Ekintzaileak dira Alphonse Meya eta Pierre Kumyele. Euren komunitateen egoerak bultzatu ditu ahotsa altxatzera. Izan ere, palma olioa ekoizten aritzen den Feronia multinazionalak Europako lau bankuren laguntza jasotzen du; baina laguntza horren baldintzetako bat da lortutako mozkinak garapenean inbertitzea. Komunitateek, ordea, egozten diote konpainiari garapenerako behar zukeen dirua beste helburu batzuetarako erabiltzea, eta herritarrak bazterrean uztea.
Zer ondorio ditu Feronia konpainiaren lanak Kongoko Errepublika Demokratikoko komunitateetan?
ALPHONSE MEYA: Etengabeko gatazka dugu komunitateen eta lurrak ustiatzen dituen sozietatearen artean. Feroniak urteak daramatza hau eta beste egingo duela esaten, baina, unea heltzen denean, guztiak berdin jarraitzen du. Inoiz ez gaituzte errespetatzen. Garapen bankuek ere bete behar dituzte nazioarteko arauak. Baina gure zalantza da arau horiek benetan ote diren herritarrei laguntzeko, edo nahasmena sortzea ote duten helburu. Jakina da garapen banku baten finantzaketa baldintzatua dagoela. Badakigu inbertsioen beharra zegoela, fabrikak eta uzta eremuak eraberritzeko, besteak beste; baina, era berean, komunitateen adostasuna lortzen ere saiatu behar zuten. Kontuan hartu eurenak ziren basoak sozietatearenak direla orain, eta natur baliabiderik gabe utzi dituztela. Beraz, badute eskubidea kalte-ordainak eskatzeko.
PIERRE KUMYELE: Europako bankuek multinazionalak baliatzen dituzte herrialde txiroetan garapenerako proiektuak bultzatzeko. Feronia 1911. urtean hasi zen lurrak bereganatzen, eta berdin jarraitu du orain arte. Baina tarte horretan ez du garapenean inolako inbertsiorik egin: bideak ez dituzte konpondu, ez dago eskolarik, ez erietxerik... ezer ere ez hainbeste urteren ondoren. Hau da, Europako bankuek inbertitutako diru horren onurarik ez dute jaso komunitateek. Galdu egin da dirua; desagertu egin da Europaren eta Afrikaren arteko bidean. Hondarrak besterik ez dira iritsi. Pentsa, hainbeste mila milioi jasotzen duen sozietateak eguneko dolar bat baino gutxiago ordaintzen die langileei.
Alemaniako Garapen Bankuan Feroniaren kontrako kexa batjarri zenuten 2018ko azaroan. Zer eskatzen duzue?
A.M.: Bankuaren bitartekaritza eskatu dugu komunitatearen eta sozietatearen arteko elkarrizketak hasteko, eta onartu egin digute. Baiezkoa jaso eta berehala hasi ginen balizko bilera horiek prestatzen, baina bi urte igaro dira eta zain jarraitzen dugu. Komunitatea negoziatzeko prest dago. Lurrak herriei itzultzea eskatzen du, ez duelako sinesten inbertsioek onurarik ekarriko dutenik.
P.K.: Nire ustez, azken urte hauetan izan dituzten mozkinetatik komunitateei dagokien zatia ordaintzea da lehen urratsa. Gero, hartu dituzten lurretatik batzuk itzuli behar liekete herritarrei; izan ere, herriek ez dute Feronia bidali nahi, baina lurrak behar dituzte, eta, Feroniak halakorik egin nahi ez badu, nahiago dugu hemendik alde egitea. Bestalde, geratzen bada komunitateari garatzen lagundu beharko dio.
1911n, kolonien garaian, lurrak Unilever multinazionalaren esku geratu zirenean, alferrik izan ziren protestak. Orain, zuen eskubideak aldarrikatu dituzuen honetan, zer erantzun dukonpainiak?
P:K.: Feroniak ez du argi hitz egiten. Akordioak eta akordioak egin ditugu konpainiarekin, baina gero ez du esandakoa bete. Horren ordez, promesak egiten ditu eta itxaroten igarotzen dugu denbora. Gure eskubideak aldarrikatzen ditugunean, gurekin hitz egiteko prest daudela esaten digute eta bilerak ere egiten ditugu; baina gero betikoa gertatzen da, alegia, ezer ere ez. Aspertuta gaude.
Feroniak dio ehun komunitaterekin elkarlanan ari direla eta horietatik soilik bederatzi kexatu direla.
P.K.: Feroniaren lanaren ondorioz lur guztiak galdu dituzten Lokutuko bederatzi komunitateek sinatu dute salaketa. Gezurra da ehun komunitaterekin lanean ari dela.
Azken urtean egoerak okerrera egin duela salatu duzue. Mehatxuak jaso dituzue, eta hildakoak ere izan dira, ezta?
P.K.: Hala da, etengabeko mehatxupean bizi gara. Euren esku balego, hilko gintuzketen. RIAOko lagun bat hil zuten Equateuren lanean ari zela, eta, orain, Yalifomboko bost herritar kartzelan sartu dituzte. Besteok izutzeko zigortu dituzte; euren inbertsioen kontra protestatzen dutenen patua hori izango dela ohartarazi digute modu horretan.
A.M.: Atxiloketa arbitrarioak izan dira. Sozietateek agintariak baliatzen dituzte gu mehatxatzeko. Hondamendia da gertatzen ari dena. Bost ekintzailek bost hilabete egingo dituzte espetxean euren kontrako salaketak zeintzuk diren jakin gabe. Duela gutxi izan da haien aurkako lehen auzi saioa, eta soilik estu hartu ditugulako egin dute. Oso larria da, sistema neokoloniala da hemen ezarri nahi dutena.
Zer jarrera du gobernuak?
A.M.: Estatuak aintza hartu behar ditu herritarrak. Kongoko Errepublika Demokratikoak esnatu egin behar du, eta multinazionalek eta agintariek legeak errespetatu behar dituzte.
Betetzen dituzte?
A.M.: Ez, bestela ez genuke horrelako epaiketarik ikusi beharko.
P.K.: Ez dugu itxaropena galdu, hala ere. Oraindik goiz da aldaketarik nabaritzeko.
Alphonse Meya eta Pierre Kumyele. Ekintzaileak
«Europatik Afrikarako bidean galdu da garapenerako zen dirua»
Kongoko Errepublika Demokratikoko bederatzi komunitatek bat egin dute Feronia multinazionalaren kontra egiteko. Salatu dute garapenerako behar zuen dirua beste xede batzuetarako erabili dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu