Arma inportazioak %155 handitu dira Europan azken bost urteetan

Ukraina da munduan arma astun gehien inportatzen duen herrialdea, SIPRI institutuak kaleratutako urteroko txostenaren arabera. AEBak dira arma gehien esportatzen dutenak; Frantzia da bigarrena.

Ukrainako armadako hiru soldadu tanke batean, otsailean, Kharkiven. SERGEY KOZLOV / EFE
Ukrainako armadako hiru soldadu tanke batean, otsailean, Kharkiven. SERGEY KOZLOV / EFE
maddi iztueta olano
2025eko martxoaren 10a
15:48
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela bi aste hiru urte bete ziren Errusiak Ukrainan inbasioa hasi zuenetik, eta, azkenaldian su eten bat adosteko negoziazio posibleez hitz egin den arren, ezin da ziurtzat jo tregoa bat izango denik. Horregatik, eta AEBetako presidente Donald Trumpek Ukrainako auziaren inguruan hartu duen jarreraren ondorioz, ados jarri dira EB Europako Batasuneko herrialdeak, eta erabaki bat hartu dute: gastu militarra areagotzea. Nolanahi ere, SIPRI Bakearen Nazioarteko Ikerketa Zentroak adierazi duenez gaur kaleratu duen urteroko txostenean, Europa hasia da dagoeneko helburu hori lortzeko urratsak egiten: azken bost urteetan %155 hazi dira arma inportazioak Europan. «Datuek argi erakusten dute Errusiaren mehatxuaren harira ekin diola Europak berrarmatzeari», esan du SIPRIko zuzendari Mathew Georgek gaur zabaldutako dokumentuan.

Txostenean, 2020tik 2024ra munduan egin diren arma inportazioak eta esportazioak aztertu dituzte. Ikerketa horren arabera, epe horretan Ukraina izan da arma astun gehien inportatu dituen herrialdea; inportazio guztien %8,8 dagokio. Arma astunak dira, besteak beste, tankeak, ibilgailu militarrak, misilak eta droneak. Ekipamendu militar hori nondik iristen den ere zehaztu dute: azken bost urteotan AEBak izan dira Ukrainara arma gehien bidali dituen herrialdea (%45); gero, Alemania (%12); eta ondoren, Polonia (%11).

Kievi bakarrik ez, munduko beste 107 herrialderi ere eman zizkien armak Washingtonek 2020 eta 2024 artean. Hau da, arma esportazioen %43 AEBek egin dituzte, eta, azken bi hamarkadetan aurrenekoz, Europara bideratu dute esportazioen zatirik handiena: %35. Datu horiek aintzat hartuta, ez da kasualitatea Europako herrialdeek beren gastu militarra areagotu nahi izatea, Trumpek behin baino gehiagotan ohartarazi baitu Europa militarki babesteari utziko diotela. Horixe bera azaldu du SIPRIko ikertzaile Pieter Wezemanek: «Errusia geroz eta oldarkorragoa da, eta espero da nazioarteko harremanak are gehiago gaiztotzea Trumpen agintaldian; hortaz, NATOko [Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea] kide europarrek erabaki dute neurriak hartuko dituztela beren arma industria indartzeko eta AEBekiko mendekotasuna murrizteko».

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Europa berrarmatzeko plan bat aurkeztu zuen iragan astean, Europa berriz armatuizenekoa. Horren helburua zera litzateke: EB Europako Batasunak 800.000 milioi euro erabiltzea gastu militarra areagotzeko. Horretarako, besteak beste, estatu kideek ez liokete erreparatuko bakoitzaren defizitaren mugari defentsan egindako gastua kontuan hartzean, eta herrialde bakoitzari 150.000 milioi euro emango lizkiokete mailegutan. EBko 27 estatu kideek plan hori aztertu zuten joan den ostegunean, eta onartu egin zuten.

Europak ildo militaristatik jotzea begi onez ikusi du Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik, Europako hainbat agintarik esana baitute Ukrainarako laguntza handituko dutela, hala nola Frantziako presidente Emmanuel Macronek. Hain justu, joan den astean telebista bidez zabaldutako hitzaldi batean azpimarratu zuen ezen, «Errusiaren mehatxua» ikusita, Europak bere burua babestu behar duela, AEBek zalantzak agertu baitituzte Europako «segurtasuna bermatzeari» dagokionez. Paris hasita dago dagoeneko horretarako urratsak egiten: SIPRIk bere txostenean jaso duenez, Frantzia izan da 2020 eta 2024 urteen artean arma gehien esportatu dituen bigarren herrialdea; eta 2015-2019ko epealdiarekin alderatuta, 2020-2024 urteen artean kasik hirukoiztu egin du Europako estatuetara bidalitako arma kopurua.

Europaren antzera, NATOko kideek ere armen inportazioa handitu dute azken bost urteotan; txostenean adierazi dutenez, %105 igo dute 2015-2019ko epealditik 2020-2024kora. Eta kasu horretan ere, AEBek esportatu dituzte arma gehien: erakundeak eskuratutako armen %64 AEBek eman dituzte. NATOko kideek 2014an adostu zuten herrialde bakoitzaren BPG barne produktu gordinaren %2 gutxienez gastu militarrerako baliatzea; halere, kide horietatik —31 dira denera— hemezortzi bakarrik ziren iaz %2tik gora gastatzekoak.

Errusiaren beherakada

Gora egiten ari dira Europako hainbat herrialderen eta AEBen arma esportazioak; Errusiarenak, berriz, nabarmen egin dute behera. 2015-2019 urteetan bildutako datuekin alderatuta, 2020-2024 urteen artean %64 jaitsi dira Errusiaren arma esportazioak. SIPRIko ikertzaileek txostenean jakinarazi dutenez, Moskuren arma salmentek beheranzko joera zuten Ukrainaren aurkako inbasioa hasi baino lehen; 2022tik hona, baina, azkartu egin da joera hori. «Moskuk armagintzan zituen bi harreman komertzial garrantzitsuenak ahulduta zeuden jada 2022. urtea baino lehen: ordurako India hasia zen beste arma esportatzaile batzuengana gerturatzen, eta Txina, herrialdeko armagintzan inbertitzen», azaldu du SIPRIko zuzendariak.

Indiak Errusian ekoizten diren armen %38 inportatzen ditu, baina, gaur zabaldutako txostenaren arabera, azken bost urteotan Frantziaren arma industriara gerturatu da; izan ere, 2020-2024 urteen artean han ekoiztu diren armen %28 inportatu ditu Indiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.