Europako Parlamentuko presidenteorde bat atxilotu dute, ustelkeria egotzita

Bost lagun atxilotu dituzte guztira. Poliziaren arabera, Qatar Europako Parlamentuan hartzen dituzten erabaki politiko eta ekonomikoetan eragina izaten ahalegindu zen, besteak beste, atxilotuen bidez.

Europako Parlamentuak Estrasburgon (Frantzia) duen egoitza. EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko abenduaren 9a
21:26
Entzun

Belgikako Poliziak bost lagun atxilotu ditu gaur, ustelkeria egotzita. Horietako bat Eva Kaili da, Europako Parlamentuko hamalau presidenteordeetako bat, eta parlamentuko mahaiko «erantzukizun sozial instituzionalaren» arduraduna. Belgikako Polizia ikertzen ari den ustezko ustelkeria kasu baten testuinguruan atxilotu dute Kaili. Uztailean abiatu zuen ikerketa, eta Poliziaren arabera, Qatar Europako Parlamentuan hartzen dituzten erabaki politiko eta ekonomikoetan eragina izaten ahalegindu zen, besteak beste, atxilotuen bitartez. «Diru kopuru handiak eta opari garrantzitsuak eskaini zizkieten Europako Parlamentuaren barruan leku politiko eta estrategiko garrantzitsua zuten pertsonei», azaldu du Belgikako Fiskaltza Federalak.

Fiskaltzak «Golkoko herrialde bat» aipatu du oharrean, baina iturri ofizialak kontsultatu ostean, Belgikako Le Soir eta Knack hedabideek berretsi dute Munduko Kopa antolatu duen herrialdea dela ikertu dutena: Qatar.

Eva Kaili greziarra da, eta sozialisten talde parlamentarioko kide. Pasok Mugimendu Sozialista Panheleniarra Greziako alderdi sozialdemokratak adierazi du ja alderditik kanporatu dutela. Beste lau atxilotuek ere lotura dute ganberarekin. Eurodiputatu ohi bat dago —Antonio Panzeri italiarra, sozialisten taldekoa izandakoa—, Sindikatuen Nazioarteko Konfederazioko presidente Luca Vinsentini, baita Kailiren bikotekidea eta lobbysta bat ere. Behin-behinean atxilotu dituzte, eta epailearen aurrean deklaratu beharko dute.

Poliziak jakinarazi duenez, erregistroetan 600.000 euro aurkitu dituzte, eskudirutan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.