomiak hobera egin zuela haren agintaldian. Hori bai, nekatuta amaitu genuen haren, demokraten eta hedabideen arteko ika-mika etengabeez. Bistakoa da zenbait muturreko demokratak aukera oro baliatu zutela Trumpen aurkako iskanbilak argitara atera, eta hura kargutik kentzen saiatzeko. Elkarrekiko mesfidantza giro hori areagotzen joan zen, eta [2021eko] urtarrilaren 6an istiluak izan ziren Kapitolioan, haren agintaldia amaitu zenean. Gertakari horiek lotsagarriak izan ziren atzerrian bizi ginen estatubatuarrontzat. Halere, nire ustez, bi alderdiek izan zuten gertakari haren erantzukizuna, eta ekidin ahal izango zen baldin eta politikarien eta hedabideen artean elkartasun handiagoa egon izan balitz.
3. Iruditzen zait azken hauteskundeetan Alderdi Demokrata konturatu dela estatubatuarren kezka nagusietatik urrun egon dela. Jarrera populistagoa eta moderatuagoa hartuko dutela esango nuke, langile xumeenen beharrizanei erreparatuta. Inflazioa, osasuna, gutxiengo soldata, krimena murriztea eta halako kontuei emango diete garrantzia.
4. Biden presidentearen agintaldia distirarik gabea izan da, arazoz betea izan dela ez esateagatik. Afganistango porrota, inflazioaren errekorra, mundu mailan garrantzia galtzearen sentsazioa, buru osasunaren narriatze agerikoa, eta kanpo politika eskasa izan dira arazo horietako batzuk. Ekonomian, armen kontrolean eta klima kontuetan aurrerapausoak eman baditu ere, ez da nahikoa izan. Duela lau urte baino hobeto dauden galdetuta, estatubatuar gehienek ezetz esango dute, eta horrek eragina izan zuen azaroko hauteskundeetan.
«Argi geratu da herrialdearen gehiengoak Trump nahi duela»
2012tik Getxon (Bizkaia) bizi da Michael Iedema (Platt, Hego Dakota, AEB, 1982). Aurrez Alemanian bizi izan zen, eta liburu batean bildu zituen Alemanian zein Euskal Herrian bizitako talka kulturalak. Informatika ikasi zuen, eta programatzaile gisa egiten du lan.
1. Arriskutsua iruditzen zait; jendeak Trump nolakoa den jakinda egin du haren alde. 2016an Trumpen aldeko bozka eman zuten askok ez zuten esan hori egin zutenik. Orain, ordea, jendeak badaki zer egin duen Trumpek lau urtetan, eta zer gertatu zen urtarrilaren 6an [2021ean, Kapitolioaren aurkako erasoa], eta, hala ere, berriz egin du haren alde. Gainera, alde handiarekin irabazi du; argi geratu da herrialdearen gehiengoak Trump nahi duela.
AEBetako sistemak ez du ahalbidetzen presidente batek aldaketa handiak azkar egitea, eta zenbaitetan etsigarria ere bada. Boterea banatuta dago Auzitegi Gorenaren, presidentearen eta Kongresuko bi ganberen artean. Baina presidenteak horietako gehienak kontrola ditzakeenean, arriskutsua da. Lau botereetatik, Trumpek hiru eta erdi izango ditu kontrolpean, eta aldaketa erradikalak egin ahal izango ditu horrela. Agindutako deportazioak egiteko gai izango dela uste dut; Groenlandia eta Panama hartzea, ostera, zailagoa izango zaio, beste herrialde batzuk ere tartean daudelako.
2. Oso ondo gogoratzen dut [Trumpek 2016ko bozak irabazi zituen eguna]. Nire emaztea ohera joan zen, eta ni hauteskundeetako emaitzak ikusten geratu nintzen. Goizeko lauretan esna nengoen, eta emaztea ohetik altxa zen mugikorrean albistea irakurri zuelako; Trumpek irabazi zuen, inork ez zuen espero. Haren agintaldian aldatu zen gauzetako bat da orain jendeak ez duela beldurrik kalean zenbait gauza esateko; begirunea falta da, ondokoa ergela dela esan gabe ideia bat azaltzeko edukazioa. Politikan ere desagertzen ari da pertsona helduen arteko ideien trukea. Politikariek Trumpen liburua irakurri dute, funtzionatu duela ikusi dute, eta eredu horri jarraitzen diote.
3. Trumpen alde egin zuen jendeari entzun behar dio Alderdi Demokratak. Trump aukeratu dute sistemarekin etsia hartuta daudelako; Ameriketako Estatu Batuetan arazo asko ditugu. Hemen [Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan] Osakidetza daukazue; arazoak izan ditzake, baina gauza ederra da. [Osasun sistema publikorik] ez baduzu, ezin duzu imajinatu ere egin. Ameriketako Estatu Batuetan, minbizia baduzu, 100.000 dolarreko zorra sortuko zaizu agian [97.000 euro inguru], eta etxea saldu beharrean ikusiko duzu zeure burua, edo lana aldatu beharrean. Kriminalitateak eta immigrazioak ere kezkatzen dute jendea, eta entzun egin behar zaio. Trumpek aldaketa erradikala dakar, eta jendeak horregatik bozkatu du, beste inork ez dielako jaramonik egin. Gai batek jendea kezkatzen badu, horren inguruan hitz egiten duenari emango diote bozka.
4. Trumpen agintaldia amaitu zenean, jende askok lasaitua hartu zuen —nik neuk ere bai—. Itxura ona zuten aldaketak egin ditu, baina emaitza ez da ona izan. Afganistangoa, esaterako. «Afganistandik alde egingo dugu». Ados, itxura ona du, ez daukagu munduko herrialde guztietan egon beharrik. Baina atera ginenean talibanak agintean jarri ziren, eta listo. Han egon ez bagina bezala; hamar urte galdu ditugu talibanen aurka. Hilabete batean atera, eta guztia utzi dugu han.
«[Trumpen lehen agintaldian] tentsio handia sumatzen nuen gizartean, polarizazioa»
Nazioarteko Harremanetako gradua egin zuen Torres-Lorenzottik (New York, AEB, 2001), eta Uruguairen AEBetako enbaxadan egin zuen lan ia bi urtez. Uruguaikoak ditu gurasoak, eta Latinoamerikan ere aritu da lanean. Orain, Europako Batasuna ezagutu nahi du, eta horregatik iritsi zen irailean Euskal Herrira. Donostian bizi da, eta hizkuntza laguntzaile dabil Urnietako Egape Ikastolan (Gipuzkoa); aurrerago, bere alorreko lan bat topatu nahiko luke. Alderdi Demokratako militantea da.
1. Trumpek hauteskunde kanpainan esandako gehiena beteko duela uste dut. Immigrazioa eta ekonomia dira bi gai garrantzitsuenak harentzat eta estatubatuarrentzat. Immigrazioari dagokionez, mugak jartzen jarraituko duela esango nuke, baina ez dut uste [Mexiko eta AEBen arteko] harresiarekin aurrera jarraituko duenik. Dirutza erabiliko du deportazio plana aurrera eramateko. Hori garestiagoa da etorkinak integratzeko plan bat egitea baino, baina herritarren babesa du. Jendeak benetan sinesten ditu Trumpek etorkinen inguruan esaten dituenak.
Ekonomian, muga zerga handiak jarriko ditu, behin eta berriz esan du. Ez dakit jendea ohartu den horrek bizitzaren kostua garestituko duela, kalte handiagoa egingo digu estatubatuarroi beste herrialdeei baino. Bestetik, atzerri politikaren inguruan esan dituenak zailagoak izango dira betetzeko. Gazan eragin negatiboa izango du; diru eta baliabide gehiago bidal diezazkioke Israeli. Baina Bidenek ere babestu zuen hori. Bestalde, Groenlandia erostea ez dut posible ikusten. Nahi duen guztia ere ezin du egin.
2. Institutuan nengoen, eta gehien gogoratzen dudana da gizartean tentsio handia sumatzen nuela, polarizazioa. Trumpek eragin zuen giro hori: aurretik existitzen ez zen eszena politiko bat eraiki zuen. Gainera, pertsona matxistak eta arrazistak bazeuden lehendik ere, baina euskarri bat aurkitu zuten Trumpengan, beren pentsamendua babestuta zegoela sentitu zuten. Bestetik, aktibismoak indarra hartu zuen. New Yorkekoa naiz; oso hiri progresista da, baina garai hartan are aktibismo gehiago egon zen. Orduan egin zen lehen aldiz Women's March izenekoa [Emakumeen Martxa manifestazioa]; komunitate handia eraiki zen.
3. Ez daukagu kontrolik ez Senatuan, ezta Ordezkarien Ganberan ere; beraz, konplexua da. Uste dut zentro-eskuinera gehiago gerturatu beharko dugula ezkerrera baino. Adi egon beharko dugu, eta abortua, ekonomia eta halako gaietan indarra jartzen jarraitu.
4. Kanpotik badirudi ez duela gauza handirik egin, baina uste dut aldaketak egin dituela atzealdean, gehiegi ikusten ez badira ere. Batetik, pandemian egindako lana nabarmenduko nuke, txertoak lortzen saiatu baitzen; eta bestetik, Bipartisan Safer Communities Act legea. Horri esker armak inoiz baino kontrolatuago daude Ameriketako Estatu Batuetan. Gainera, azken urteetan, Bidenek babes handia eman die energia berriztagarriei; diru asko inbertitu du. Berriki, Kaliforniako suteen harira, dirua bidali du hondamendi naturalen kudeaketarako. Gauza txarrak ere egon dira: gogoan izango ditugu Afganistan, Gazan izandako jarrera... Biden zentroko politikari bat da: zenbait kontutan progresistagoa, eta beste batzuetan, ez horrenbeste.