Europako Parlamentuko presidente Roberta Metsolak hitzeman du ganberako tramite legegile «guztiak» berrikusiko dituela, Qatarrekin lotutako ustezko ustelkeria kasuak erakundea zipriztindu duen honetan. «Qatargate auziko akusazioak kaltegarriak dira Europarentzat eta erakundea ordezkatzen dugun guztiontzat», esan du Metsolak. Era berean, horrelakorik errepika ez dadin, erreforma «sakona» egingo dutela jakinarazi du, jokabide kodea eta garatzeko bidean diren herrialdeekiko elkarreraginak berrikusteko. Presidentearen hitzetan, erreforma sorta horren helburua da, besteak beste, ustelkeria salatzaileen babesa indartzea, eurodiputatu ohiei parlamentuko aretoetarako sarbidea kentzea, gardentasun erregistroa nahitaezkoa izatea eta atzerriko gobernuak salbuetsita egoteari uztea. Espero du erreforma datorren urte hasierarako prest egotea.
Metsolak kazetarien aurrean egindako agerraldian nabarmendu du beharrezkoa izango dela «konfiantza berreraikitzea» eta «hutsegiteak zuzentzea»: «Mezu indartsu bat bidaltzen diegu gu ahultzen saiatzen ari direnei». Eta ziurtatu du europarlamentuak «berehala eta erabateko lankidetzarekin» erantzun diola Belgikako agintarien eskaera bakoitzari. Aldi berean, luparen pean dauden tramiteez gain, hala nola qatartarrei bisak emateko salbuespena eta EB Europako Batasunaren eta Doharen arteko abiazio akordioa, parlamentuak «guztia berrikusiko du», gerta daitekeen «edozein presio edo eragin bidegabe» atzemateko. Bide horretan, Europako Parlamentuak ustelkeriaren aurkako ebazpen bat onartu du, besteak beste, organo etiko independente bat eratzeko.
Belgikako Fiskaltzaren aginduz, Poliziak lau lagun atxilotu zituen joan den ostiralean, Qatarrekin lotutako ustelkeria delitu bat egotzita. Europako Parlamentuko presidenteorde Eva Kaili zegoen atxilotuen artean, eta ganberak kargutik kendu zuen herenegun. Bada, Bruselako Lehen Auzialdiko Epaitegiak atzo erabaki zuen haren auzi saioa abenduaren 22ra atzeratzea, eta, beraz, behin-behinean espetxean jarraituko du sozialista greziarrak, baita haren bikotekide eta Europako Parlamentuko aholkulari Francesco Giorgik eta Pier Antonio Panzeri Europako Parlamentuko kide ohiak ere; Italiako GKE gobernuz kanpoko erakunde bateko buru Niccolo Figa Talamancak, berriz, ez.
Hori bai, besoko elektronikoa ezarri diote. Hain justu, Metsolaren esanetan, Qatargate aferan lotura izan duen GKEak «11 pertsona» zituen erregistratuta parlamentuan, «presioa egiteko».
Ikusi gehiago: Qatarrek ukatu egin du europarlamentuko ustezko ustelkeria kasuarekin loturarik izatea
Fiskaltzaren arabera, Qatarrek «diru ugari eta opari esanguratsuak» eskaini dizkie ganberako zenbait kideri, erakunde horren erabakietan eragina izateko. Ustelkeria, dirua zuritzea eta erakunde kriminal batean parte hartzea leporatzen diete Kailiri eta beste hirurei. Hain justu, sozialista greziarraren bikotekide Giorgik «erruduntzat» jo zuen bere burua, atzo, Poliziaren eta epailearen aurrean, Le Soir Belgikako egunkariak jasotakoaren arabera.
Panzeri, ustezko burua
Bestalde, Europako Parlamentuko aholkulariak auziaren burutzat jo zuen Panzeri. Poliziak hamasei etxe miatu zituen iragan ostiralean, Bruselan, eta, sarekadan, 700.000 euroz betetako poltsa bat eta zenbait ordenagailu eta sakelako konfiskatu zituen. Gainera, Panzeriren emaztea eta alaba atxilotu dituzte Italian, eta Belgikak haiek entregatzeko eskatu du.
Italiar gazteak, halaber, beste bi eurodiputatu sozialdemokrata ere seinalatu ditu: Marc Tarabella belgikarra —haren etxea miatu zuten ikerketaren esparruan, baina aske geratu da— eta Andrea Cozzolino italiarra —Giorgik haren laguntzaile gisa lan egiten zuen—.
Le Soir egunkariak gaineratu duenez, Giorgik ez du Maria Arena europarlamentari belgikarra seinalatu. Oraingoz, ez dute haren aurkako Polizia operaziorik abian jarri, baina Giorgik jakinarazi du Europako ganberan parte hartu duen bat ere auzian zipriztinduta dagoela.
Ikusi gehiago: Europako Parlamentuak kargutik kendu du ganberako presidenteorde Kaili
Kaili Europako Parlamentuko hamalau presidenteordeetako bat zen 2022ko urtarriletik, baina, ustezko ustelkeriaren auziaren ondorioz, Atenasko aktibo guztiak izoztu dizkiote eta Greziako Pasok Mugimendu Sozialista Panheleniarreko bazkidetza ezabatu diote, baita talde sozialdemokratatik kanporatu eta Europako Parlamentuko presidenteorde kargutik kendu ere. Halere, erabaki horrek ez dio eragotzi Kailiri eurodiputatu gisa eserlekuan jarraitzea, immunitate parlamentarioak babesten baitu.
Bestalde, Europako ganberako presidenteorde ohiaren abokatu Mikhalis Dimitrakopulosek adierazi duenez, EBko diplomaziaburu Josep Borrellek eta Europako Batzordeko Barne komisario Ylva Johanssonek jarri zuten abian 2019an Persiar golkoko herrialdetara joateko plana, eta Kailik bide horri heldu zion, besteak beste Qatarrekin eta Kuwaitekin elkarlanean aritzeko, baita Omanekin ere.