Koronabirusa munduan

Europan, joan-etorriei bide

Talde komunitarioko estatu kide batzuk hasi dira barne mugak zabaltzen, eta gehienek horretarako data bat dute begiz joa: etzi. Uztailaren 1ean EBko kanpo mugak zabaltzen hastea da asmoa

Europan, joan-etorriei bide.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Txinan sortu zen gaitz ezezagun gisa ezagutu zen COVID-19a, eta, haren kutsatze arriskua behar bezala neurtu aurretik, ohartzerako, Europa osoa zeharkatu zuen, erritmo eta erasate desberdinetan. Mehatxuaz oharturik, herrialdeak neurriak hartzen hasi ziren. Osasun adituen irizpideei jarraitzea izan zen gehienek hautatutako bidea, baina bakoitzak bere modu eta denborak ezarri zituen, eta, nolabait, ezerezean geratu zen estatu kideen arteko balizko talde izaera hori. Normaltasunera itzultzeko fasean, ez zuen gauza bera gertatzea nahi EB Europako Batzordeak, eta ondorioz, mugen irekiera modu mailakatuan eta koordinatuan egiteko estrategia bat landu eta proposatu zuen. Bertan aholkatzen zuen egoera epidemiologiko antzekoak dituzten eremu edo estatu kideen arteko mugak zabaltzen hasteko, bazterketarik gabe, eta, horrela, apurka, barne muga guztiak ireki arte; baita murrizketa oro ezabatzea ere, tartean, berrogeialdia.



Hala, EBk markatu du mugikortasuna erabat librea izateko egun posible bat: uztailaren 1a —espero dute orduan hastea kanpo mugak zabaltzen, «modu mailakatuan»—. Hala ere, herenegun Ylva Johansson Barne Gaietarako komisarioak gogoratu zuen barne mugak hilaren 15ean irekitzeko gomendioa bultzatzen jarraitzen dutela: «Gehienak laster irekiko dira. Baina oraindik badaude ezer egin ez dutenak. Horregatik, dei egiten diegu mugak irekitzeko».

Era horretan, izan dira Batzordeak proposatutako bide orriari jarraitu dioten estatuak, baita euren kasa eta irizpideen arabera kudeatzea erabaki dutenak ere. Maiatzean izan ziren aurrenak urratsak egiten, eta bidera batzen joan zaizkie beste estatu batzuk. Hala ere, herrialde gehienek data komun bat dute begiz joa: ekainaren 15a, datorren astelehena. Orduan zabalduko dituzte talde komunitarioko estatu gehienek barne mugak, eta Schengen eremua, nolabait, indarrean egongo da berriro ere —hainbat herrialde orduan hasiko badira ere zabaltzen, horietako batzuek ez dizkiete Europako Batasuneko kide guztiei irekiko, eta faseka joango dira—.

Ixtekoa ez bezala, bateratuagoa izan da bidaiei bide emateko prozesua. Ordea, detaile eta ñabardura ugari izaten segitzen du herrialde bakoitzaren estrategiak, eta kideen arteko koordinazioa ez da erabatekoa izaten ari, horretarako eskakizunak egin diren arren.

Testuinguru horretan, Baltikoko herrialdeak izan ziren aurrenak turismoa sustatzeko lehen pausoak ematen. «Burbuila» osatzea adostu zuten, eta, horrela, Estoniak, Lituaniak eta Letoniak maiatzaren 15ean zabaldu zituzten elkarren arteko mugak, mugimendu askatasunari bidea emanez. Agintariek zehaztu zutenez, hiru estatuek egoera epidemiologiko antzekoa izatea izan zen erabakia hartzeko gakoa.

Hain justu, Europako herrialde gehienekin alderatuta, kutsatzeen maila apalagoa nozitu dute bertan. Era berean, bidaiariak berrogeialdia betetzera behartzen zituen neurria deuseztatzea hitzartu zuten, nahiz eta mugako kontrolek indarrean jarraitu.

Hortik aurrera, urratsak eginez joan dira, eta Estoniak, esaterako, ekainaren 1ean ireki zituen mugak Europako Batasunarentzat, Schengen eremuko kideentzat eta Erresuma Batuarentzat. Alabaina, neurri jakin batzuk ezarri ditu: hasteko, Estoniara sartu ahal izateko, bidaiariek ez dute COVID-19aren sintomarik izan behar. Horrez gainera, berrogeialdia bete beharko dute baldintza jakin batzuk betetzen ez dituzten estatuetako herritarrek. Herrialdeko kutsatze berrien tasa hartu dute aintzat hori ezarri ala ez zehazteko: hala, eremuan azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko hamabost pertsona baino gutxiago gaixotzea eskatzen dute. Hori ez bada betetzen, herrialdera sartzean bidaiariek bi aste bakartuta egon beharko dute.

Beste biei dagokienez, Letoniak ekainaren 3an ireki zituen mugak, eta Lituaniak, berriz, EBko 27 estatu kideri baimendu zien hara bidaiatzea ekainaren 1etik aurrera.

Halaber, Alemaniak eta Luxenburgok maiatzaren 16an indargabetu zituzten euren arteko mugako kontrolak. Beste aldetik, Hungaria izan zen lehena EEE Europako Esparru Ekonomikokoa ez den herrialde batentzat Schengen eremuan sartzeko debekua ezeztatzen —martxoan sartu zen neurri hori indarrean—. Zehazki, maiatzaren 25etik aurrera Serbiako herritarrei muga zeharkatzeko aukera eman zien, inolako murrizketarik eta baldintzarik ezarri gabe.

Apurka, zabaltzen

Koronabirusak Europa kontinentea gogor jo badu ere, lortu dute, hala nola, gaitza kontrolpean hartzea, eta herrialdeak neurriak arintzen ari dira. Horrek modua eman du estatuen arteko joan-etorriei bide emateko, eta, horren ondorioz, mugak zabaltzen ari direnen zerrenda geroz eta luzeagoa da. Besteak beste, aipatutakoez gain, horien artean daude Bulgaria, Kroazia, Austria, Zipre, Eslovakia, Eslovenia eta Italia.

Batzuek, dagoeneko, Batzordeko estatu kide guztiei baimendu diete euren herrialdera bidaiatzea; beste batzuk, berriz, mugakide dituzten estatuekin edota egoera hoberenean daudenekin hasi dira ateak zabaltzen.

Kroaziaren kasuan, adibidez, maiatzaren 28an ireki zituen mugak, baina soilik hamar herrialderentzat: Eslovenia, Hungaria, Austria, Txekia, Eslovakia, Estonia, Letonia, Lituania, Polonia eta Alemania. Modu horretan, lurralde horietako herritarrek ez dute justifikatu beharko Kroaziara sartzeko arrazoia, eta ez dute bakartuta egon beharko, nahiz eta gobernuak aurreneko hamalau egunetan bakartze soziala betetzeko gomendatu. Prebentzio neurri gisa, estatu kide horietako herritarrek informazio pertsonala helarazi beharko dute: hala nola helmuga edota sakelakoaren zenbakia. Etzi irekiko dizkie mugak gainerakoei.

Austriak, berriz, ekainaren 4an zabaldu zizkien mugak inguruko herrialdeei, Italiari salbu. Aste honetan iragarri dutenez, hilaren 16tik aurrera Europako 31 herrialderi kenduko dizkie bidaiatzeko murrizketak.

Hala, Austriara sartutakoan, estatu horietako herritarrentzat ez da beharrezkoa izango berrogeialdia betetzea, ezta bidaiariek PCR proban negatiboa eman dutela frogatzea ere.

Italiak dagoeneko ireki dizkie mugak EBko estatu kideei: ekainaren 3an egin zuen urratsa, inolako murrizketarik ezarri gabe. Orduan baimendu zuten eskualdeen arteko zirkulazioa ere. Han, kutsatzeen kurba beheranzko joeran egonkortu dute, baina oraindik badaude birusa gogor jotzen ari den eskualdeak ere: Lombardia, kasurako. Hori horrela, batzuek «goizegi» jokatzea egotzi diote.

Zipre ere hasi da jendea hara joatera erakartzeko baldintzak ipintzen. Horrela, hango agintariek ziurtatu dute turista batek uhartean egonda positibo ematen badu gastu guztiak ordainduko dizkiotela.

Etzi

Egutegian markatua dute gehienek ekainaren 15a, hor hasiko baitira herrialde ugari murrizketak ezeztatzen, eta neurriak arintzeko egun hori proposatu du Europako Batzordeak ere.

Horiek horrela, egun horretan irekiko dituzte mugak, besteak beste, Frantziak, Alemaniak, Belgikak, Danimarkak, Suitzak, Herbehereek eta Norvegiak.

Frantziari dagokionez, mugak irekiko ditu, egoera epidemiologikoak horretarako nahikoa berme ematen segitzen badu. Edouard Philippe lehen ministroak iragarri zuenez, printzipioz, ez diete bi asteko berrogeialdirik derrigortuko Europako herrialde batetik datozen bidaiariei. Hala ere, herrialde batek frantziarrei mugak itxi edo berrogeialdia betetzera behartuz gero, modu berean erantzungo dutela jakinarazi zuen. Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugak, ordea, itxita jarraituko du hilaren 21era arte, Espainiako eta Frantziako Barne ministroek adierazi zutenez.

Alemania da ekainaren 15ean mugak irekiko dituen beste herrialdetako bat. Aurretik eman zituen lehen pausoak, baina, data horretan, funtsezkoak ez diren bidaiak ez egiteko ohartarazpena bertan behera utziko du, Erresuma Batura barne. Horrela, mugako kontrolak kenduko dituzte, salbuespen batzuekin, eta ez da beharrezkoa izango berrogeialdia betetzea.

Halaber, Suitzak bere mugak irekiko dizkie Europako Batasuneko eta Schengen eremuko estatu kide guztiei, baita Erresuma Batukoei ere.

Greziak, aldiz, hiru faseko plan bat osatu du, eta data horretan sartuko dira bigarren aldian. Hala, «transmisio arrisku handia dagoen aireportuetatik» bidaiatzen duten herritar guztiei testa egingo diete iristean. Emaitza negatiboa bada, zazpi egun bakartuta egon beharko dute, eta, positiboa balitz, hamalau eguneko berrogeialdia beteko lukete. Gainerako bidaiariek ez dute inolako murrizketarik izango. Uztailaren 1a arte iraungo du fase horrek.

Astelehenean egingo du urratsa Islandiak ere, eta, gobernuak zehaztu duenez, bidaiariei aukera emango die testa egin edo bi asteko berrogeialdia betetzeko.

Turismoa sustatzeko plana abian jarri dute herrialde gehienek, kolpe ekonomikoa arintzeko asmoarekin. Hain zuzen, hori da pandemiaren ondorioz larrien kaltetu den sektoreetako bat, eta pisu handia du ekonomian. Badira, ordea, mantsoago aritzea erabaki dutenak ere, birusaren beste agerraldi bat saihesteko esperantzarekin eta herrialdeko egoerak hala behartuta.

Espainia, esaterako, uztailaren 1ean hasiko da mugak irekitzen, nahiz eta ez duten baztertzen haren menpeko eskualde batzuk lehenago irekitzea. Data hori du buruan Maltak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.