Europarren erdiak kutsa daitezkeela ohartarazi du EBk

Gripeak milioika laguni eragingo diela baina gehienek erraz gaindituko dutela nabarmendu dute EBko adituek

arantxa elizegi egilegor
2009ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Osasunerako Mundu Erakundeak alerta maila 5.era igo ostean, herrialde guztiak hasiak dira pandemiari aurre egiteko prestatzen. ECDC Europako Batasuneko Gaitzen Kontrol eta Prebentziorako Zentroko aditu Angus Nicollek dagoeneko ohartarazi du europarren %40 eta %50 artean kutsa daitezkeela A/H1N1 gripearekin -OMEk aldatu egin dio izena dagoeneko gizakien artean soilik igarotzen delako birusa-. Bide beretik, ordea, nabarmendu du gehienek «erdi-mailako sintomak» izango dituztela, eta erraz gaindituko dutela. Orain arte, gripeak soilik Mexikon eta AEBetan eragin ditu hildakoak, gehienbat beranduegi zenean jo dutelako medikura. Horiek hala, Nicollek gogorarazi du ohiko gripeak 40.000 lagun hiltzen dituela urtero EBn. Adinekoak eta osasun arazo kronikoak dituztenak gehienak. «Kontua da EBn baieztatutako datuak moderatuak direla, eta gaixoak bere onera itzultzen ari direla, beraz ez dago izutzeko arrazoirik», azaldu du Nicollek.

Egunetik egunera igoz doa munduan A/H1N1 birusak jotakoen kopurua. AEBetan bertan, 109 dira dagoeneko -tartean herenegun hildako haur mexikarra-. Mexikon, berriz, ustez gripeak jota hildakoak 164 dira, baina soilik hamabi baieztatu dituzte -orotara 272 kasu baieztatu dituzte-. Horretaz gain, Europako hainbat herrialdeetan ere lehen aldiz agertu dira kasuak, esaterako, Herbehereetan. Horiek hala, Europako Batasuneko agintariek bilera berezia egin zuten atzo hartu beharreko neurriak eztabaidatzeko. Frantziak Mexikorako hegaldi guztiak bertan behera uzteko eskatu zion herenegun Bruselari, baina EBk atzera bota du eskaera. EBko txandakako presidenteak, Txekiak, erantzun dio Parisi esanez horrek egungo ekonomia krisia areagotuko lukeela, izurritea geratu beharrean. Dena den, zehaztu dute «behar izanez gero» neurriak hartuko dituztela, baita bidaiak murriztearena ere. Aldi berean, birusaren aurkako botikak banatzea eta txertoaren ikerketa bultzatzea hitzartu zuten EBko Osasun ministroek.

Europako nahiz EBz kanpoko herrialdeak hasiak dira bere kabuz neurriak hartzen ere. Italian, esaterako, Mexikotik itzuli berri direnei zazpi egunez etxean geratzeko aholkatu diete. Lehen sintomak lehen hiru edo lau egunetan agertzen dira normalean. Alemanian, bestetik, hegaldi guztietan mediku bat jartzea erabaki du Lufthansa hegazkin konpainiak, hala, kasurik izanez gero bidaiariak artatzeko aukera legokeela argudiatuz. Japonia, Hego Korea edo Turkiako aireportuetan, berriz, kamera termalak jarri dituzte bidaiarien gorputzeko tenperatura ezagutzeko.

Urrunago joan dira beste batzuk. Mazedoniak txerriak bizirik inportatzea debekatu du, eta Txina, Errusia, Maroko, eta Ukrainiak, berriz, Mexiko eta AEBetako txerrikia. Estatu Batuetan, kasu gehien egon diren estatuetan, eskolak ere itxi dituzte, gaitza zabal dadin saihesteko. Japoniak ere hartu du neurririk, aurrerantzean bisatua eskatuko diete herrialdean sartu nahi duten mexikarrei; eta Mexikon bizi diren 6.000 inguru japoniarrei etxera itzultzeko aholkatu die. Egipto izan da, hala ere, neurri gogorrena hartu duena. Izan ere, txerrikia inportatzea debekatzeaz gain, herrialdeko txerri guztiak hiltzea ere agindu du. Hori ikusita OMEk beste behin gogorarazi du birusak ez duela txerriekin loturarik, gizakien artean zabaltzen hasia delako.

Erietxeak, ezinean

Mexiko eta AEBetan izan dira orain arte kasu gehien. Ondorioz, bi herrialdeetan izua zabaltzen hasia da. Zenbait iturriren arabera, bi estatuen arteko mugako erietxeak ezinean ari dira. «Beherakoa eta sukarrarekin etortzen zaizkigu pentsatuz txerri gripea dela. Informazio asko zabaldu den arren, jendea beldurtuta dago», dio Nicholas Richek, El Pasoko (Texas, AEB) Thomason erietxeko medikuak. Azken egunetan bertara joan direnak kexu dira bost edo sei ordu itxaron behar dutelako medikuak ikusi arte. «Atzo [herenegun] etorri nintzenean larrialdietako gela jendez gainezka zegoen, gehienak maskara gabe eta gripearen sintomekin», salatu du Ana Gardeak, gaixo baten senideak.

Egoera kontrolatze aldera, datozen jaiegunetan -maiatzaren 5a arte- etxean geratzeko eskatu die herritarrei Mexikoko Gobernuak. «Kutsatzea saihesteko ez dago norbere etxea baino leku seguruagorik», nabarmendu du Felipe Calderonek presidenteak. Bide beretik, agindu die administrazio publikoko langileei lanak bertan behera uzteko hilaren º 5a arte. Oinarrizko zerbitzuak soilik eskainiko dituzte epe horretan.

Birusa zabaltzen ari den arren, eta senatari kontserbadoreenek aurkakoa eskatu arren, mugak ez ixtea erabaki du Barack Obama AEBetako presidenteak. «Mexikorekin muga ixtea, zaldiak atera ondoren ukuilua ixtea bezala litzateke», azaldu zu Etxe Zuriko egoiliarrak. Washingtonek ez du erabat baztertzen Estatu Batuetako eskola guztiak ixtea, izurritea pandemia izatera igarotzen bada. Hori dela eta Obamak etxean geratzeko aholkatu die beste behin gaixo sentitzen direnei.

Seigarren maila

Alerta egoera handitu egin zuen herenegun Osasunerako Mundu Erakundeak. Arrazoia, birusa gizakitik gizakira igaroa zela herrialde batean baino gehiagotan -Katalunian gazte bat kutsatu zen Mexikon izan gabe-, eta beraz, pandemia arriskua handiagoa dela. Hala ere, OMEk baztertu du epe motzean alerta egoera seigarren mailara igotzeko arriskua. Hori bakarrik gertatuko litzateke beste eskualde bateko hiru herrialdetan baino gehiagotan gertatuko balitz gizakien artean kutsatzea.

Europako Batasuneko Osasun komisario Androulla Vassiliouren iritziz, baina, pandemiak ez du zertan heriotza kopurua handitu. «Pandemia gertatzeko arriskua handia da, baina horrek ez du zertan heriotza kopurua handitu». Bestetik, hainbat adituk nabarmendu dute, oraingoz behintzat, A/H1N1 gripea ez dela ohikoa bezain arriskutsuak -munduan 250.000 eta 500.000 lagun artean hiltzen dira urtero ohikoa gripeak jota-. Michigango (AEB) Unibertsitateko Medikuntza Departamenduko buru Mary Nettlemanen iritziz, birusaren aldaera ez da hasieran uste bezain arriskutsua oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.