Europako Batzordeak herritarrei eskatu die bil ditzatela larrialdietan bizirik irauteko oinarrizko jakiak eta sendagaiak

Bruselak gida bat prestatu du klima larrialdietan, gerretan eta hondamendietan 72 orduz laguntzarik gabe bizirik irauteko.

Ursula Von der Leyen, Europako Batzordeko presidentea
Ursula Von der Leyen, Europako Kontseiluko eta Serbiako presidenteekin elkartzeko prest. OLIVIER MATTHYS / EFE
Mikel Arberas - Igor Susaeta
2025eko martxoaren 26a
14:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Balizko gerra baten mamua haizatzen ari da Europako Batzordea, eta, orduan, larrialdietarako gida bat prestatu du, besteak beste, klima larrialdiren bat, pandemiaren bat edo gerraren bat izaten denerako. Bruselak ezinbestekotzat jo du oinarrizko elikagaiak, gailu elektronikoetarako bateriak, sendagaiak eta, besteak beste, ura eskura izatea lehen hiru egunetarako. Izan ere, mahai gainean jarri dute balitekeela «herritar guztiei laguntzeko gaitasunik» ez edukitzea.

Ohar bidez eman dute gaur egitasmoaren berri, eta horretan Ursula von der Leyen batzordeko presidentearen hitzak jaso dituzte: «Errealitate berriek prestakuntza maila bat eskatzen dute Europan. Gure herritarrek, gure enpresek, gure estatu kideek tresna egokiak behar dituzte, bai krisiak aurreikusteko, baita azkar erreakzionatzeko ere katastrofe bat gertatzen denean». Kaleratutako dokumentuan jaso dituzte EB Europako Batasuneko politika guztiei eragiten dien ekintza plan bat, eta hori aurrera eramateko 30 ekintzako zerrenda bat.

Duela zenbait hilabete, Von der Leyen Sauli Niinisto Finlandiako presidente ohiarekin (2012-2024) elkartu zen, eta hari eskatu zion txosten batean biltzeko hondamendietarako nola prestatu. Izan ere, herrialde horrek urteak daramatza mota askotako hondamendiei aurre egiteko prestatzen.

Ariketa bateratuak

Batzordearen arabera, krisiei aurre egiteko hobetu behar da azpiegituren arteko koordinazioa, baita entitate zibilen eta militarren artekoa ere. Horiek horrela, dokumentuan proposatu du aldian behin «prestakuntza ariketa bateratuak» egitea, eta horietan parte hartzea armadek, babes zibileko kideek, poliziek, suhiltzaileek eta osasun zerbitzuetako langileek. Horretarako, aurreikusten dute erabilera zibilerako zein militarrerako inbertsioak erraztea.

Europaren prestaketa estrategiak dokumentuan adierazi dutenez, herritarrek prest egon behar dute «eskala handiko krisi egoerei aurre egiteko». Horrez gain, «premiazkotzat» jo dute Europako herrialdeak ere prestatzea. Horiek horrela, datozen egunetan Frantziak etxe guztietara bidaliko ditu biziraute gidak, aholkuen eta hartu beharreko neurrien berri emateko. Besteak beste, gomendatzen dute esku argiak, bateriak, kontserbak, ura, higiene pertsonaleko produktuak, oinarrizko sendagaiak, irratia eta arropa egokia biltzea.

Europa berrarmatzeko Rearm planari jarraikiz aurkeztu du Von der Leyenek larrialdi baten lehenengo 72 orduetan «laguntzarik gabe» irauteko prestaketa plana. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.