Europako Parlamentuak onetsi egin du Von der Leyenen talde berria

Europako Batzorde berria datorren abenduaren 1ean hasiko da lanean. Aldeko 370 boto lortu ditu, kontrako 282, eta abstentzioa eman dute 36 parlamentarik.

Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen. RONALD WITTEK / EFE
Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen. RONALD WITTEK / EFE
maddi iztueta olano
2024ko azaroaren 27a
12:46
Entzun

Alde txikiarekin, baina, azkenean, Europako Parlamentuak onetsi egin du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak aurkeztutako komisarioen taldea. Europako Batzorde berriaren alde bozkatu dute 370 parlamentarik, aurka egin dute 282k eta abstentziora jo dute 36k. Horiek hala, Von der Leyenen taldea datorren igandean, abenduaren 1ean, hasiko da lanean. Batzordeko presidentearen hitzetan, 26 komisariok osatutako taldeak «zentrotik egingo du lan», eta adierazi du «guztiaren gainetik batuta» jarraitzea eta EBren «balioei eustea» izango duela beren lan nagusia.

Bozketaren aurretik, datorren agintaldian bultzatu asmo dituen politiken inguruan hitz egin du Von der Leyenek, eta irmo esan du zein izango duen lehentasuna: «Europaren segurtasuna bermatzea». Haren arabera, horretarako «ezinbestekoa» izango da talde komunitarioaren gastu militarra areagotzea, baita NATO Ipar Atlantikorako Erakundearekin «elkarlanean» aritzea ere. Are, Errusiarekin egin du alderaketa: «Errusiak bere barne produktu gordinaren %9 bideratzen du herrialdearen defentsara; Europak, berriz, %1,9». Horrekin lotuta, nabarmendu du Europako Batzordearen talde berriak lehentasunetako bat izango duela Ukraina estatu kide bihurtzeko urratsak egitea.

Egun abian dauden beste gatazka batzuk ere aipatu ditu Europako Batzordeko presidenteak, hala nola Palestinakoa. Bada, iritzi dio EBk «rol handiago bat» izan beharko lukeela «erronka horien aurre egiteko», eta esan du «inoiz baino garrantzitsuagoa» izango dela talde komunitarioaren atzerri politikako aferetan laguntza humanitarioa eta giza eskubideak aintzat hartzea. Estoniako lehen ministro ohi Kaja Kallas (2021-2024) izango da hurrengo EBko diplomaziaburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.