Idazlea eta PAN-eko Kultura ministro ohia

Atef Abu Saif: «Europarren hanka sartzeak ordaintzen ari gara»

Gerra amaitzean Gaza «bestelakoa» izango da, «lehengo Gaza hura ez» baitago «jadanik»; hori uste du idazle palestinarrak. Israelen jarreraz, ohartarazi du, «bere planez eta asmoez mintzatzen denean, mundua engainatzen» ari dela.

Atef Abu Saif. BERRIA
Atef Abu Saif. BERRIA
2024ko apirilaren 10a
05:00
Entzun

Gazan 85 egun igaro ondoren, Atef Abu Saif idazle eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro ohiak (2019-2024) joan den abenduaren 29an lortu zuen zerrendatik ateratzea. Rafahko bidegurutzea zeharkatu, eta Egiptora sartu zen, eta Ramallahn da orain, Zisjordanian. «Kanpoan» dagoen arren, bere «parte bat Gazan dago oraindik», eta ezinbestean oroitzen da zerrendan daudenez. Gogor kritikatu ditu Israel eta haren herrialde aliatuak zein nazioarteko erakundeak, hilabeteotan izan duten jarrerarengatik.

Gazatik joan zinen, 85 gerra egunen ondoren. Zer pentsatu zenuen orduan? Eta orain? Senide batzuk Gazan dituzu oraindik.

Egia da fisikoki Gazatik irten nintzela 85 egunen ondoren, baina burua ez zitzaidan handik irten. Etengabe gogoan ditut egun izugarri haietan bizikide izan nituenak, eta elkarrekin pasatu genituen zailtasun ikaragarriak. Buruan dut nolako arriskuei aurre egin behar izan genien, nola borrokatu behar izan genuen bizirik irauteko. Inork ezin die ihes egin hilabete haien oroitzapenei: barrenean ditugu. Eta, jakina, ezinbestean datozkigu gogora senideak ere, lagunak, bizilagunak, etxea.

Hortaz, fisikoki kanpoan egonik ere, aldi berean hantxe zaude oraindik. Alde askotatik, zailagoa egiten zait kanpoan egotea. Gazan nengoenean, gertatzen zenaren parte nintzen, gerraren parte. Nire lana zera zen: bizirik irautea, hondamendietatik bizirik irtendakoak bilatzen laguntzea, jatekoa aurkitzea, eta tapakiak ere bai, semea berotzeko.

Orain, ordea, kanpoan egonik, etengabe galdetzen dut neure artean nola arraio moldatzen ariko ote diren barrukoak gauza horiek guztiak egiteko, eta zalantza pizten zait ez ote nukeen errudun sentitu behar haiek han abandonatzeagatik. Eta, argi eta garbi, zerbait egin nahi eta ezinik sentitzen naiz, mundu honetako beste guztiak bezala, Israelgo armadaren bortizkeria ikusita. Inork ezin du ezer egin. Baina, benetan, munduak ez du ezer egin nahi.

Eta, halaxe, azkenerako, gero eta gehiago obsesionatzen naiz, nola lagundu pentsatzen. Ezin dugu, ordea.

Ramallahn zaude orain. Nola daude kontuak han eta Zisjordaniaren gainerakoan?

Gaur egun gerra dago Gazan, baina, zoritxarrez, jendeari ahaztu egiten zaio Israel Palestinaren kontra egiten ari den gerra ez dela inoiz eten: 76 urtean, behin ere ez. Zisjordanian eta Jerusalemen, egunero hiltzen dute jendea; atxiloketak egunero, sarekadak egunero; egunero suntsitzen dute lurralderen bat. Gazako gerra hasi zenetik, ia laurehun martiri izan dira Zisjordanian. Egunero hiltzen da jendea Jeninen, Tulkarmen, Hebronen, Jerusalemen, Nablusen eta Ramallahn.

Egunero-egunero ikusten dugu nola suntsitzen dituzten antzinako hiriak Nablusen, nola suntsitzen duten bizimodu kulturala Jeninen; horren erakusgarri da Askatasunaren Antzokiari egin zioten erasoa. Etengabe erasotzen diote ondare kultural eta arkeologikoari. Ramallahn nago orain, eta, gerra hasi zenetik, nire seme-alabak ez dira sekula irten hiri honetatik, zeren Ramallah ia-ia setiatuta dago. Jendea joan-etorriak egin ezinik dago. Leku guztietan daude Israelen kontrolguneak, eta edozein joan-etorri galarazteko baliatzen dituzte. Palestinako biztanleak dira gerraren jomuga.

Israelek, zoritxarrez —eta nazioartea isil-isilik dagoela—, Gaza osoa deuseztatu nahi du, eta horrexegatik da Gaza gerraren erdigunea. Baina denok sufritzen ari gara gerra bera.

Gazatik alde egin zenuenean, Rafahko bidegurutzea zeharkatu, eta Egiptora sartu zinen. Nola zeuden bi eremu horiek?

Ez dakit zer nahi duten israeldarrek, baina, antza denez, pixkanaka egia bihurtzen ari da Rafahko inbasioa. Israel, bere planez eta asmoez mintzatzen denean, mundua engainatzen ari da. Egiaz, hasia da Rafah inbaditzen, Rafahri erasotzen. Egunero ari da horretan. Jendeak uste du bide jakin bakar batetik doazela Israelen planak, baina ez da horrela: fronte askotarikoak ditu buruan.

Israelek egunero erasotzen dio Rafahri, eta egunero hiltzen du jendea. Rafah setiatzen ari da, eta Rafahn gero eta jende gehiago dago; bere abegikortasuna galtzen ari da. Bizirik segitzea ezinezkoa den leku bat bihurtzen ari da Rafah. Eta, aldi berean, Israel mundua engainatzen ari da, su eten batez mintzo. Munduari esan eta esan ari zaio etor gaitezela mahaira su eten bat negoziatzera. Baina, berez, menia ez zaio axola: meniaz hitz egiten ari garela sinetsarazi nahi dio jendeari, horixe besterik ez zaio axola.

«Buruan dut nolako arriskuei aurre egin behar izan genien, nola borrokatu behar izan genuen bizirik irauteko. Inork ezin die ihes egin hilabete haien oroitzapenei: barrenean ditugu».

Bien bitartean, palestinarrak hil eta hil jarraitzen du, bai Rafahn eta bai Gazan. Martxoaren 15ean, jakin nuen nire lehengusina bat, haren seme-alabak eta haren familia guztia hil zituztela Gazako hirian.

Munduko gobernu eta nazioarteko erakunde ia guztiak dira genozidioaren lekuko isilak. Zure egunerokoan idatzi duzun bezala, ez dira gai ezta su eten hitza ahoskatzeko ere, eta are gutxiago su eten horren alde ekiteko… nahiz eta milioika lagun ari diren astero mundu osoko hainbat hiritan kalea hartzen.

XX. mendearen hasieratik, nazioarteko ordena berriaren biktima izan dira palestinarrak. Europako potentziek inposatu dute ordena berri hori, Balfour Deklarazioaz geroztik batez ere, haren bitartez norbaitek —atzerritar batek— promes egin baitzuen beste atzerritar batzuei emango zizkiela bereak ez ziren lur batzuk, jabeei kenduta eta handik alde egitera behartuta.

Gure amona, adibidez, Jaffako itzal handiko andre bat bera, horren guztiaren ondorioz hil zen holaxe, pobre, Gazako iheslari esparru batean. Bere azken urteetan, ozta-ozta izan zuen jatekoa, gosez ez hiltzeko adina doi-doi. Gure herriak desplazatu egin behar izan zuen, eskualdean bertan eta munduan barna. Nazioarteko ordena eurozentriko horren biktimak gara.Europarren hanka sartzeak ordaintzen ari gara.

Ez genuen parte hartu Holokaustoan —ideia bera higuingarria da guretzat—: gizakiaren historia gauzarik makurrenetako bat izan zen, dudarik gabe. Beti erakutsi diegu hurrengo belaunaldiei gorrotoak ez dakarrela ezer onik. Baina, orain, guri egozten digute horren errua, eta, horregatik, ordaindu beharra daukagu, zoritxarrez, Bigarren Mundu Gerra bukatu eta 80 urtera. Basakeria haien egileei ordainarazi beharrean, geuk ordaindu behar dugu, Europako estatuak isil-isilik geratu direlako eta ez direlako gai israel kritikatzeko. Badakigu gauza bat dela okupazioa salatzea, eta beste bat antisemita izatea. Antisionista izatea ez da antisemita izatea, baina Europako herrialdeek ez dute hori onartu nahi.

Guk ez dugu inolako arazorik juduekin. Historian, musulmanak, kristauak eta juduak elkarrekin bizi izan dira Palestinan eta mundu arabiar guztian, eta sekula ez dugu problemarik izan juduekin. Arazoa Israel izeneko potentzia okupatzaile horrekin dugu, gu azpiratu eta txikitu nahian ari baita, gure ametsak suntsitu eta guri giza eskubiderik oinarrizkoenak kendu nahian. Zoritxarrez, horrek guztiak pentsarazten digu mundua eta Israel elkar hartuta dabiltzala palestinarren kontra.

Babesa jaso duzue nazioartean.

Jakina, atseginez hartzen dugu Palestinaren aldeko bakezaleek Europan eta munduan eman duten erantzuna. Esker ona eman nahi diegu. Gogoan dut nola Londresen, Erroman eta Madrilen egindako manifestazio handi haiek ikusi genituen Rafahra eta Khan Yunisera etorri ginenean, Internet bagenuenez.

Eta, noski, poza ematen zigun jendeak gutaz hitz egiteak, jendeak protesta egiteak eta gertatzen ari zena salatzeak. Baina, zoritxarrez, argi dago gobernuei ez zaiela interesatzen halako protestarik egitea. Eta, hain zuzen, gobernu askoren babes militar guztia du Israelek oraindik ere.

Eta zer iruditzen zaizu Nazio Batuen Erakundea egiten ari dena?

Uste dut arazoaren parte direla Nazio Batuak. Nazio Batuen Erakundearen oinarri den sistemak ere badu zerikusia oraingo paralisi egoerarekin. [Ameriketako] Estatu Batuek eskubidea baldin badute erabaki guztiei betoa jartzeko, eta NBEk ezin baldin badu ezer egin Israelek egindako okupazioaren kontra, zertarako da erakunde hori? Haren sorrerako oinarria, hau da, nazioarteko bakea eta egonkortasuna bermatzen ez baditu, eta ezertxo ere egiten ez badu bakea ezartzeko, zertarako da?

Nazio Batuek gauza bakar bat egin dute palestinar herriarentzat: gure herrialdearen hondakinen gainean Israelgo Estatua sortzen lagundu, 1947ko zatiketaren bitartez. Gero, Israel NBEko kide gisa onartu zuten 1949-50ean, baina baldintza zera zen, estatu arabiar bat ere egotea. Palestinan bertan. Bestela esanda, oraindik lortu ez den zerbait zen Israel NBEko kide gisa onartzeko baldintza. Israelek, ordea, badu NBEko kide estatusa orain ere, nahiz eta ez dagoen estatu palestinarrik. NBEk zergatik ez digu oraindik onartzen kide estatusa? Hain zuzen, NBE bere arauak hausten ari da, eta, beraz, bere irizpideen arabera, ez du ezertarako balio.

Hegoafrikak eraman du Israel Nazioarteko Justizia Auzitegira, eta ez da kasualitatea. Zer iruditu zaizu auzitegiaren erabakia, eta, zure ustez, zein litzateke hurrengo pausoa?

Nazioarteko Justizia Auzitegiaren erabakiak ez du mami handirik.Auzitegiak ez dio presiorik egin Israeli erabaki hori betetzeko edo horren arabera jokatzeko; ez dio halakorik eskatu ere egin. Israel 'gonbidatu' baino ez zuen egin erabakia kontuan hartzera; bestela esanda, honelako zerbait esan zion: «Aizu, lasai hartu, mesedez». Porrot hori gorabehera, eta nahiz eta gu hil, oraindik poza ematen digu jakiteak badela munduan pentsatzen duenik bizimodu hobea izateko eskubidea dutela pertsonak horiek, palestinarrok.

Ezin jakin zer gertatuko den etorkizunean, baina zer iritzi politiko eta pertsonal duzu orain arte gertatutakoaren inguruan? Zure ustez, nola aldatuko du mundua gerra honek?

Inork ez daki geroak zer ekarriko duen, inork ez daki gerrak zer ondorio izango dituen gerora. Baina badakigu Gaza bestelakoa izango dela. Lehengo Gaza hura ez dago jadanik. Eta badakigu gerra honen ondotik beste gerra bat izango dela: hiririk gabe bizirik irauteko gerra, gerraondoko lazgarrikeria. Neuri dagokidanez, ez dakit aita berriz ikusiko dudan ere. Edo Gaza itzultzeko modurik izango dudan sekula. Inork ezin jakin zer pasatuko den aurrerantzean.

«Gerra honek Gaza guztiz txikitzen badu ere, azken etxea ere eraitsita, Gaza berriz altxatu ahal izango da».

Erokeria hutsa da Estatu Batuek Gazan jarri duten behin-behineko portu humanitario hori. Esan nahi dut: Jainkoarren, hogei urte eman ditugu munduari erreguka portu bat behar genuela, hiriak behar baitzuen bizitzeko, eta, orain, portu hori zertarako, Israeli laguntzeko Gaza beste aldetik ere inbaditzen? Mundua zer egiten ari da? Laguntza ematen digu, baina aldi berean modua ematen dio Israeli are palestinar gehiago hiltzeko. Israeli zera esan beharrean «utzi gerra madarikatu horri, eta eman bakea jende horri», zera esaten dio: «Segi gerran, eta janaria emango diegu, baina zure inbasioari lagunduta».

Horra Gazaren etorkizuna...

Atzera-bueltarik gabeko egoera bat ekarriko du gerrak?

Esperantza ez dugu galdu behar. Biziaren lorea ureztatzeko erabiltzen dugun ura bezalakoa da esperantza. Palestinarrek esperantza galdu izan balute, Nakbarekin batera desagertuko ziren. Nakbak arrakasta izango zuen —bide batez esanda, Nakba abian da orain ere—. Beti pentsatu behar dugu gizakiak baduela zintzotasuna bihotzean, eta hori nagusituko dela azkenean.

Gerra honek Gaza guztiz txikitzen badu ere, azken etxea ere eraitsita, Gaza berriz altxatu ahal izango da. Beharbada ez da kasualitatea izango, baina Gazako udalerriaren sinboloa fenixa da, errautsetatik pizten den hegazti mitiko hori. Fenixaren estatua eder bat zegoen Palestina plazan, udaletxearen aurrean, hiriaren erdialdean, baina Israelgo armadak birrindu egin zuen. Baina beti dago aurrera egiteko modua, beti dago etorkizunerako bide bat, bizimodu hobe baterako aukera bat.

Jakina, sufrimendua ikaragarria da, eta guk, palestinarrok, Gazako herriak, oso garesti ordaindu dugu, eta ordaintzen ari gara, historian gutxik adina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.