Europako Parlamentuak onartu du ekosistemen %20 leheneratzea 2030erako

Europarlamentuak bide eman dio Natura Leheneratzeko Araudiari. Alderdi Popularrak kontrako botoa eskatu du, nekazarientzat kaltegarria izango dela argudiatuta.

FRANCE EU PARLIAMENT
Europako Parlamentuko ordezkari talde bat, Natura Leheneratzeko Araudiaren alde bozkatzen, iazko uztailean, azken negoziazioen aurretik. JULIEN WARNAND / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko otsailaren 27a
13:00
Entzun

Natura hiltzen ari da. Zientzialariek ohartarazi dutenez, inoiz baino abiada azkarragoan. Horren erakusle da Europan ekosistemen %80 egoera kaskarrean daudela, eta lurren %70 pobretuta. Naturaguneen galera eten nahian, eta egoera iraultzeko helburuarekin, EB Europako Batasunak Natura Leheneratzeko Araudia ezarriko du indarrean. Europarlamentuak gaur goizean onartu du Europar Kontseiluarekin adostu zuen testua, eta orain soilik falta da azken horrek akordioari formalki bide ematea. Hori eginda, batasunak konpromisoa hartuko du lur eta itsas eremuen %20 leheneratzeko, 2030. urtea baino lehen.

Araudiaren zenbait muga kritikatu arren, egitasmoa mugarritzat jo dute zenbait elkarte ekologistak. Garaipen gisa ospatu dute gaurko bozketaren emaitza, ikusitakoak ikusita. Proiektua baztertua izateko mehatxupean egon baita azkenera arte. EAP Europako Alderdi Popularrak egitasmoaren aurka bozkatzera deitu zituen atzo bere taldeko kideak, eta horrek alarma guztiak piztu zituen. Azkenean, aldeko 329 boto jaso ditu, kontrako 275, eta abstentzioak 24. Orain, estatu bakoitzak ekosistemak leheneratzeko plan bat ondu beharko du.

2030erako helburuaz gain, araudiak jaso du estatuek leheneratze politikak jarri behar dituztela martxan, 2040a baino lehen, ekosistema kaltetuen %60tan, eta horien %90etan, 2050erako. Akordioak bestelako xede batzuk ere ezarri ditu: intsektu polinizatzaileen galera etetea, basoetan uzten diren zuhaitz hilen egur kopurua handitzea, hirietan berdeguneak hedatzea eta ibaietan oztopo artifizialak ezabatzea.

HELBURU NAGUSIak

  1. Ekosistemak: Lur eta itsas eremuen %20 leheneratzea 2030erako, ekosistema kaltetuen %60, 2040rako, eta horien %90, 2050erako.

  2. Polinizatzaileak: Populazioaren gainbehera etetea 2030erako, eta polinizatzaile kopurua monitorizatzeko neurriak.

  3. Basoak: Hazkunde joera lortzea basoan utzitako egur hilaren kopuruan, adin tarte desberdinetako basoen hedaduran, horien arteko loturetan eta karbono organiko erreserbetan.

  4. Hiriguneak: Berdegune kopurua ez murriztea 2030erako, eta horien hedatzerako helburuak finkatzea 2040rako eta 2050erako.

  5. Nekazaritza lurrak: Landa eremuko tximeleten eta txorien kopurua handitzea, baita biodibertsitatea handitzeko elementuena ere —lore sailak, zuhaixkak, fruta arbolak...—.

  6. Ibaiak: Ur ibilguaren oztopo artifizialak kentzea, 2030ean oztoporik gabeko ibai tarteak gutxienez 25.000 km izan daitezen.

Egitasmoaren ezarpena eraginkorra izan dadin, zer baldintza bete beharko lituzkeen aztertzeko ikerketa batean parte hartu du Angel Borja Aztiko zientzialariak. Borja aditua da itsasoko eta kostaldeetako inguruen kudeaketan, eta EBren ingurumen politiken ezarpenean esperientzia duten beste zientzialari batzuekin batera aritu da elkarlanean. Haren iritziz, araudiak ezartzen dituen helburuak «anbizio handikoak» dira.

Borjaren esanetan, Europan halako araudiak egiten direnean, tarteko helburuak jartzen dira estatuak mugitzen has daitezen. «Soilik 2050erako helburuak jarriz gero, agintean daudenek pentsa dezakete oraindik asko falta dela ordurako, eta hurrengo agintariek hartuko dituztela behar diren neurriak. Baina tarteko helburuekin zera lortu nahi da, neurriak martxan jartzea; nahiz eta, agian, helburu batzuk lortzeko oso zailak izan. 2024an egonik, 2030erako helburuekin politika batzuk abian jartzen badira, errazagoa izango da 2050erako helburua lortzea».

Eskuinaren galga

Egitasmoa bertan behera gelditzeko zorian izan zen joan den azaroan, EAPren presioaren ondorioz. Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko buruaren alderdiak gogor kritikatu zuen proposamena. Azken bozketarako ere, Alderdi Popularrekoek bat egin dute talde kontserbadorearen, eskuin muturraren eta talde liberaleko zenbait parlamentariren aurkako jarrerarekin, hain justu, Europako hauteskundeen atarian, inkestek eskuin muturraren goranzko joera erakusten duten honetan. Ultraeskuinak oihartzuna eman die zenbait nekazari eta abeltzain elkarteren kezkei, eta Bruselaren ingurumen politikei leporatu die lehen sektorearen arazo askoren errua. Hala ere, EAPko ordezkari multzo batek egitasmoaren alde bozkatu du.

Onartu den testuak aldaketa esanguratsuak izan ditu hasierakoaren aldean. Eskuineko indarrek negoziazioetan behartu dute Europar Batzordearen proposamena urardotzera. Ekologistek salatu dutenez, nekazaritza industrialari lotutako lobbyen zerbitzura aritu dira. Azkenean, araudia bertan behera gera ez zedin, zenbait moldaketa zituzten europarlamentuak eta Europar Kontseiluak —batasuneko estatuak ordezkatzen dituenak—. Azken emaitzak «hobekuntza nabarmenak» izan ditu, EAPren iritziz; nagusiki, leundu egin zirelako natura babesteko zenbait neurri. Horien artean, ezabatu egin dute nekazaritzarako lurren %10 biodibertsitatea handitzeko elementuentzat gordetzea —lore sailak, zuhaixkak, fruta arbolak...—, eta Nekazaritza Politika Bateratuko diru funtsaren zati bat ingurumen politiketara bideratzeko derrigortasuna. Horrez gain, ekosistemen leheneratzea Natura 2000 sarea osatzen eremuetatik hastea adostu dute.

Talde ekologistengan kezkarik handiena piztu du onartu den araudiak, uste baitute «larrialdi galga bat» aurreikusten duela estatuentzat. Hau da, estatuek aukera izango dute araudia ez ezartzeko, baldin eta beren elikagai ekoizpena arriskuan dagoela irizten badiote. Geldialdia urtebetekoa izango litzateke.

Araudiak «larrialdi galga bat» aurreikusten du. Harekin, estatuek aukera izango dute naturaguneak leheneratzeari uzteko, elikagai ekoizpena arriskuan dagoela uste badute

Natura Leheneratzeko Araudiaren kontrako presioek milaka zientzialariren erantzuna eragin zuten. «Ebidentzietan oinarritutako eztabaida» eskatu zuten 6.000 ikertzailek baino gehiagok agiri batean, eta «desinformazio kanpaina» salatu. Dokumentu horretan, araudia kritikatzeko erabili diren argudioak gezurtatu zituzten. Besteak beste, egitasmoak elikagai produkzioa murriztera behartuko duela, eta elikadura segurtasuna arriskuan jarriko duela.

Iritzi berekoa da Borja ere. «Ingurumenak ondo egon behar du harengandik modu jasangarrian onurak jasotzen jarraitzeko. Izan nekazaritzan, arrantzan, baina baita ingurumenean gozatzen segitzeko ere, gure osasunerako eta ongizaterako». Arriskua kontrakoa dela ziurtatu du. «Ingurune hondatuak, leheneratzen ez badira, kaltegarriak dira guretzako, luzera begira, eta luze gabe ere bai. Azken finean, biodibertsitatea da guztiaren oinarria. Ez soilik ekosistemena, baita guk horietatik ateratzen dugun onurena ere».

Naturaguneak leheneratzea, beharrezkoa ez ezik, errentagarria da, Europako Batzordearen esanetan. Haren datuen arabera, ekosistemak leheneratzeko inbertitzen den euro bakoitzeko lau eta 38 euro arteko itzulera jasotzen da, besteak beste, inbertsio horiek laguntzen dutelako muturreko fenomeno meteorologikoen kalteak gutxitzen eta planetaren berotzea apaltzen.

«Ingurumenak ondo egon behar du harengandik modu jasangarrian onurak jasotzen jarraitzeko. Izan nekazaritzan ala arrantzan. Baina baita ingurumenean gozatzen segitzeko ere, gure osasunerako eta ongizaterako».

 ANGEL BORJAAztiko ikertzailea

EBk nazioartean hartu dituen konpromisoak betetzeko erreminta ere izan nahi du araudiak. 2022ko abenduan, biodibertsitatea babesteko nazioarteko itun bat adostu zuten estatuek; Kunming-Montreal izena du. Itun horretan, estatuek konpromisoa hartu zuten munduko lur eremuen, ur kontinentalen eta kostaldeen gutxienez %30 eremu babestu izendatzeko, eta horien kontserbazioa bermatzeko. Gaur-gaurkoz, munduko lurren %17 eta itsas uren %10 dago soilik babespean.

Lehentasunezko ekosistemak

Araudiak natura eremuen leheneratzea kontrolatzeko zenbait kontzeptu zehazten ditu. Esaterako, zer baldintza bete behar diren ekosistema baten kontserbazioa bermatzeko, edo habitatek gutxieneko zer ezaugarri izan behar dituzten espezieak beren kabuz gara daitezen. Horrez gain, ekosistema bakoitzerako helburu bereiziak ezartzen ditu, izan mendietakoak, basoak, itsas ekosistemak, ur gezetakoak ala urbanoak. Helburuak desberdinak dira horietako bakoitzaren kalteen arabera ere.

Lehenik eta behin leheneratu beharreko ekosistemen artean, araudiak aipamen berezia egin die hezeguneei, karbono dioxido kopuru handiak xurgatzeko gaitasuna dutenez, ekarpen handia egin dezaketelako Lurraren berotzea mugatzeko orduan. Itsas ekosistemetan, bereziki garrantzitsuak dira uretako larreak. «Hemen badugu ur landare bat, zostera noltei izenekoa. Landare horrek karbono dioxidoa xurgatzen du, eta lur sedimentuetan biltegiratzen du», azaldu du Borjak. Nabarmendu duenez, halako ur larreak leheneratuz gero, lurraldeak gaitasun handiagoa izango du klima larrialdiaren ondorioak gutxitzeko.

Zostera noltei larreak Bidasoako, Okako eta Leako estuarioetan aurkitu daitezke, eta Aztitik proiektu batzuk garatu ditu landarea leheneratzeko inguru gehiagotan. «Lehen estuario guztietan zegoen, eta galdu egin zen, kutsaduragatik eta gizakiaren esku hartzeagatik. Oraingoz, badirudi proiektuek dezenteko arrakasta izan dutela Butroe eta Oria ibaietan».

Aztik bultzatu dituen leheneratze programen gisakoak ezinbestekoak dira EBk 2050erako karbono neutraltasuna lor dezan. IEEP Europako Ingurumen Politiken Institutuak argitaratutako ikerketa baten arabera, ekosistema pobretuak leheneratuz gero, EBk 300 milioi karbono dioxido gehiago xurgatuko lituzke urteko. Hau da, Espainiak urtero isurtzen duenaren beste. Ekosistemak leheneratzea hamarkadetako lana da, ordea. Horregatik, neurriak berehala hartzen hastearen garrantziaz ohartarazi du IEEPk, eta estatu kideei dei egin die ahal bezainbat politika martxan jartzeko 2030 urtea baino lehen, egiteko guztiak 2040rako edo 2050erako utzi gabe.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.