OME Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi zuen atzo beste agerraldi handi bat izateko arriskua «handia» dela Europan, eta zehaztu du horren atzean daudela txertatze erritmo motela eta murrizketak arindu izana. «Beste agerraldi bat izateko puntu kritikoan gaude. Pandemiaren erdigunean dago orain Europa, duela urtebete bezala. Gaur dugun abantaila da gehiago dakigula, eta, beraz, gehiago egin genezakeela», adierazi du OMEren Europako arduradun Hans Klungek. Haren esanetan, neurri sozialak hartu ezean, hemendik otsailera bitartean beste 500.000 hildako eragingo ditu pandemiak Europan eta Asia erdialdean.
Negua gerturatu ahala, koronabirus kasuak ere ugarituz doaz, batez ere Europa ekialdeko herrialdeetan. Ukrainan, kutsatzeak azkartu ditu delta aldaerak eta 40 milioi biztanleko herrialdean eguneko 720 hildakoren berri ematen ari dira batez beste azken egunetan. AEBen eta Errusiaren ostean, hildako gehien jakinarazi duen estatua da Ukraina.
Hiru txerto mota jarri ditu Kievek eskuragarri, Pfizer, AstraZeneca eta Txinan egindako CoronaVac, eta 180 txertatze gune ere zabaldu dituzte, baina herritarren %20ra ez da heltzen txertatutakoen kopurua. Gobernuak ahaleginak egin ditu txertatze kanpainak eginez eta txertatu gabeei joan-etorriak murriztuz, baina, hala ere, askok nahiago dute txertatze dokumentu faltsuak erosi —Poliziak ehunka isun jarri ditu orain arte—. Joan den astean beste ahalegin bat egin zuen Volodimir Zelenski presidenteak, eta txertatzeko deia egin zien herritarrei: «Itzali sare sozialak, eta piztu zuen garunak».
Antzekoa da egoera Bulgarian ere. Han 4.922 kasuren berri eman zuten atzo, eta gobernuak jakinarazi zuen 954 pertsona eraman behar izan zituztela erietxera, horietatik %89,9 txertatu gabeak. Europako Batasunean txerto gutxien jarri duen herrialdea da Bulgaria: herritarren %28k soilik hartu dute txerto bat.
Hungarian ere kasuak joan den astearen erdian halako bi dira orain. Gaur bertan 6.268 kasu jakinarazi dituzte osasun agintariek. Gobernuak arindu egin ditu joan-etorrien neurriak: egun, soilik garraio publikoan da derrigorrezkoa maskara erabiltzea. Enpresa arduradunek askatasuna dute langileak txertatzera derrigortzeko, eta erietxerako bisitak, berriz, debekatuta daude.
Erietxeak gainezka
Errumania da Europan txerto gutxien jarri dutenen artean bigarren herrialdea, eta hiru astetik hona egunean 400 hildako baino gehiagoren berri ematen ari dira batez beste —duela hilabete baino %200 gehiago—. Kutsatzeek, berriz, azken orduetan behera egin duten arren, nabarmen ugaritu dira duela hilabeteko datuekin alderatuta.
Bukaresteko Larrialdietarako Unibertsitate Erietxea da herrialdeko handiena eta berriena, eta, hala ere, bertan behera utzi behar izan ditu larrialdikoak ez diren ebakuntza guztiak, eta beste herrialde batzuetara eraman behar izan ditu gaixoak, bertan nahikoa toki eta baliabiderik ez dutelako. Erietxeko arduradunek karpa bat jarri dute eraikinaren kanpoaldean, koronabirusa duten gaixoak artatu ahal izateko. Baina, hala ere, arazo larriak dituzte guztiak hartu ahal izateko.
Koronabirusa
Europan beste agerraldi bat izateko arriskuaz ohartarazi du OMEk
Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi du neurri gehiago hartu ezean 500.000 hildako gehiago eragingo dituela kontinentean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu