Europako Batasuna xenofobiarantz lerratzen ari dela ohartarazi dute

Europako Batasunean gailentzen ari diren jarrera xenofobo eta arrazistak salatzeko txosten bat atera dute Atzerriko Aferetarako Europako Kontseiluak eta Europako Kultura fundazioak; eta ohartarazi dute hartzen ari diren bidea «arriskutsua» dela.

Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidentea Erromako telebista programa batean, 2023ko abenduan. FABIO FRUSTACI / EFE
Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidentea Erromako telebista programa batean, 2023ko abenduan. FABIO FRUSTACI / EFE
Iratxe Muxika
2024ko irailaren 25a
15:00
Entzun

Atzerriko Aferetarako Europako Kontseiluak eta Europako Kultura fundazioak txosten bat atera dute gaur, zeinean erakusten duten EB Europako Batasuneko goi kargudun gehienak zuriak eta helduak direla. Welcome to Barbieland izena eman diote dokumentuari, eta, bertan azaldu dutenez, europartasuna ikuskera etnikoa garatzen ari da, horretarako diskurtso xenofoboak erabilita. Egoeraren aitzinean txostena atera eta salatu dute europar proiektuak hiru gizarte talde baztertzen dituela bereziki: gazteak, arrazializatuak eta Europa ekialdekoak. Txostenak, gainera, ohartarazi du Europako Batasuna bide «arriskutsua» hartzen ari dela, eta modu horretan eskuin muturra indartzen ari dela. Talde komunitarioko estatu kideen artean, dena den, Europaren aldeko sentimendua nagusitzen da; biztanleriak, oro har, begi onez ikusten baitu haren etorkizuna.

Pawel Zerka analistak, txostenaren egileetako batek, nabarmendu du Europako Batasuneko goi kargudun gehienak zuriak direla, eta horrek ezinbertzean sektore anitz uzten dituela kanpoan; musulmanak bereziki, hainbat kasutan adierazpen askatasuna eta batzarrerako eskubideak urratu baitizkiete. Iragan ekaineko Europako Parlamenturako hauteskundeetan talde horietako ordezkari falta atzeman zen, txostenak dioenez: «Eurodiputatu arrazializatuak hogei baino gutxiago ziren». 720 eurodiputatu dira guztira; eta bortz estatuk aurkeztu zituzten ordezkari arrazializatuak: Suediak, Frantziak, Alemaniak, Herbehereak eta Belgikak.

Bertzalde, dokumentuak argi utzi du estatu kide gehienek nahiago izan dutela Israeli elkartasuna erakutsi Palestinari baino, eta horiek jarrera «xenofoboak» eta «islamofoboak» direla. Finean, ultraeskuina indartzen dutela. Zerkak Europa ekialdean jarri du arreta, eta azaldu du «hizkuntza eta politika xenofoboak» jada ez daudela alderdi ultretan eta euroeszeptikoetan soilik, baizik eta zabaldu egin direla. Horiek horrela, Europa erdialdean eta ekialdean europartasun sentimendua «apaldu» egin da, eta hango biztanleek sinesten dute euren herrialdeek etorkizun hobea izanen dutela EBtik kanpo. Ikerketan ere azaleratu dute gazteen artean ere parte hartzea urria dela; bertzeak bertze, ez direlako ordezkatuak sentitzen EBko goi kargudunen politikarekin. Dena dela, nabarmena izan da eskuin muturraren gorakada abstentzioa bozkatu ez zuten gazteen artean.

Bigarren txostena

EBko Arrazakeriaren Aurkako Sareak bertze txosten bat atera du gaur, eta garbi azaldu du gaur egun EBko parlamentuan erabiltzen duten arrazakeria kolonialismoaren eta esklabotzaren ondorioa dela. Hau da, urte luzez politika eta lege arrazistak indarrean jarri izanak eragin iraunkorra izan duela. Arrazakeriaren Aurkako Europako Sareak dio politika horiek antzinako potentzia kolonialen hazkunde ekonomikoa indartzeko erabili zituztela. Beraz, txostenak nabarmendu du ondare koloniala ulertzea funtsezkoa dela bidegabekeria historikoak jorratuko dituen politika egiteko, eta, bide batez, EBko politikak aitortu behar duela egungo baldintza ekonomikoen eta antzinako esplotazio kolonialaren arteko lotura.

Azken txosten horrek arrazakeriaren eta diskriminazioaren adibideak eman ditu; bertzeak bertze, soldaten arteko aldeetan eta hipotekak onartzeko orduan. Arrazakeriaren Aurkako Europako Sareak arrazakeriaren aurkako derrigorrezko prestakuntza eskatu du finantza eta datu erakundeentzat eta gizarte ongizaterako politikak diseinatzen dituztenentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.