Europako Parlamenturako hauteskundeek EB Europako Batasuneko paisaia politikoa ordenatu dute berriz ere. Duela bost urte albiste izan ziren, batetik, bipartidismoak lehen aldiz gehiengo osoa galdu zuela; eta, bestetik, ekologistek gora egin zutela. Aurten, berriz, bestelakoa izango da indar oreka: ganberak eskuinera egingo du nabarmen, EAP Europako Alderdi Popularrak bozak berriz irabazi eta ordezkaritza handitu duelako, eta, batez ere, ultraeskuineko indar politikoek gora egin dutelako. S&D Sozialisten eta Demokraten Aliantza Progresistak eta RE Renew Europeko liberalek, berriz, behera egin dute, baina Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak azken legegintzaldian izan duen gehiengo osoa —kontserbadoreek, sozialistek eta liberalek osatzen dutena— ez dago kolokan.
Behin-behineko emaitzen arabera, EAPk 720 aulkietatik 191 izango ditu —hamabost gehiago—, eta haren atzetik geratuko dira S&D, 135 eserlekurekin (-4), eta RE, 83 eurodiputaturekin (-19); hori bai, behera egin arren, liberalak oraindik ere hirugarren indarra izango dira Europako Parlamentuan. Hortaz, hiru horien ordezkaritzak gehituz gero, Von der Leyenek segurtatuak ditu aulkien %56, eta, beraz, Europako Batzordeko presidente karguan jarraituko du.
REren atzetik geratu da ECR Europako Kontserbadoreak eta Erreformistak —alderdi ultrakontserbadoreek eta ultraeskuindarrek osatzen dute—, eta emaitza hori da eskuin muturrekoen gorakadaren erakusleetako bat; ECR seigarren indarra izan zen joan den legegintzaldian, eta orain laugarrena izango da, 71 aulkirekin (+2). Horren ondoren dago, hortaz, ID Identitatea eta Demokrazia, eskuin muturreko beste alderdi batzuek osatzen duten taldea; IDri dagokionez, 57 eurodiputatu dira (+8). Eta hori aintzat harturik AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdia jada ez dagoela talde parlamentario horretan, duela gutxi bota baitzuten, muturrekoegia zelakoan.
Hain justu, AfDren emaitzak eta, besteak beste, Hungariako Fidesz Demokrata Gazteen Federazioak jaso duen babesa ere kontuan hartu behar da ultraeskuinekoen gorakada neurtzeko, inskribatu gabekoen multzoan baitaude egun; horiek horrela, eskuin muturrekoek, behin-behineko emaitzen arabera, aulkien laurdenak dituzte. Ikusteko dago, beraz, datorren legegintzaldian nola osatuko dituzten Europako Parlamentuko talde parlamentarioak, eta bi alderdi horiek zeinen parte bilakatzen diren. EAPk, gainera, erabaki beharko du zer egin: S&Drekin eta RErekin jarraitu, ala eskuinean dituen alderdietako batzuekin aliatu, Von der Leyenek berak kanpainan iradoki duen modura.
Erlazionatuta
Hori izango baita datozen asteetako eztabaidetako bat, eta buruzagien arteko negoziazioen erdigunean egongo dena. Eskuin muturrekoek pisu handiagoa izango dute, EBko estatu kide askotan gora egin baitu haien aldeko boto kopuruak; are, alderdi ultraeskuindar guztien ordezkaritzak gehituz gero, bigarren indarra dira ultraeskuindarrak, 150 bat aulkirekin.
Eskuin muturrekoen gorakada kolpe bat da europazaleentzat, baina hazkunde hori mugatua izan da kanpainan esandakoekin eta esperotakoekin alderatuz gero. Finean, ez da ultraeskuindarrek EBren egunerokoan eragina eta pisua izateko nahi zuten adinakoa izango. Hori bai, azken bi hamarkadetako goranzko joerari eutsi diote, eta hori, bere horretan, kezkarako arrazoia da talde komunitarioan.
Besteak beste, alderdi horiek indartsu aritu baitira EBko sei herrialderik garrantzitsuenetan: ehun eurodiputatu inguru lituzkete Alemaniako, Espainiako, Frantziako, Herbehereetako, Italiako eta Poloniako ordezkaritzak gehituz gero; eta soilik horiekin Europako Parlamentuko hirugarren indarra dira.
Eskuin muturra garaile bost estatutan
Behin-behineko emaitzak estatuka aztertuz gero, eskuin muturrak Austrian —FPO Austriako Askatasunaren Alderdia—, Belgikan —VB Interes Flandriarra—, Frantzian —RN Batasun Nazionala—, Hungarian —Fidesz— eta Italian —FdI Italiako Anaiak— irabazi ditu Europako Parlamenturako bozak.
%51Parte hartzea zenbatekoa izan den. Europako Parlamenturako hauteskundeetako parte hartzea %51koa izan da, behin-behineko datuen arabera; 2019an %50,66koa izan zen.
Gainera, ultraeskuinekoak bigarren indarra izan dira Alemanian —AfD—, Herbehereetan —PVV Askatasunaren Aldeko Alderdia— eta Polonian —PiS Legea eta Justizia—, eta beste hainbatetan gora egin dute; tartean, Espainia —Vox hirugarrena izan da—.
Europako Parlamentuaren beste aldean, Berdeak-EFA Europako Aliantza Librea eta GUE/NGL Europako Ezker Unitarioa/Ezker Berde Nordikoa talde parlamentarioek ordezkaritza txikiagoak izango dituzte datorren legegintzaldian: Berdeak-EFA talde parlamentarioak 53 eserleku izango ditu (-19), eta GUE/NGLk, 35 aulki (-2).
Ordezkaritzarik handiena duten alderdiak eta koalizioak:
- CDU/CSU (Alemania, EAPkoa): 31 eserleku (+2).
- RN (Frantzia, IDkoa): 30 eserleku (+7).
- FdI (Italia, ECRkoa): 23 eserleku (+18).
- PP (Espainia, EAPkoa): 22 eserleku (+9).
- PSOE (Espainia, S&Dkoa): 20 eserleku (-1).
- PD (Italia, S&Dkoa): 19 eserleku (=).
- KO (Polonia, EAPkoa): 19 eserleku (+7).
- PiS (Polonia, ECRkoa): 19 eserleku (-2).
- AfD (Alemania, talderik gabea): 16 eserleku (+5).