Immigrazioa

Europan ere, odisea amaiezina

Europako mugetara heltzeko, 292.000 migratzailek zeharkatu dute Mediterraneoa. Milakak galtzen dute bizitza, baina Europako kosta zapaldu dutenean ere, ez da haien bidaia amaitzen; Europan, hara eta hona ibili behar dute, geratzeko zortea izango duten itxaropenarekin.

Migratzaileak, Serbiara eramango dituen trenera igotzen, Gevgelijan, Mazedonian, atzo. VASSIL DONEV / EFE.
2015eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Behin eta berriz, aurreikuspenak hausten ditu Europako kostaldera iristen diren migratzaileen kopuruak. NBE Nazio Batuen Erakundeak esan du 292.000 migratzaile heldu direla Europara urtea hasi zenetik, eta abuztuaren amaierarako 300.000 izango direla espero da. Aste batzuk atzera, hilaren amaieran milioi laurden izango zirela iragarri zuen, baina aurreikuspena aise gainditu du errealitateak. Aurreikuspen horren aurretik, beste hamaika egin zituzten bai NBEk eta bai beste hainbat erakundek, baina iragarpenak ere beste hamaika aldiz gaindituak izan dira.

Mediterraneoa zeharkatuta, Italia eta Grezia dira migratzaile ia denak jasotzen dituzten herrialdeak; 108.000 eta 181.000 heldu dira aurten, hurrenez hurren. Dena den, ez da hor bukatzen migratzaileen odisea. Gehienek iparraldeko herrialdeak dituzte helburu, Alemania eta Suedia, kasurako. François Hollande Frantziako presidenteak «inplikazioa, irmotasuna eta elkartasuna» eskatu ditu egoerari aurre egiteko, baina Europako herrialdeek migratzaileekiko hartutako jarrera hobeto islatzen du David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak erabilitako terminoak: «Izurritea». Mahai teniseko pilotak izango balira bezala, Europako iparraldeak eta hegoaldeak batak bestearen eskuetan utzi nahi ditu migratzaileak.

Mediterraneoan bizitza arriskatu ostean, Greziak eta Italiak, inongo kontrolik gabe eta ahalik eta bizkorren, iparraldera bidaltzen dituzte. Baina, aldi berean, iparraldeko herrialdeek hegoaldearen eskuetan utzi nahi dute arazoa. Herenegun, Parisek eta Berlinek migratzaile jarioak kontrolatzeko kontrol guneak aurten eta «atzerapenik gabe» eraikitzeko galdegin zieten Italiari eta Greziari. Migratzaileek hamaika oztopo gainditu behar dituzte iparrerantz egiteko. Erakusle argiena, Hungaria mugan egiten ari den hesia; hil amaierarako, metro eta erdiko burdin hesia jarriko du; azarorako, lau metrokoa. Balkanetan pilatzen ari dira Greziara heldutako migratzaileak. Soilik iragan asteburuan 7.000 lagun igaro ziren Serbiara Mazedoniatik, eta datozen ordu eta egunetan Hungariara helduko dira.

Iparraldea desiratua, hango herrialdeek jasotzen dituzte asilo eskaera gehien. Baina, beste behin ere, erantzuna eskuak garbitzea izan da. Iristen diren gehienak herrialde «ez seguruetatik» datoz; hots, errefuxiatu politikoakdira, eta asilo eskubide osoa aitortzen die EB Europako Batasunak. Baina martxan jarritako kuota politikak ez du lortu EB osoaren artean 35.000 pertsonari asilo ematea; benetako eskaerarekin alderatuta, ezerezaren hurrengoa: soilik Alemaniak 800.000 jasoko dituela aurreikusi du aurten. Eta, noski, gainontzekoak, berriz ere Italiara eta Greziara, Schengen eremura sartu ziren lekura deportatu behar baitituzte.

Hala ere, Mediterraneoa zeharkatzeko saialdian ere Europa zeken agertzen da migratzaileak babesteko garaian. IOM Migrazioen Nazioarteko Erakundearen arabera, urte hasieratik abuztu erdialdera arte 2.390 migratzaile hil dira Europara iritsi nahian; Ameriketako Estatu Batuen mugan, berriz, 133. Nabarmen da munduko igarobide hilgarriena. Hala ere, EBk ez du Mediterraneoko migratzaileak erreskatatzeko berariazko mekanismorik.

2013ko urrian, Italiak Mare Nostrumoperazioa jarri zuen martxan erreskateetarako. Operazioa, ordea, bertan behera utzi zuten urtebeteren ondoren, «garestiegia» zelako Italiarentzat, eta ez zuelako EBren inongo laguntzarik jaso. Horren ostean, Triton eta Poseidonoperazioak jarri zituen martxan EBk, baina horien eginkizuna ez da erreskatea, baizik eta «migrazio irregularra kontrolatu eta giza trafikoari aurre egitea», Frontex Europaren Kanpoko Mugei Buruzko Elkarlanaren Kudeaketarako Agentziak azaldu antzera. Rosa Oterok, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren Espainiako komunikazio arduradunaren laguntzaileak esan duenez,«Frontex aldatu behar da, erreskaterako egokitzeko eta baliabideak eraginkor bilakatzeko».

Europara iritsitako migratzaileen gorakada azaldu du Oterok: «Normalean, desplazatuak ondoko herrialdeetara mugitzen dira». Esaterako, Siriako gatazkak lau milioi errefuxiatu eragin ditu, eta horietako 1,2 milioik Libanon — lau milioi biztanle ditu— bilatu dute babesa. Baina herrialde horiek ez dute errefuxiatuak jasotzen jarraitzeko baliabiderik, eta gainezka egiten dute: «Zure familiarentzat leku hobe baten bila mugitu behar zara, bizitza berreraiki ahal izateko. Leku seguruago batera bidean, askorentzat Europa, bizitza arriskatzen dute askok», dio Oterok.

Udazkeneko eguraldi txarrarekin, saialdiak murriztuko direlaazaldu dute UNHCR eta OIM erakundeek. Halere, Oteroren ustetan ez da soilik urtaro kontua: «Beren seme-alaben bizitza itsasoan arriskatzen duenak beste irtenbiderik ez duelako da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500