Errefuxiatuen krisia. Arcadi Oliveres. Ekonomialaria eta ekintzailea

«Europaren politikek hil dituztenak gure kontzientzian daude»

Oliveresen ustetan, iritzi publikoak Europako Batasunari aurre egin behar lioke, errefuxiatuen krisian gotortze politikak eragozteko. «Beldurra sartu digute, eta botoak irabazten dituzte horrela».

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
2017ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Giza eskubideen defendatzaileada Arcadi Oliveres (Bartzelona, 1945). Justicia i Pau elkarteko presidentea da, eta plataforma horren bidez egiten du zaurgarrienen aldeko defentsa. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan ekonomia irakasten du. Herrialde aberastuen eta txirotuen arteko harremanak aztertu ditu, eta uste du errefuxiatuen krisian Mendebaldeak erantzukizun historikoa duela. «Ekonomikoki eta politikoki gaizki tratatu ditugu urteetan».

Zein erantzukizun du Mendebaldeak errefuxiatuen krisian?

Lehen, herrialde txiroen eta aberatsen arteko desberdintasuna egiten genuen. Egokiagoa da, ordea, herrialde txirotuez eta aberastuez aritzea. Izan ere, batzuk besteen lepotik aberastu dira. Batzuen eta besteen arteko desberdintasunak areagotu egiten dira mundu globalean. Politikoki ere badu erantzukizuna Mendebaldeak: gerrak beti piztu dira botere politiko indartsuen mesedetan. Horrela egin diote gerra Iraki, Libiari... Paradoxikoa da: gerrak ez dituzten herrialdeak dira gerra egiten dutenei armak saltzen dizkietenak. Espainiako Estatuak erantzukizun handia du alor horretan. Arma esportatzailerik handienetarikoa da, eta, horrenbestez, gerren erantzulea da. Esan gabe doa: Euskadin ere fabrikatzen dira armak.

Europaren erantzunak gero eta arriskutsuagoa egiten du iheslarien bidea.

Ahaztu egiten zaigu askotan: denek ez dute lortzen iristea. Milaka eta milaka itotzen dira Mediterraneoan, eta beste milaka egarriz hiltzen dira Sahara gurutzatu nahian. Europaren erantzuna legez kanpokoa da. Frontexek [Europako Batasuneko kanpo mugak babesteko agentziak] mugak beste herrialdeetara eramaten ditu, eta poliziek eta militarrek Txaden, Malin eta Afrika Erdiko Errepublikan tapoi lanak egiten dituzte. Europa hesiz josi dute, eta atzerritzarrak atxikitzeko zentroek galarazi egiten dute bizitza normala edukitzea.

Bruselaren eta Ankararen arteko akordioarekin Turkiak ere tapoi lanak egiten ditu iaztik.

Moralgabea eta kriminala da akordio hori. Europazalea naiz, baina esan egin behar dut: akordio hori izenpetzean gizateriaren aurkako krimen bat egin du Europak. Kriminala da EBren jarrera, eta batasuna osatzen duten herrialdeak dira horren erantzule. Politika horiek hil dituzten pertsonak gure kontzientzian egongo dira betiko.

Zure ustez, zergatik hartu du EB Europako Batasunak gotortze politika hori?

Iritzi publikoak aurre egiten ez duelako. Politika gogorrak ezartzen dituztenean, boto gehiago irabazten dituzte. AEBetan eta Europan ikusten ari gara; eskuin muturra loraldian dago. Ondorioz, gauzak aldatzeko lehendabizi iritzi publikoan eragin behar da, gobernuei presioa egin diezaion.

Nola egin pedagogia hori?

Historia errepasatu behar dugu. Migrazioak etengabekoak izan dira gizakiaren historian. Bestalde, migrazioak onura handiak ditu gure gizartean. Europan zahartzen ari da biztanleria, eta beharrezkoa dugu gaztetzea. Eta kanpotik datozen askok formakuntza dute; ez dugu horrengatik ordaindu behar. Zurrumurru eta gezur asko gezurtatu behar dira: etorkinek gizarte segurantzaren kotizazioak eta zerga zuzenak zein zeharkakoak ordaintzen dituzte. Kopuru hori gizarte zerbitzuetan eta osasunean sortzen duten gastua baino askoz ere handiagoa da. Hitz egin beharko litzateke kanpotarrek aniztasunaren aldetik sortzen duten aberastasun kultaralari buruz ere.

Diskurtso horrek zailtasunak ditu herritarren artean aurrera egiteko. Zergatik?

Beldurra sartzen digutelako. Gizarte laguntzen lapurreta, enpleguan duten eragina, gure kulturaren distortsioa... Buelta eman behar zaio horri guztiari.

Gizarte politiken auzia politikari askok erabili dute. Krisi ekonomikoak errazago egin al du diskurtso horiek gailentzea?

Arazoa ez da gizarte laguntzak kanpokoek jasotzea. Behar duenak kobratu beharko luke, eta, horretarako, dirudunek zerga gehiago ordaindu beharko lituzkete. Aberastasunaren banaketan dago gakoa. Zerga iruzurrari aurre egitea da horretarako bidea: enpresa handienek etekinen %12 soilik ordaintzen dute. Horiek gainerako %18 iruzur egiten dute. Kanpotarrak ez dira arazoa.

Giza laguntza banatzeko deialdiek arrakasta izan ohi dute, ordea.

Bai, zuk esan mantak, lo-zakuak eta kanpadendak bidaltzeko, eta denetatik bidaltzen dute. Baina ez dira gai Barne ministroariaurpegiratzeko lotsagabe bat dela.

Desobedientzia ekintzak izan dira errefuxiatuei laguntzeko. Hori al da bidea?

Munduak aurrera egin du desobedientzia ekintzei esker. Intsumisioa, esklabotzaren eta segregazioaren amaiera... Gutxi direnean garesti ordaintze dute ekintzaileek. Asko direnean dira arrakastatsuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.