Niger

Europako zenbait herrialde beren herritarren ebakuazioa prestatzen ari dira Nigerren

Estatu kolpearen ondorioz nabarmen okertu da segurtasun egoera. Frantzia izan da bere herritarren ebakuazioa prestatzen lehena, eta europar orori eskaintza egin die.

Hainbat pertsona errepide nagusi batetik oinez Niameyn, Nigerreko hiriburuan, 2023ko abuztuaren 1ean. ISSIFOU DJIBO / EFE
2023ko abuztuaren 1a
19:59
Entzun

Frantziako Atzerri Ministerioak gaur baieztatu duenez, operazio bat prestatzen ari da kolonia ohia den Nigerren dauden 500-600 herritar eta nahi duen europar oro ebakuatzeko. Pasa den asteazkenean Mohamed Bazoum presidentea kargutik kanporatu zuen estatu kolpetik segurtasun egoera erabat degradatu dela esan du ministerioak. Espainiako gobernuak gaur adierazi du baita 70 herritarren ebakuazioa kudeatzen hasi dela. Bestetik, Alemaniak ere aholkatu die bere herritarrei Niger uzteko eta horretarako Frantziak antolatutako hegaldiak hartzeko. Italiak ere hegazkinak bidaliko ditu bertan dauden ehun herritar inguru ateratzeko.

Frantziaren erabakia igandean Nigerreko hiriburu den Niameyko enbaxadari egindako erasoagatik eta Nigerretik irtetea eragotzi dien aire espazioaren itxieragatik hartu dute. Zehazki, duela bi egun, milaka pertsonak harriak jaurti zizkioten Frantziako misio diplomatikoko eraikinari, eta sarreretako bati ere eman zioten su.

Ebakuazio plana gaur egungo Nigerreko agintariekin koordinatuko da, ministerioaren esanetan, baina herrialdetik alde egin nahi dutenak ebakuazio puntura gerturatu beharko dira. Ez dute data konkreturik jarri herritarrak ateratzeko, baina ministeriotik aditzera eman dutenez, «azkar» aterako dituzte zibilak.

Printzipioz, ebakuatuen artean ez lirateke egongo jihadismoaren aurkako borrokarako eta uranioaren erauzketarekin loturiko interes oso indartsuak babesteko Frantziak herrialdean dituen 1.500 militarrak. Beraien lana bertan behera geratu zen, Parisek ahala aginduta, pasa den uztailaren 26an izandako estatu kolpearekiko erantzun gisa.

Bart gauean emandako elkarrizketa batean, Frantziako Atzerri Ministro Catherine Colonnak bere herrialdeak Bazoum presidente kargugabetua berriz ezartzeko egindako deiak berretsi zituen. Estatu kolpea eman duen junta militarrak, CNSP Aberria Babesteko Kontseilu Nazionala bezala ezagutzen denak, astelehenean esan zuen Frantzia esku hartze militarra prestatzen ari zela. Colonnak, ordea, gezurtatu egin zuen hori atzoko elkarrizketan.

Afrika mendebaldearentzat eta Sahelentzat NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren ordezkari berezia den Leonardo Santos Simaok gogor gaitzetsi du estatu kolpea. «Nigerreko Gobernuaren konstituzioaren aurkako aldaketak are gehiago zaildu du okerrera egiten ari den segurtasun-egoera», esan du Simaok. Bestetik, NBEren taldeak pertsona ahulenei laguntzen jarraituko duela dio, eta bere bulegoak Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoarekin tokiko herritarrei laguntzeko duen konpromisoa berretsi du.

Bestalde, NBEko idazkari nagusiaren bozeramaile Farhan Haqek esan du Simaok alde guztiekin hitz egiten jarraituko duela «ordena konstituzionala» berrezartzeko eta «garaipen demokratikoak kontsolidatzeko».

Ecowasaren bileran egon zen joan den igandean ordezkari berezia. Bilera horretan erabaki zuten Nigerrekin harremanak etetea. Gainera, kolpistei ohartarazi zieten zazpi eguneko epea ematen zietela boteretik kendutako Bazoum herrialdeko presidente gisa berrezartzeko, edo bestela, neurria gehigarriak har zitzaketela, eta horien artean ez zela baztertzen indarra erabiltzea.

Momentuz Ecowasek zigorrak ezarri dizkio herrialdeari. Horien artean nabarmentzen dira Nigerren eta UEMOA Mendebaldeko Afrikako Ekonomia eta Diru Batasuneko herrialdeen arteko aireko eta lurreko mugak istea eta Nigerretik ateratzen den edo herrialdera doan edozein aireontzik aireko espaziotik hegan egitea debekatzea. UEMOA eta Nigerren arteko merkataritza eta finantza transakzio guztiak etetea ere aurreikusten dute, petrolio produktuei, elektrizitateari, ondasunei eta zerbitzuei dagozkienak barne.

Burkina Faso eta Mali esku hartzearen aurka

Burkina Fasoko gobernuaren bozeramaile Jean Emmanuel Ouedragogok eta Maliko trantsizio gobernuaren bozeramaile Abdoulaye Maigak atzo Ecowasi jakinarazi zioten elkarrekin eginiko adierazpen batean Nigerren aurkako balizko esku hartzea haien aurkako gerra deklaraziotzat hartuko zutela.

Bi gobernuek esku hartze militar baten «ondorio negargarriak» azpimarratu zituzten, «eskualde osoa ezegonkortu dezaketela» argudiatuz. Zentzu horretan, 2011n NATOk Libian eginiko interbentzioa jotzen dute Sahelen eta Afrika mendebaldean terrorismo islamistaren zabalkundearen erantzuletzat.

Afrikako mendebaldeko zenbait liderrek «indarkeria erabili nahi izatea» eta Nigerri ezarritako zigorrak gogor kritikatu zituzten baita, eta horiek aplikatzeari uko egingo ziotela defendatu zuten «herritarren sufrimendua okertzen» dutelako eta «legez kanpokoak, bidegabeak eta ankerrak» direla argudiatuta. Bestetik, beraien «elkartasuna» adierazi zioten Nigerreko herriari, «bere patua bere esku hartu» duelako eta «bere subiranotasunaren osotasuna bere gain hartu» duelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.