Europarlamentuari arrazoia eman diote Junquerasen aulkia hutsik uzteagatik

EBko Justizia Auzitegiak atzera bota du ERCko buruak talde komunitarioko auzitegi nagusiaren erabakiaren aurka aurkeztutako helegitea

Oriol Junqueras ERCko liderra. ATIENZA / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak atzo jakinarazi zuenez, atzera bota du ERC Esquerra Republicanako buru eta Generalitateko presidenteorde ohi Oriol Junquerasek Europako Parlamentuko eserlekua galtzearen aurka aurkeztutako helegitea. David Sassoli europarlamentuko orduko presidenteak haren eserlekua hutsik uztea erabaki zuen 2020ko urtarrilean.

Gisa horretara, EBko Justizia Auzitegiak talde komunitarioko auzitegi nagusiaren lehen erabakia babestu du, Junquerasek 2020ko abenduan jarritako lehen errekurtsoa onartezintzat jo baitzuen; izan ere, auzitegi horrek ondorioztatu zuen Sassolik «aurretik zegoen egoera juridiko bati buruzko informazioa helarazi baino ez ziela egin Europako Parlamentuko gainerako kideei». Hori dela eta, EBko Auzitegi Nagusiak «ez zuen zuzenbide akatsik egin» 2020ko urriko epaian, justizia auzitegiak dioenez.

Gainera, epaiak berretsi egin du hauteskunde prozedura zuzenbide nazionalaren pean dagoela oraindik ere; ez bakarrik bozkatzeko eta agindutakoak emateko arauei dagokienez, baita Europako ganberako kideen hautaketari dagokionez ere. Hain zuzen, auzitegiak 2020ko abenduan ezarri zuen Europako Parlamentuak «ez duela eskumenik estatu kide bateko agintarien erabakia kontrolatzeko».

Junqueras europarlamentari aukeratu zuten 2019ko maiatzeko bozetan, baina, ez zuenez baimenik lortu Espainiako Konstituzioari men egitera joateko —kartzelatuta zegoen, Kataluniako prozesu independentistaren harira—, Espainiako Hauteskunde Batzordeak ez zion eurodiputatu izaera aitortu.

Luxenburgoko auzitegiak eurodiputatua zela ebatzi zuen 2019ko abenduan, Konstituzioari men egiteko urrats formala diputatu hautatua izateko beharrezkoa ez dela iritzita, eta, beraz, immunitatea zegokiola. Bost egun lehenago zigortu zuen, ordea, Espainiako Auzitegi Gorenak ERCko burua, eta hamahiru urteko espetxea eta inhabilitazioa ezarri zizkion. Luxenburgoren epaiari entzungor eginez, inhabilitazioari eustea erabaki zuen Gorenak, eta europarlamentuak irizpide horri jarraitu zion Junquerasen eserlekua hutsik uzteko erabakian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.